AKTUALITATEA


| 2025-10-16 13:13:00

Donostiaren egoera orokorra eztabaidatzen den honetan, harriduraz eta kezkaz entzuten dugu Eneko Goia alkatearen ahotan hamar urte hauetaz egin duen deskribapena: kudeaketa bikaina eta hiri zoragarria deskribatu dizkigu. Beste behin, autokritikarako paradarik ez, herritarren haserreak eta ezinegonak bere ardurei uko egiteko erabakiarekin zerikusirik ez dutelakoan.

«Distantzia izugarria dago alkateak esandakoaren eta hiritarrek kalean adierazten dutenaren artean. Inplizituki eredu hau agortuta dagoela eta gobernu honek porrot egin duela aitortzen zaigu, eta hiriaren egoeraren irakurketa konplazientea egiten da. Harrigarria eta kezkagarria da», adierazi du Juan Karlos Izagirre bozeramaileak.

EH Bilduren aburuz, diagnostiko zehaztugabe, desonestu eta errealitatearekin eta donostiarren gehiengoaren pertzepzioarekin zerikusirik ez duen batekin, «ezinezkoa da» etorkizunari begira erabaki egokiak hartzea.

Gure diagnostikoa oso bestelakoa da. Donostiarrak kezkatuta daude Donostiak hartutako norabidearekin, politika jakin batzuen ondorioz hartu duen norabidearekin. Eta irudipena orokortua da: utzi egin zaie sektore batzuei gure hiria eraikitzen, eta gehiago egin dela kanpora begira bertako beharrei erantzunez baino. Negoziorako eta espekulaziorako hiria bihurtu da.

Alkatea aldatu duzue, baina ezer ez aldatzeko asmoarekin. Horrela esan duzue dagoeneko. Eta garbi dago politika egiteko eta hiria eraikitzeko PNV-PSE taldearen ereduak porrot egin duela. «Politika egiteko ekuaziotik herritarrak baztertzen dituzue. Gaur argi ikusi dugu: eguneroko arazoei aipamenik ez, bizitza-egoera kaskar batetik egoera duin batera aldatzeko neurri zehatzik ez dugu entzun».

Honen aurrean EH Bilduren eredua aldarrikatu nahi dugu, badaudelako bestelako manerak eta modeloak, zintzotasuna, gardentasuna eta gertutasunean oinarritutakoak. Eredu bat non donostiarrak izango garen benetako protagonistak. «Hiri honen norabidea aldatzeko behar duguna ez da izen baten aldaketa ezer ez aldatzeko. Gobernu aldaketa da behar duguna. Eta berresten dugu gure konpromisoa bide hau konpartitzeko eta lidergoa eramateko», esan du Izagirrek.

Etorkizunari begira, lehenik eta behin, herritarrak entzutea da, konpartitu behar da, eta adostu. Elkarrekin eman behar zaie arazoei irtenbidea eta kaletik bertatik, auzoz auzo egin beharra dago, bulegoetatik kanpo. Ateak irekitzeko garaia da.

Era berean, hiria birplanifikatu egin behar dugu gaur egun indarrean dagoen asimetria zuzentzeko. Zerbitzuak, ekipameduak, gune berdeak ta aisialdikoak bermatu behar dira hiriko auzo guztietan, auzo bizigarriak nahi ditugulako. Aktibitate ekonomikoak ere modu orekatuan hiri osoan planifikikatu behar dira.

Eraikin eta zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratu behar dugu esku pribatuetatik esku publikoetara itzuliz eta enkistatu dauden egoereri irtenbidea eman, soluzioak mahai gainean jarri. Egin genuen BretxareKIn eta berriro egin dugu Arraindegia eraikinarekin. EH Bildutik demostratu dugu posible dela, eta gainera emaitza positiboak ematen dituela.

Izagirrek berretsi duenez, Urumearen eta GI-20aren aldeko apustu sendoa egiten dugu, kostaldearekin batera hiru ardatzetan oinarritzen den Donostia da EH Bilduren eredua. Aukera paregabeak ditugu arrez aurre Donostia asimetriko hau orekatzeko eta auzoetako bizilagunei auzo bizigarriak bermatzeko.

Etxebizitzarekin proposamen berriak eta ausartak behar ditugu. «Betikoarekin jarraitzen duzue jakinda betiko formula horiek ekarri gaituztela honaino». Etxebizitza berriak eraiki behar dira, bai, baina eraikita dagoen parkean eragin behar da, posible delako borondate politikoa badago. Berresten gara EH Bildutik landu dugun Etxebizitzaren Plan Integralarekin.

Etsipena dagoen lekuan ilusioa piztu nahi dugu. Gure konpromisoa donostiarrekin eta beren ongizatearekin zintzoa da, entzuketa aktibotik eta herritarrak erdigunean jarriaz. «Donostia beste norabide batean jarri nahi duen orori eskua luzatzen diogu, elkarlanerako, Donostia hobe baten alde ekiteko. Leku horretatik eragin nahi dugu donostiarren bizitzak hobetzeko», amaitu du.