AKTUALITATEA


| 2025-02-07 10:39:00

Hiri mailako etorkizuneko erronka da GI-20 errepidearen eraldaketa eta horri anbizioz eta perspektibaz begiratzeko prest gaude EH Bildun. Estrategikoa den proiektu honi ez diogu bizkarra emango. Ukaezina da egungo garaiek beste izaera eta erabilera bat izango duen azpiegitura eskatzen dutela: 50 urte beteak dituen errepide zaharrak lubaki izatetik aukera izatera pasa behar du, Herreratik Añorgaraino Donostiako auzoak josteko aukera bat, hiria mendebaldetik ekialdera modu jasangarriago eta atseginago batean zeharkatu eta gozatzeko abagune bat.

Norabide horretan eman ditugu lanean azken urteak EH Bildutik, konbentzituta gaudelako hau dela etorkizuna. Urteak aditu eta eragileen eskutik ekarpenak eta proposamenak jasotzen, auzoz auzo partaidetzan eta entzuketa aktiboan oinarritu den lanketa kolektiboa praktikan jartzen. Eta norabide horretan kokatzen da Gipuzkoako Batzar Nagusietan erregistratu eta eztabaidatu dugun ebazpen- proposamena: Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diogu, Donostiako Udalarekin batera, GI-20 saihesbidearen Donostiako zatiaren eraldaketa egiteko eman beharreko urratsak definitzen has dadila eta horretarako bi erakundeen arteko egitura sor dezala urte beteko epean. Hemen ere, ulertzen dugu aurrera egiteko ezinbestekoa eta premiazkoa dela erakundeen arteko lankidetza.

EAJk eta PSEk aurkeztutako osoko zuzenketa medio, ebazpenak ez du aurrera egin eta kezkaz ikusten dugu bi alderdiek erakutsi duten gaitasun eza Gipuzkoako etorkizuneko hiriburua irudikatzeko. Are gehiago, kezkagarria da egiaztatzea noraezean ari direla, irizpide bateratu bat gabe, izan ere Donostiako Udalean birritan onartu du Udalbatzak, EAJren eta PSEren botoak barne, GI-20aren eraldaketaren aldeko proposamen bana. Biak ala biak EH Bilduk sustatuak.

HAPOAren aurrerakinak proiektu estrategikotzat du

Aurki, hiru urte beteko dira Donostiako Udal Gobernuak HAPOa berrikusteko prozesua hasi zuela, 2022ko martxoan, zehazki. Bada dokumentuaren aurrerapenean «eragiketa garrantzitsuenetako» gisa ageri da GI-20 errepidean egin beharreko eraldaketa.

Aipatu errepidea Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumena denez, beharrezkoa izango da bi erakundeen arteko lankidetza edo hitzarmena egitea. Horretan oinarrituta defendatu dugu ebazpen-proposamena: eraldaketa honetan urratsak eman nahi baditugu, Gipuzkoaren etorkizuna marraztu nahi badugu, bi erakundeen arteko egitura sortu beharko da.

Donostiako hiria orain dago HAPOa berrikusteko prozesuan murgilduta eta orain da momentua. Zertarako eta zergatik itxoin? EH Bildutik uste dugu berandu baino lehen ezinbestekoa izango dela eraldaketa honi buruz eragin zuzena duten bi administrazioek elkarrekin gaiari buruz eztabaidatzea, lanean hastea eta adostasunez erabakiak hartzea hiriarentzako eta, ondorioz, Gipuzkoarentzat.

Proposamen honek ezin du alderdikerien jokoan erori, hausnarketa bateratua izan behar du, eta horretarako, garrantzitsua da adostasunez erabakitzea Donostiako hiria zeharkatzen duen saihesbidearen eraldaketa nolakoa izango den eta hiriarentzat berreskuratu daitekeen espazioaren inguruan guztion artean eta inplikatuak duden agenteen artean hausnarketa egitea.

Kontua ez da soilik errepide zahar bat eraldatzea eta egungo beharretara egokitzea, baizik eta Donostian hiri-espazio berri bat bizitzaz betetzea, eta hau dena guztion artean birpentsatzea eta erabakitzea. Jada, EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroek trafiko-funtzio soila duten errepideak eraldatzea proposatzen dute, hainbat funtzio urbano txertatuz.

Saihesbide zaharra eraldatzeak aukera emango dio Donostiari gaur egun dituen hainbat behar bertan garatzeko, eta aukera emango dio Gipuzkoari beste herrialde batzuen aldean eredu izateko eta Gipuzkoa aurrerakoi bat sendotzeko, etorkizunari begira dagoena.

EH Bildun ziur gaude posible dela. Sozialki aurreratuta dauden gainerako hiriek bezala, Gipuzkoak eta Donostiak ere bere ekarpena egin behar du larrialdi klimatikoari aurre egin eta beste mugikortasun eta hiri eredu bat ezartzeko. Jakina denez, errepide bidezko garraioa da gaur egun dugun kutsadura-iturri nagusia. Beraz, ibilgailu pribatuen erabilera murriztea eta mugikortasun jasangarri eredu berri bat ezartzea dira gure erronka garrantzitsu eta saihestezinetako bi.

Foru Gobernuak bisio falta agertu du, etorkizunerako ikuspegirik gabe eta lankidetzarako borondaterik gabe. Proposamenarekin lanean hasi ordez, trabak baino ez dizkio jarri etorkizuneko eraldaketa garrantzitsua izango dela jakinik.

HAPOa ere erabili du aitzakian, berrikuspen prozesuan erabakiko dela zer egin argudiatuz. Bada, jakitun gara berrikuspena luzea dela, eta Plan Orokorra gutxienez ez dela 2030 urte arte onartuko. Eraldaketa egin egingo dela jakitun bagara eta hiriarentzat beharrezkoa dela, baita donostiarrek HAPOaren parte hartze prozesuan horri buruzko zalantzak eta iritziak eman dituztela, zertarako itxoin? Gaiari berandu baino lehen heltzeko unea da.