AKTUALITATEA


| 2019-08-03 20:36:00

“2017-2021 Turismo Gida Plana” aurkeztean Eneko Goia Laso alkateak adierazi zuen arreta bisitari kopuruaren hazkundean baino, zerbitzuaren eta helmugaren kalitatean jarri behar zela. Ordea, bisitarien kopuruak gora egiten jarraitzen du urtetik urtera eta, ondorioz, baita jarduera ekonomiko honen azken urteetako gorakadak donostiarren bizi kalitatean eragindako arazoak ere.

Donostian turistifikazio-prozesuak bizkortu egin dira. Hiriko eremu berriak turismo-ustiapenaren zerbitzura jarri dira, edo jartzekotan dira. Horietako bat Santa Klara uhartea da. Azken urteetan asko igo da uharteko erabiltzaileen kopurua, eta gainera, uhartea eremu publiko izanik, ekimen pribatuetarako erabiltzeko joera ere egon da: garagardo marka ezagunenjai pribatuak, ezkontzak... Hau gutxi balitz bezala, orain egin behar duten obra artistikoarekin, uhartearen bisita-kopurua areago handitu daiteke. Gai hau dela eta, Parte Zaharreko bizilagunek eta elkarteek haien kezka adierazi dute. Ezaguna baita masifikazioak ingurune naturaletan duen inpaktua.

Santa Klara uhartea, EAEko Itsasertza Babesteko eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren barruan, Kontserbazio Zorrotzeko Zonatzat hartzen da. Eta plan honek honako hau jasotzen du: “Balio altuko zonak dira eta, bertan, helburua gizakiak ahalik eta gutxien esku hartzea da. Ikerketa eta instalazioen erabilera didaktikoa besterik ez dugu bultzatuko”. Hori dela eta, Zaintza Zorrotzeko Zona gisa tratatzea litzateke egokiena. Eta hain zuzen ere, hori da 2018ko azaroan lehenik eta 2019ko uztailean ondoren Donostiako Udalbatzak aho batez onartu eta Udal Gobernuari eskatu diona: “egin ditzala egin beharreko gestioak Santa Klara uhartea ingurumen aldetik babesteko, babes hertsiko eremutzat hartua dagoela aintzat hartuta.”

Bestalde, Elkarrekin Donostia eta EH Bildu udal taldeok, Santa Klara uharteko itsasargian egin nahi den eskultura proiektuak ingurumenean izango duen inpaktuaren gaineko txostena egin dezala ere eskatu diogu Udal Gobernuari, ingurune hori behar bezala babestuko dela ziurtatzeko. Bigarren eskakizun hau, ordea, ez da onartua izan. Areago, alkateak esku-hartze artistikoaren kontra agertu izana egotzi zigun. Kulturaren eta artearen ustezko defentsa baten atzean ezkutatzen dira, halako eremu berezi batean halako esku-hartze batek izan ditzakeen ondorioei bizkar emateko. Zeren beldur dira?

Horiek horrela, gaur 2019ko abuztuaren 3an, Ekologistas en Acción taldearen Diosa Maat belaontziak, Bizilagunekin eta Haritzalde taldeekin batera Donostian egin duen salaketarekin bat egiten dugu. Eta era berean, aurrerantzean ere Santa Klara uhartearen egoeraren jarraipen eta defentsa irmoa egingo dugula adierazi nahi dugu.