Ia hastapenetatik, Arcco Amara merkataritza-guneak hainbat arazo izan ditu, gunearen beraren bideragarritasun ekonomiko eta komertzialari eragiten ziotenak; horien artean, 1996az geroztik Udalak kanona kobratu ez izana dago. Hasieratik jarri zen krisian udal-jabetzako higiezin horren kudeaketa-eredua.
Urte asko ez aurrera ez atzera egon ondoren, Udalak aurreko kontratua azkentzea erabaki zuen, eta beste lehiaketa bat ateratzea, guneko merkatariei, Arcco Berri SLn eratutakoei, adjudikatua, 2044ra arte.
Amara Berri auzorako gune hori berreskuratzearen garrantziaz konbentzituta,atzoko Udalbatzarrean mahai gainean jarri genuen ebazpen proposamenak lehen urratsa izan nahi zuen. EH Bilduk, ordea, EAJ eta PSEren kontrako botoa jaso du. Hala ere, eta ezezkoa jaso arren, lanean jarraituko dugula adierazi nahi dugu EH Bildutik. Bai auzoarekin baita Arcco-n inplikatutako eragileekin hasitako elkarrizketetan sakontzen jarraituko dugu irtenbide adostua emateko. Egoera judizializatuta egotea ez da bateraezina interes orokorraren alde egitearekin, irtenbide onuragarriena zein izan daitekeen aztertzearekin. Eta EH Bildun horretan gaude.
Hala ere, merkataritza-gune horren arazoak ez ziren desagertu. Hori egiaztatzeko, nahikoa da merkataritza-guneak gaur egun duen irudia eta hainbat merkatarik egiten duten balorazioa ikustea.
Orain arte, Udal Gobernua ez da gai izan auzia konpontzeko.
Ukaezina da merkataritza-gunean lokal hutsak eta itxiak daudela, eta horietako askok aspaldidanik jarduerarik ez dutela; hari lotuta dauden guneko merkatari batzuek zailtasun handiak dituzte beren obligazioetatik libratzeko, eta, kasu askotan, traba pertsonal eta ekonomiko bat dakarkie.
Duela gutxi, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai baten berri izan dugu, eta ebazpen honek bermatzen du Udalak gune horretako lokal batzuk berreskuratzea.
Hori gertatzen den bitartean, bai Amara Berrik, bai hiriak berak, espazio gutxi dituzte dauzkaten ekipamendu-beharrei erantzuteko.
Ez da horrelako egoera baten aurrean gauden lehen aldia; izan ere, Bretxak 2014an izan zuen susperraldi partziala horren adibide garbia da. Orduan, erakutsi genuen egingarria dela, eta posible dela. Orain ere, EH Bilduren lanari esker, posible egin dugu Arraindegia eraikinaren berreskurapena, hiriarentzat eta auzotarrentzat.
Juan Karlos Izagirre EH Bilduren udal bozeramaileak hiriaren egoerari buruzko eztabaidan berretsi duen bezala, modu konprometituan lan egin behar da esku pribatuetan dauden eraikin eta zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko, interes orokorra bermatzeko eta enkistatuak dauden egoerei konponbidea emateko.
Zentzu horretan, Arcco Amara aukera-gune bat da, eta, interes publikoaren ikuspegitik, auzoaren beraren elementu eragile eta dinamizatzaile gisa erabil daiteke eta erabili behar da. Horretarako, inguruko bizilagunak kontuan hartu behar dira, eta haiei entzun egin behar zaie, haien ekarpenak kontuan hartzeko.
Auzo biziak eta bizigarriak sortzeko ideiari eusten diogu. Auzoek berdeguneak, aisialdirako guneak, oinarrizko zerbitzuak eta herritarrei erantzungo dieten beste ekipamendu batzuk bermatuta izan behar dituzte. Arcco Amara ezin hobeto dator bat ideia horrekin, sinergia berriak sortuko lituzkeelako auzoan eta aukera berriak eta interesgarriak irekiko lituzkeelako, zalantzarik gabe.
Hori guztia ikusita, honakoa da EH Bilduren udal taldeak Arcco Amara berreskuratzeko erregistratu dugun ebazpen proposamena:
1.- Udalbatzak Udal Gobernuari eskatzen dio ekin diezaiola Arcco Amara guneko beheko eta goiko solairuak partzialki berreskuratzeari, zuzeneko kudeaketara bueltatuz, auzoaren eta hiriaren ekipamendu-beharrei erantzuteko, eta, horrela, auzoaren jarduera dinamizatzeko eta elkartzeko balio duen ardatz hori indartzen laguntzeko.
2.- Prozesu horretan, inguruko bizilagunen eta inplikatutako gainerako eragileen iritzia hartuko da kontuan.
3.- Era berean, eskatzen da erabaki dadila berehala hastea lehenengo puntuan xedatutakoa betetzeko beharrezkoa den administrazio- eta lege-izapideak.
4.- Bestalde, Udal Gobernuari eskatzen zaio aparkalekuaren egungo egoera azter dezala eta neurriak har ditzala hura publiko bihurtzeko.
5.- Udalbatzak Udal Gobernuari eskatzen dio, Sustapena sozietatearekin, Gipuzkoako merkataritza-federazioarekin eta merkataritza-elkarteekin lankidetzan, Arccoko espazio publikoen dinamizazioak sortuko dituen sinergietan oinarritu ahal izango den merkataritza birgaitzeko proiektu bat diseinatu eta ezartzeko.