AKTUALITATEA


| 2022-01-04 12:42:00

Jakina denez, urtarrilaren 1ean, Eguzki talde ekologistak Urumean, Mundaizko eta Maria Kristina zubien artean, urpeko zabortegi bat agertu dela salatu zuen. Irudietan ikusi daitekeen bezala, somierrak, aulkiak, bizikletak, arropa lisatzeko mahaiak, sukaldeak, hamabost bat komun eta beste hondakin asko pilatu dira ibaian.

Gauzak horrela, eragileek udalari zein Kosta Zerbitzuari eskatu diete zabortegia lehenbailehen garbitu dezatela. Aldi berean, ibaira hondakinak inolako kontrolik gabe eta zigorrik gabe bota dituzten norbanakoak aurkitzeko eskaera egin diete, legez kanpoko hondakinak ibaira berriro ez botatzeko zaintza zorrozteko eskaerarekin batera.

Urtarrilaren 4ean, udal gobernuko ordezkari batek prentsan adierazi duenez, Hiri Mantenuko Zuzendaritzak aurrekontua eskatu du eremuaren garbiketa egiteko, baina garbiketaren ardura URA Euskal Agentziarena dela azpimarratu du.

Zinegotziaren arabera, ibaia garbitzea eta mantentzea ez da Udalaren eskumena, baina 2011-2015 legegintzaldian Udalak bere gain hartzeko akordioa sinatu zuen URA Euskal Agentziarekin. Hitzarmena 2015. urtean iraungi zenetik, garbiketa lanak “limbo” juridiko batean daude. Era berean, Udalak Kantauriko Ur Konfederazioarekin sinatutako hitzarmen batean jasotzen da udalak jasoko dituela ibaiko hiri-hondakin solidoak, baina, dirudienez, hitzarmen hau ere 2020ean iraungi zen.

Horregatik guztiarengatik, EH Bilduk galdera hauek erregistratu ditu, Udal Gobernuak erantzun ditzan:

  • Zer dela eta Udal Gobernuak ez du URA Euskal Agentziarekin hitzarmena berritu 2015etik? Hitzarmenik gabe, zeini dagokio ibaiko hiri-hondakin solidoen garbiketa?

  • Zer dela eta udal gobernuak ez du hitzarmena berritu Kantauriko Ur Konfederazioarekin 2020tik? Hitzarmenik gabe, zeini dagokio ibaiko hiri-hondakin solidoen garbiketa?

  • Zenbateko aurrekontua beharko da Eguzki talde ekologistak salatutako zabortegia garbitzeko? Noiz egingo da garbiketa?

  • Zein prozedura erabiliko da Urumea ibaian legez kanpoko isurketa gehiagorik ez gertatzeko?

  • 2015etik zenbat interbentzio egin ditu udalak Urumean hiri-hondakin solidoen garbiketa egiteko? Eta ur beltzen zein beste hondakin likidoen isuria garbitzeko?

Izan ere, gogoratu nahi dugu azken urteetan EH Bilduk honako salaketa hauek egin dituela Urumeara botatako hondakinen inguruan:

  • 2016ko apirilean, Loiolako bizilagunek jakinarazita, Urdintxo zubi azpian ur zikinen isuria.

  • 2019ko azaroan, Eguzkik egindako salaketa, Kolon Pasealekuko kolektorearen inguruan, ibaira isuritako ur beltzengatik.

  • 2021eko otsailean, elkarte ekologistek jakinarazita, Urumea ibaian, Martutene auzoan, isurketa kutsatzaile handien salaketa.

  • 2021eko irailean, Urumean topatutako zazpigarren isurketa kutsakorraren salaketa, Eguzki taldearen bidez.

  • 2021eko azaroan, Martuteneko 27. Poligono inguruan egindako hidrokarburo-isurketa, Eguzki taldearen salaketaren bidez.

Udal Gobernuari galdetu diogu isurketa horiek nork garbitu dituen, kontuan hartuta 2015etik aurrera URA Agentziarekin eta 2020. urtetik aurrera Kantauriko Ur Konfederazioarekin sinatutako hitzarmenak bertan behera geratu direla.