AKTUALITATEA


| 2023-03-23 14:19:00

Izagirre Martutenen, Txomin Enean eta Loiolan izan da gaur goizean, Ricardo Burutaran, Garbiñe Alkiza eta Markel Ormazabal hautagaiekin eta hainbat bizilagunekin batera. Jardunaldia Martutenen hasi da, eta bertan entzun dituzte auzoak pairatzen duen abandonuaren kexak. Bisitak ibaian gora jarraitu du Sarrueta, Txomin eta Loiolatik, non sustapen urbanistiko berriak aurreikusita dauden.

Txomin Eneako ibai parkean prentsaren aurrean egindako adierazpenetan, Izagirrek gogoratu du Martutene eta Urumeako ibarra «modu ulertezinean abandonatuta» egon zirela urte askotan. Eta gogora ekarri duenez, 2011-15ean esan zutela «ez genuela hori ulertzen», eta gaineratu du «Europako hiriak ikusten genituen ibaiak aisiarako gune eta hirigintza-garapen zentzuzkoak egiteko» erabiltzen zituztela. Eredu horren aldeko apustua egin zuten Urumearentzat, «hiriarentzat altxorra delako».

Ildo horretatik, adierazi du «kezka» sortzen diola alderdi politiko ezberdinak orain proposatzen hasi diren plangintza berrietan «bizilagunekin ez kontatzea, eta auzo horiek dituzten gabeziak eta garapen berriekin sortuko direnak ez aintzat hartzea». «Logela-auzoak proposatzen ari dira, auzo bizi eta bizigarrien ordez», azpimarratu du. Aitzitik, «gauzak egiteko beste modu batzuk daude» adierazi du, eta balioan jarri du 2011-15ean ezarritako eredua, uholdeak saihesteko eta Txomin Enea biziberritzeko; izan ere, «Txomin Enean etxebizitza babestuaren kopurua %70 da, eta horrela da planifikatu zelako bizilagunekin batera».

Donostiako alkategaiak Urumea ibarra «modu jasangarria biziberritzeko» proposamena zehaztu du. Eta eremu horren garapena gidatu behar duten bost ildo nagusiak azaldu ditu:


 

Lehenik eta behin, «garapen berrien protagonistak bizilagunak eta Urumea ibaia bera eta ingurumena izan behar dira».

Bigarrenik, Izagirrek adierazi duenez, «eraikiko diren etxebizitza berriak gehienbat babestuta eta alokairuan izango direla bermatuko dugu, eta lurzorua jabetza publikokoa denean %70era iritsiko gara», azpimarratu du, Loiolako Kuartelen kasua izango den bezala.

Hirugarrenik, «ez dugu logela-auzorik nahi, auzo biziak nahi ditugu» esan du Izagirrek, eta, horretarako, «funtsezkoa» da zerbitzu eta ekipamendu gehiago egotea, gaur egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko: «anbulatorio berria Urumearako, Txomin Eneako kultur-zentroa, Martuteneko kultur-etxea edo Agustindarren eraikinari erabilpen bat ematea».

Enpleguari dagokionez, Izagirrek garapen berrietan «auzo biziak» sortzearen aldeko apustua egin du, jarduera ekonomikoak erakarriz. Alde horretatik, 27. poligonoa biziberritzearen aldeko apustua egin du, «Donostian erreferentziazko polo ekonomiko bat izan dadin», eta bertan zerbitzu berriak ere ezarriko direla iragarriz, hala nola haurtzaindegi publiko bat «kontziliazioa errazteko».

Eta, azkenik, azpimarratu du «guztiz beharrezkoa» dela garapen berri oro «bizilagunekin batera» egitea. «Hartzen diren erabakien parte sentitu behar dute; horrela egin genuen 2011-15ean eta horrela berriro egingo dugu» ziurtatu du Izagirrek.