Groseko Zabaltza jubilatuen etxea hilabeteren buruan itxiko duela iragarri ondoren, eta EAJ eta PSEren udal Gobernu honek gaur egun ezagutzen dugun proiektuaren bideragarritasuna bermatuko duen alternatibarik mahai gainean jarri ez duenean (lau hamarkada dira etenik gabe egitasmoak martxan dela), EH Bildutik irtenbide bat bilatzeko premia berresten dugu, izan ere, Zabaltza ixteak, de facto, ezinbesteko funtzio soziala duen Etxe honen desagerpena dakar.
EH Bilduk Gizarte Ekintzako ordezkariari gai honi buruz batzordeetan egin dion interpelazioaren ondoren, harrituta gaude haren erantzunarekin: proiektua iraunarazteko B planik ez dagoela berretsi dute, eta are larriagoa dena, ez dago zerbitzu guztiak barne hartuko dituen beste lokal baten aurreikuspenik. Izan ere, hasieran buruan zuten aukerak, Oiartzun kalean kokatutakoak, ez ditu baldintza teknikoak betetzen eta bideraezin bihurtzen du. Kezkagarria da iragarri eta urte batzuetara baieztatzea hau.
«Eta orain zer?», galdetzen dugu EH Bildutik.
Berriki egindako bilera batean, Zabaltzako zuzendaritza-batzordetik egoera kezkaz bizi dutela helarazi digute. Gogoratu behar dugu itxierak 43 urteko jardunaren amaiera dakarrela, eta berau nekez berrabiaraziko dela berehalako lekualdatzerik gabe eta zerbitzu guztiak bermatzen ez badira. Egiten dituzten jarduerez gain, Gros auzoko adineko pertsona askorentzat topaleku eta lagun egiteko lekua da, hain zuzen ere, bertan bizi direnen % 31,8 65 urtetik gorakoak baitira, hiriko zaharrena.
Berriro diogu, batzordeetan egin genuen bezala, Nafarroa Beherea plazan lokal konpartitu batera eramateak ez dituela betetzen orain egiten duten lanarekin aurrera jarraitzeko behar diren baldintzak, eta horrek ekarriko du jardueretako asko bertan behera uztea eta orain erabiltzen duten pertsona askok hori egiteari uztea, horrek izan ditzakeen ondorioekin, bakardade egoerak edo bestelako batzuk saihesteko, kasu. Eskaintzen den lokalak ere ez du taberna zerbitzurik izango, adineko pertsonek erabiltzen dutena janaria etxean prestatu behar izatearen alternatiba gisa.
Batzordean, EAJko zinegotzi ordezkariak adierazi zuen egungo lokala «behin-behinekoa» dela beste bat aurkitu arte, nahiz eta ez duen inolako epe zehatzik ezartzeko konpromisorik hartu. Hori gutxi balitz, baieztatu zuen bere sailak ez duela aurrekonturik izango «gutxienez bi urte» barru arte inolako inbertsiorik egiteko, Erdialde jubilatuen etxea eraberrituko baita. EH Bildutik uste dugu Groseko jubilatuek ezin dutela epe hori asumitu.
Geure buruari galdetzen diogu non geratzen diren 2017ko titular haiek, Udal Gobernuak Grosen lokal bat erosiko zuela iragarri zituenekoak, auzoko eskaerari erantzungo zion Jubilatuen Etxe berri bat irekitzeko
Honekin guztiarekin, eta auzoari irtenbide bat emateko eta Udal Gobernu honi konpromiso bat hartu dezan ez ezik, bete dezan eskatzeko, osteguneko Osoko Bilkuran kontrol mozio bat aurkeztuko dugu, ostegun honetan.
Lehenik eta behin, Udal gobernuari eskatzen diogu Zabaltza erretiratuen egungo egoitzaren alternatiba izango den toki bat aurki dezala urgentziaz, aipatutako elkarteak gaur egun bertan egiten dituen jarduera guztiak egiten jarraitu ahal izan dezan, kafetegi-jatetxekoa barne.
Bigarrenik, Gros auzoko Zabaltza jubilatuen etxeari 2026an zehar behin betiko konponbidea emateko konpromisoa hartzeko eskatzen zaio udal gobernuari.
Eta hirugarrenik, EAJ eta PSEren gobernu taldeari eskatzen diogu Zabaltzako Zuzendaritza Batzordeari unean uneko informazioa eman diezaiola honen guztiaren inguruan egiten diren kudeaketa eta urratsei buruz. Aldebiko komunikazioa, gardentasuna eta parte-hartzea edozein politika publikoren funtsezko elementuak izan behar direla berresten dugu. Hala ulertzen dugu EH Bildutik.