AKTUALITATEA


| 2025-10-27 13:03:00

Harriduraz jaso dugu Igeldoko Agiti kalan egin asmo den proiektua, noiz eta bost hilabete baino ez direnean igaro Donostiako Udalbatzak, aho batez, Eusko Jaurlaritzari eskatu dionetik has ditzala ingurumena lehengoratzeko izapideak.

Bada bost hilabete igaro dira eta, tamalez, EH Bildutik egiaztatu dugu Eusko Jaurlaritzak ez duela norabide horretan inolako urratsik eman. Are gehiago, joan den irailean Arrantza Zuzendaritzak Agitiko arrain-haztegi zaharrean ‘algak ekoizteko’ proiektua ezagutarazi zuen.

Agiti kala EAEko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planean (LAP) Babes Zorrotz Berezi gisa agertzen da, eta, beraz, ingurumen- eta lurralde-babes handiena du. Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, bestalde, Gipuzkoako Eremu Degradatuen Inbentarioan sartu zuen 2020ko abenduan. Are gehiago, Donostiako Hiri-Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) Berrikuspenaren Aurrerakinak berak ere, lehentasunez leheneratu beharreko eremu gisa identifikatzen du.

Urte hauetan guztietan ez da ezer egin leheneratzeko lege-agindua betetzeko, eta orain ingurunea erabiltzen jarraitzeko proiektu berri bat aurkezten zaigu. EH Bildutik jakinarazi nahi dugu, gainera, Algaloop edo Blue Reef Algae enpresak proposatutako proiektua ez dela algen laborantzara mugatzen. Markel Ormazabal zinegotziak ohartarazi duenez, «Udalari proiektua berrikusteko eta onartzeko bidalitako dokumentuan, adibidez, Donostiako turismo-estrategiari egingo dion ‘ekarpena’ azpimarratzen da. Gastronomia, talasoterapia edo biokosmetika aipatzen dira; Marinus Innovation Hub, ‘funtzio anitzeko espazio bat’. Eta esan gabe doa horrek guztiak dagoeneko kaltetuta dagoen ingurunearen balio ekologikoa larriagotu baino ez lukeela egingo», deitoratu du.

Iragan asteko batzordeetan Agitiko proiektuaz EAJ-PSEren Udal Gobernuari galdegin ostean, urrats bat gehiago eman nahi dugu, eta EH Bilduk kontrol mozio bat defendatuko du osteguneko Osoko Bilkuran. Bertan, Udal Gobernuari eskatzen diogu ez ditzala baimendu Agiti kalan jarduera ekonomiko berriak.

Era berean, maiatzean aho batez onartutako mozioa errespetatze aldera, Jon Insaustiren Udal gobernuari eskatzen diogu aktiboki jardun dezala Agiti kalaren ingurumena lehengoratzeko.

Eguzki talde ekologistak alegazioak jarri dizkio Blue Reef Algae enpresak aurkeztutako proiektu honi, Agitiko kala behingoz leheneratzeko helburuarekin. Izan ere, eta ekologistek argi adierazi duten bezala, hemeretzi urte dira arrain-haztegiko jarduera bertan behera geratu zela; hau da, eraikinak urte gehiago egin ditu jarduerarik gabe jardunean baino. Bestalde, hamalau urte igaro dira Culmanor SA enpresak haztegia itsas-lehorreko jabari publikoan eta haren babes-eremuan eraikitzeko lortu zuen baimena iraungi zenetik. Eta, azkenik, badira hamahiru urte Ura Agentziak instalazio guztiak desmuntatu eta kala leheneratu behar zela esan zuela.

Kontraesankorra bada ere, hamahiru urte geroago Ura Agentziak proiektu berriaren aldeko txostena eman du. Hau da, ez du aintzat hartzen 2014an kala lehengoratzeko hartutako ebazpena, eta, gainera, arbuiatu egiten du 2012ko bere txostena. Zer dela-eta?