AKTUALITATEA


| 2023-09-09 09:35:00

Basque Culinary Center-ek Gros auzoan, Manteoko lursailean, egoitza berri bat ireki ahal izateko Donostiako Udal Gobernuak egin duen kudeaketak zalantza asko sortu dizkigu hastapenetatik. Asteak igaro ahala, gainera, kezka horien aurrean azalpenak eman beharrean, galderak gehitzen joan dira.

 

Hilabete batzuk igaro dira proiektuari bide eman asmoz lur sail bat lagapenean utzi diola BCCri Eneko Goiaren Udal Gobernuak eta honen aurrean hiritarren artean dagoen haserrea eta harridura nekez ukatu daiteke dagoeneko. Bereziki baina ez bakarrik eremu horren eraginpean dauden bizilagun eta herritarren artean desadostasuna nabaria da.

 

Helegite bat auzitegietan dago (tramitera onartua izan zena), eta manifestazioak eta protestak askotarikoak izaten ari dira. Bien bitartean, Udal Gobernuak beste aldera begiratzea erabaki du, eztabaida irekitzeko eskaerei muzin egin die eta gardentasun ariketa bat egitea alboratu du. Adostasunerako egin den ahalegina hutsaren hurrengoa da. Eta zentzu horretan EH Bildutik egiten dugun kritika irmoa da. Ez du moduetan asmatu, ez da komunikatzeko ahaleginik egin, ez dago kontsentsurako bokaziorik ez EAJren ezta PSEren baitan. Lehengo lepotik, burua.

 

Denbora aurrera doan arren, berriro adierazi nahi dugu borondatea badago posible dela adostasun bat erdiestea. Eztabaida irekitzea. Galdera asko daude erantzuteke. Eta beharrezkoa da. Adibidez, ez dute azaldu zergatik behar duen proiektuak justu hor kokatua eta ez Donostiako beste partzela batean. Beste aukerak egon badaude, eta oso interesgarriak. Ez dugu ezagutzen erabaki hau nola hartu zen ere eta beste aukerarik aztertu ote zen. Eta hau ere salatzen dugu: Udal Gobernuak oposizioarekin ez du inolako hartu emanik izan. Are gehiago, eskatu genuen txosten juridikoa ere ez dugu jaso.

 

Honen aurrean, interpelazio bat aurkeztuko dugu Eneko Goia alkateak dagokion batzordean erantzun dezan. Besteak beste, galdera hauek argitu beharko ditu. Zer dela eta erabaki zuen Udal Gobernuak BCCk eskatzen duen egoitza berria aipatu lur eremuan izan behar duela? Eta zergatik ez du azaldu zein beste aukera eskaini zituen, betiere horrela egin bazuen?

 

Goia jaunak azaldu beharko du zein irizpide baliatu ziren deliberatzeko proiektua aurrera ateratzeko lur eremu egokiena Manteokoa dela, eta ez beste bat. Adibidez, zergatik ez da eskaini degradatua dagoen eremu batean egitea auzo hori eta ingurunea birgaitzeko aukera irekiaz?

 

Hiritarrei azalpenak ez emateaz gainera, Udala osatzen dugun gainontzeko alderdiekiko dagoen informazio falta ere kritikatzen dugu, zehaztapenak eta proiektuaren faseei lotutako daten berri hedabideen bidez jakin ohi dugulako. Hau al da eredua? Guk ezetz diogu.

 

Parte hartzea eta gardentasuna ezinbestekoak direla sinetsita gaude, eta guk beti horren alde egingo dugu. Horrelako erabakiak bai ala bai Donostiaren onura orokorraren alde hartu behar dira, eta bereziki eremuaren eraginpean dauden herritarren iritzia kontrastatu beharra dago. Garaiz gaude.