AKTUALITATEA


| 2026-01-28 13:00:00

Bost urte baino gehiago igaro dira Uliako Basollua aspaldegi-kafetegiak bere ateak itxi zituenetik. Denbora honetan guztian, Udal Gobernuak ez du lortu proiektua berrabiaraztea, izan ere, 2023an lehiaketa atera bazuen ere, deialdia hutsik gelditu zen; hau da, enpresa bakar bat ere ez zen aurkeztu instalazioaz arduratzeko.

Egoeraz xehetasunak jakin nahian, EH Bildutik orduan honi guztiari buruz galdetu genion Ogasuneko zinegotzi delegatuari. Zinegotzi berak adierazi zuenez, lizitazioaren baldintzak aztertu eta beharrezkoa zena egokitzea zen asmoa lehenbailehen lizitazio berri bat ateratzeko baldintza berriekin.

Bi urte igaro dira baieztapen haietatik, eta lizitazio berririk ez da atera. Zentzu honetan, uste dugu EH Bildutik ereduaz hitz egitea eta bertan sustatu daitekeenaz hausnartzea ezinbestekoa dela. Basollua, Uliako askaldegi-kafetegia, parke natural batean dago, eta garrantzitsua litzateke baldintzak berrikusteko orduan kontutan izatea emango zaion erabilerak ingurunea errespetatuko duela.

Hau da, zerbitzuaren, naturaren eta ingurunearen arteko oreka bat egongo dela bermatu behar da, ez dadin izan soilik ostalaritza esplotaziorako gune bilakatu. Uliako parkearekiko errespetua eta babesa izan behar du oinarrian balizko proiektuak. Uliako bizilagunentzat eta donostiarrentzat gune bat izaten segitu behar du, ez interes zehatz eta pribatu batzuen esku utziko den eremua.

Batzordeetan Udal Gobernua Basolluaren egoeraz interpelatu dugu, eta kezka handiz jaso ditugu ogasun delegatuaren azalpenak. Adierazi zuenez, lizitazioaren baldintzak malgutzeko prest dago EAJ-PSEren Udal Gobernua ostalaritza esplotazio soilia lehenesteko helburu bakarrarekin, Basollua non kokatua dagoen aintzat hartu gabe. Eta hori akats larria litzateke EH Bilduren aburuz.

Gauzak honela, ostegun honetan izango den Osoko Bilkuran kontrol mozio bat aurkeztu dugu Basolluaren askaldegi-kafetegiaren lizitazioaren egoeraz. EH Bilduren ustez ezinbesteko baldintza izan behar du paraje naturala aintzat hartu eta horrekin uztargarria den esplotazioa eskaintzea. Ingurune berdeak berak baldintzatu beharko lituzte lizitazioaren baldintzak.

Aipatu kontrol mozioan, kafetegi-merendoari dagokion lehiaketa bidezko lizitazioan, inguruko eremuko balio naturalistikoak errespetatzeko proiektu bat izateko baldintza izan dezan eskatzen dugu, proiektuak ingurumenarekin lotutako jarduerak bere baitan hartuz eta jasangarritasuna sustatu eta erabilera komunitarioa ahalbidetu dezan.