AKTUALITATEA


| 2025-12-03 11:36:00

Urte bete baino gehiago igaro da Udalbatza honetara lehen aldiz euskararen ordenantzaren urraketa zela-eta, EH Bildutik kontrol mozio bat ekarri genuenetik. Geroztik, hainbat ekimen ekarri ditugu gai berberaren bueltan: dirulaguntza publikoak jaso, espazioa publikoan gauzatu, edo, azken kasu honetan bezala, udal eraikinetan egin diren ekitaldiek euskarari buruzko udal legea bete ez dutelako. Kirol ekitaldiak izan dira askotan, Gabonetako azoka beste zenbaitetan... Tamalez maiz urratzen da euskararen presentzia bermatzeko eta lehenesteko eskakizuna.

Euskararen Nazioarteko eguna den honetan, EH Bildutik euskararekiko dugun konpromisoa berretsi nahi dugu. Zentzu horretan, eta egun honetaz harago, egunero eta egunerokoan gure hizkuntza eskubideak defendatu, bermatu eta aldarrikatuko ditugula adierazi nahi dugu. Horretan ari gara eta arituko gara.

Legealdia abiatu zenetik, EH Bilduren eskutik ailegatu dira euskara eta herritarren hizkuntza eskubideak batzordeetara zein Udalbatza honetara. Eta, hain zuzen, gure ekimenei esker hainbat aldiz onartu du Udalbatza honek euskararen araua betearazi eta horretarako beharrezkoak diren bitartekoak jartzeko konpromisoa. Baita emandako dirulaguntzetan jarraipena egitea euskararekiko betebeharrak betetzen direla bermatzeko. Bada, dirudienez ez dira nahikoa bitarteko jarri edo jarritakoak ez dira nahikoak izan.

EH Bilduren interpelazioen erantzun gisa Kirolaren Udal Patronatutik zein Donostia Sustapenetik jaso izan dugun erantzuna izan da beti adierazten zaiela deialdiaren sustatzaileei edo dirulaguntzak jasotzen dituztenei euskararen erabileraren beharra. Aldi berean, ordea, beti adierazten zaigu «ez dela erraza» jarduera guztiak gainbegiratzea.

Itziar Iturri eta Markel Ormazabal zinegotziek asteazken honetan egindako agerraldian adierazi bezala, iragan astean, azaroko Osoko Bilkuran Kiroletako zinegotzi delegatuaren erantzuna kezkaz jaso dugu EH Bildutik, izan ere euskararen ordenantza betearazteko saiakerak egiten direla esan arren, «ulerkorrak» izateko eskatu zaigu, erantsiz ez dela Udal Gobernu honen asmoa «polizia linguistikoarena egitea». Zerekin izan behar dugu Udal Gobernu honen aburuz euskal hiztunek ulerkorrak? Gure hizkuntza eskubideak ez betetzearekin? Ontzat ematen al du Udal Gobernu honek diru publikoaren laguntza izan duen ekitaldi batek atzerriko hizkuntzak lehenestea nabarmen gurearen kaltetan?

Euskaraz bizi nahi dugu eta horretarako eskura ditugun tresnak aplikatzeaz gain, hobetzeko tartea dutenak hobetzeko eta fintzeko ahaleginak egin behar ditugu. Baina, horretaz gain, ezinbestekoa dira borondatea eta anbizioa eta errespetuz aritzea. Lekuz kanpo dago ulerkorrak izateko eskatzea.

Hori dela eta, EH Bildu Jon Insausti alkatearen agerraldia eskatu dugu Pertsonentzako Zerbitzuen Batzordean, honako galdera hauek erantzuteko:

1.- Zein da Alkateak egiten duen balorazioa euskararen udal ordenantzaren betetze mailaren inguruan?

2.- Euskararen normalizazioa eta erabilera bultzatzea helburutzat dituen Udalaren VII. Euskara Plana indarrean dugun honetan, egokia iruditzen al zaio Alkate jaunari udal eraikinen lagapenetan, diruz lagundutako ekitaldietan edo eta espazio publikoan gauzatzen diren ekitaldietan egiten den euskararen erabilera?

3.- Alkatea ados al dago euskararen araudia betearazteko, jarraipena egiteko eta bete ezean udal Gobernu kideek hartzen dituzten neurriekin? Eta bete ezean ematen dituzten azalpenekin?

4.- Egun egiten den kudeaketaz haratago, Udal Gobernuak ba al du euskararen inguruko udal arauak bete arazteko bestelako neurririk hartzeko asmorik?