AKTUALITATEA


| 2026-06-05 10:22:00

EAJk eta PSEk 2027rako tasei eta zergei buruz egin duten proposamena aztertu ondoren, EH Bildutik tamalez diogu ‘zaharrak berri’. Ez da, adibidez, justizia sozialean inolako aurrerapenik egin, eta hori marra gorria da, izan ere EH Bildun aukerak sortu nahi ditugu, gizarte justuago eta berdinzaleagoa nahi dugu. Zentzu horretan, proposamen fiskala ez da ez arduratsua ez ‘moderatua’.

Jabi Vitoria zinegotziak ostiral honetan eskainitako agerraldi batean, EH Bilduk bere jarrera azaltzeaz gain, Insaustiren exekutiboaren proposamena hobetzen saiatzeko erregistratu dituen hamaika arau-proposamenen eta bi zuzenketa aletu ditu.

Kalitatezko zerbitzu publikoak eguneratzea, herritarrengandik hurbilen dagoen erakundearen bideragarritasuna bermatzea, ahalegin fiskala banatuz pertsonei lehentasuna ematea eta diru-sarrera gutxien dituzten kolektiboei hobariak emanez progresibitatea sartzea dira EH Bilduren fiskalitatearen oinarriak.

Arduragabea dela diogu ez duelako kontuan hartu datorren urterako espero den zerga turistikoaren eragina. Izan zezakeen inpaktu ekonomikoa kontutan ez hartzearekin (8 eta 12 milioi euro artean aipatu ziren), Insaustik ahalegin fiskala donostiarrengan jarri du.

«Eta alde batera utzi da zerga honen eragina, nahiz eta, ziur asko, astebete barru onartuko den eta 2027an errealitate izango den. Eta horretarako ibili nahi al zuen alkateak korrika eta presaka? Ahalegin fiskala donostiar guztiengana bideratzeko, turistei ezarritako zerga kontuan hartu gabe? Akaso ez zuen baieztatu etxerako lanak eginak zituela?», galdetu dio bere buruari Vitoriak.

EAJ-PSEren Gobernuak 2027an kalitatezko zerbitzuak eta konprometituta dituen inbertsioak mantentzeko beharrak kalkulatzen ditu, eman daitezkeen diru-sarrerak ere aurreikusiz, batez ere FOFIM bidez. Eta zergak eta tasak eguneratuz lortu beharreko baliabide-premia gehigarria 3,5 milioi ingurukoa dela kalkulatzen bada ere, ez ditu kontuan hartzen turismo-zergaren bidez gutxienez lor ditzakeen 8 milioiak; kopuru hori behar denaren bikoitza da, eta, argi eta garbi, ahalegin fiskala modu justuago batean birbanatzeko aukera ematen du.

«Hau ez da arduratsu aritzea -esan du Vitoriak-. Eta ez du balio esatea zerga oraindik ez dela onartu Batzar Nagusietan eta horregatik ez dela aurreikusi. Itxaron zezaketen, iaz uztailean egin baitzuten, eta zerga turistikoa ere txertatuko zuen fiskalitate proposamena egin. Zertara dator presa hau? Zergatik aurreratu da izapidetzeko garaian bagaude? Zenbat da zerga honengatik kalkulatzen den diru-bilketa? Ez al zeuden etxeko lanak eginda? Zerga hau kontuan hartu gabe ez da arduratsua hiri honentzako egin den bezalako fiskalitate proposamen integral bat egitea».

Berme juridikoa

Eta proposamen arduratsua ere ez da, ez baitu kontuan hartu OHZren aldaketa, astebete barru Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere onartuko dena. Horrek foru-arau berri bat ekarriko du, aurrekoa indargabetuko duena, hain zuzen ere. Berme falta aipatu nahi dugu, Donostiako zerga-proposamena iraungiko den arauaren baitan egin baita.

Zentzu honetan ere, Insaustiren Gobernuak presaz jokatu du. Egoera dela eta, udal taldeek proposamenak aurkeztu behar izan ditugu foru arau baten arabera. Foru arau hori aste bete barru indargabetuko da, eta, beraz, ez da indarrean egongo 2027rako.

«Horren adibide dira guraso bakarreko familiak, egungo foru-arauarekin OHZren ordainketan hobaririk ez dutenak, gaur egungo idazketan hobariak familia ugarietara mugatzen baitira. Hala ere, foru-arau berrian sartzen dira, eta, beraz, hobaria jaso dezakete zerga hori ordaintzerakoan, betiere ahalmen ekonomikoa kontuan hartuta. Batzar Nagusietako taldeen artean transakzionatutako eta Batzordean onartutako zuzenketa da, beraz, datorren astean behin betiko onartuko da eta 2027an indarrean egongo da», zehaztu du Vitoriak.

Segurtasun juridikorik eza agerikoa da, eta EH Bildurentzat hori ez da arduratsua.

Eta arduragabekeria da ordenantza fiskalak aldatzeko espedienteak ez duelako genero-eragina ebaluatzeko txostenik. Beharrezkoa da udal-ordenantzek emakumeengan eta gizonengan dituzten ondorio desberdinak aztertzea; izan ere, ikuspegi politikotik, beharrezkoa da genero-ikuspegia ordenantza fiskaletan txertatzea. Ordenantza fiskalak ez dira neutroak, generoa ere badute. Ezarritako tarifek eta hobariek emakumeengan eta gizonengan duten eragina aztertu behar da, hain zuzen ere, egon litezkeen desberdintasunak identidikatzeko.

Hiru elementu horiek agerian uzten dute Udal Gobernuaren proposamenaren arduragabekeria, presaren eraginez. EH Bildutik ezin dugu ontzat eman % 2,3ko igoera orokortua. Berriro ere, EAJk eta PSEk ez dute progresibitatearen arloan inolako aurrerapenik sartu, eta gobernu honek, berriro, ez du esaten duena egin, nahiz eta araua argia den tasei eta zergei dagokienez, gaitasun ekonomikoa ezartzen baitu hobariak ezartzeko irizpide gisa.

«EAJren eta PSEren Udal Gobernuaren proposamen nagusia ezin da berriro ere Donostiako familien ahalegin fiskalean zentratu, hiri honetako bizikidetza-unitateetan, aurreko urteetan bezala. Adibidez, Insaustiren proposamenak aurrera egiten badu, OHZrako legegintzaldiaren balantzea % 21,44ko igoerarekin amaituko da, saneamenduaren igoera % 18,34koarekin eta zaborrarena % 44,38koarekin. Donostiako zenbat etxe-ekonomiek izango dituzte beren diru-sarreretan igoerak proportzio horietan? EH Bilduk ez du ulertzen nola hitz egin dezakeen Insaustiren gobernuak igoera "moderatu" batez».

Herritar guztiei eta, beraz, haien oinarrizko ekonomiari eragiten dieten tasei eta zergei dagokienez, izoztea proposatzen dugu. Era berean, aurten, arau-proposamen bidez, zerbitzu horietan ordainketa-ahalmenaren printzipioa kontuan har dadin berretsi dugu, funtsezkoa baita hobariak ezartzeko.

Ezin dugu ahaztu, eta ez dugu ahaztu behar, hazkunde ekonomikoak desberdintasunaren hazkundea ere badakarrela zoritxarrez. Gure ustez, zailtasun ekonomiko gehien pairatzen ari direnek aukera izan behar dute zerga-politika horiei lasaiago aurre egiteko.