AKTUALITATEA


| 2025-10-28 15:33:00

EH Bildutik osoko zuzenketa bat, aurrekontua betearazteko arauari bi zuzenketa, eduki ekonomikorik gabeko 9 zuzenketa eta 128 zuzenketa partzial erregistratu ditugu astearte honetan Udal Gobernuak 2026rako aurkeztu duen Aurrekontu Proposamenari.

EH Bilduren ustez, EAJ-PSEren proposamen honek ez die erantzuten ez hiriko ez donostiarren egungo beharrei, eta Donostiari norabide berri bat emateko aukera galtzen utzi dute berriro.

Ez dira hiri aurrekontuak, kontu partidistak baizik: ez dute aintzat hartu EH Bildutik akordio bat bilatzeko egin genuen eskaintzari; lidergo ezaz gain, aurrekontua gauzatzeko gaitasun falta erakusten dute. Publizitate-aurrekontutik gehiago dutela dirudi eta aurkeztu dituzten datu ekonomikoen beharrezko eguneratzea falta dute. Gainera, aurrekontu parte-hartzaileak deitzen dituzten horiekin egiten ari diren kudeaketa etsigarria azpimarratu behar dugu; izan ere, urtez urte, herritarrak prozesu horretan parte hartzera animatu ondoren, Udal Gobernuak berak aurrekontuan jarritako partidak ia ez dira exekutatzen. Horrek, jakina, frustrazioa eta haserrea sortzen ditu parte hartzen duten eragile, elkarte eta herritarren artean. Horrek guztiak justifikatzen du EH Bilduk astearte honetan aurkeztu duen osoko zuzenketa.

Bestalde, 139 zuzenketa aurkeztu ditugu, hiri ereduan zein politika egiteko moduan aldaketa eragiteko helburuaz. Eduki ekonomikoa duten 128 zuzenketei dagokienez, beharrezkoak ez diren edo lehentasunik ez duten gastu eta inbertsioak murriztu dira, herritarrei benetan eragiten dieten arazoetara bideratu ahal izateko. Gastu arduratsuagora bideratutako kopuruaren zenbatekoa 11,5 milioi eurokoa da 2026an, eta 8,4 milioi eurokoa datozen bi urteetan.

Zenbateko horrekin partida berriak sortzea edo hobetzea da helburua, hainbat arlotan: etxebizitzan (6,6 milioi), mugikortasunean (4,2 milioi), auzoetan egiteko interbentzioetan (4,5 milioi), gizarte-politiketan (1,9 milioi), berdintasunean (1,3 milioi), etab.

Eduki ekonomikorik gabeko zuzenketei dagokienez, honako gai hauekin daude lotuta: GI-20 saihesbidea eraldatzearekin, hirigintzako eragiketetan salmenta-prezioak kontrolatzearekin, klausula sozialak betetzearekin, babestutako etxebizitza publikoa (BPE) sustatzearekin, lurzorua kalifikatzeko teknika erabiltzearekin, ordenantza fiskaletan progresibotasuna bermatzearekin, udal-brigadak berrantolatzearekin, etxebizitza tasatuetan errenten araberako alokairuan sakontzearekin, segurtasunarekin eta Udaltzaingoarekin.

EH Bildun lanean jarraituko dugu hiri honek merezi dituen aurrekontuak izan ditzan, ongizatea eta herritaren bizitzaren kalitatea nola hobetu pentsatuz, aukerak sortuz eta Donostia orekatu eta justuago baten alde lan eginez.