AKTUALITATEA


| 2025-11-28 14:43:00

Abenduaren 4erako aurreikusita dago Martuteneko Agustinos eraikinaren desalojoa. Eraikin honek hamarkadak daramatza abandonatuta, behar baino luzeago. Ortzadar fundazioak hezkuntza proiektua jarriko du martxan bertan, eta proiektua aukera ederra da hiriko eremu hau berroneratu eta bizitza emateko, ikuspegi soziala duen egitasmoarekin gainera.

Eragileek ostiral honetan zabaldu duten mezuaren ondotik, EH Bildutik azpimarratu nahi dugu kontuan hartzekoa dela Martuteneko eraikin hau, hainbeste urtez utzia izan dena, beste aukerarik ez zuten askorentzat lotarako tokia izan dela. Azken asteetan eragileek egindako zenbaketaren arabera, 110 pertsonatik gora aritu dira gauak bertan ematen. Hainbeste pertsona eraikin honetatik desalojatzea inpaktu handiko operatiboa da hirian, zalantzarik gabe. Lehenengo, operatibo polizialak ikuspegi soziala bermatzen ez badu, ezin da bermatu egoera bortitzak gertatuko ez direnik, horrek egoera zaurgarrienean dauden pertsonengan duen inpaktu gogorrarekin.

Horrez gain, kaleratze batean hainbeste pertsona inplikatuta egoteak benetan irudi lazgarria utzi ahal dio Donostiari, 100 pertsonatik gorak, baldintza tamalgarrietan bai, baina teilatupean egiten zuten lo orain arte; desalojoa eta gero nora joango direla uste du Udalak? EH Bilduren iritziz, azpimarragarria da desalojo hau gertatuko zela lehenago jakin arren (Agustinosetako proiektuak urtebete baitarama marraztuta), Udalak ez egin izana, denbora eta lasaitasun gehiagorekin, bertan lotan zeuden pertsonekin esku-hartze bereziturik.

Hala, kezkagarria da utziko duen errealitatea: nora jo eduki gabe izango dira 100dik gora pertsona desalojoaren gau berean, negua hasi berri den honetan. Jakin dugu haietako batzuk hirian jada tentsionatuta dauden beste toki batzuetara joaten hasi direla, kale gorrian lo egitea saihesteko. Jakitun da Udal Gobernua honek tentsionatutako toki horietan sortu edo biderkatu ditzakeen arazoez, elkarbizitzari eta giza-duintasunari dagokionean?

Testuinguru honetan, EH Bildutik hartu eman zuzenak izan ditugu Udal Gobernuko ordezkariekin. Eta hartu eman horietan bi eskaera egin ditugu, zehazki: bata, desalojoan tentsio uneak ekiditeko bitartekoak jartzeaz gain, hala izan dadin ahaleginak egitea. Eta, zentzu honetan, EH Bildutik ezinbestekotzat jo dugu 3. sektoreko langileen eta erreferenteen parte hartzea ahalbidetzea eta bermatzea desalojoan. Bestea, kanporatuko dituzten pertsonei baliabideak eskaintzeko ardura hartzea. Zehazki jarri dugu mahai gainean La Sirena irekitzeko aukera.

Badakigu egoera zaila dela eta, lehenago kale egoeraz eta bazterkeriaz aritu garenetan esan bezala, irtenbidea ez dela erraza. Baina uste dugu desalojoaren unea, baldintzak eta honen ondorioak zaindu behar dituela Udal Gobernuak, jada tentsionatuta daukagun arazo hau okerrera joan ez dadin.