Martuteneko Agustindarren eraikinean 110 pertsona inguru bizi ziren eta ostegun honetan desalojatu egin dute. Honen aurrean, EH Bildutik irakurketa bat zabaldu nahi dugu, eta zenbait hausnarketa egin. Izan ere, gertaera honek errealitate gordin bat jartzen digu parez-pare: Donostian 500 herritar inguru daude kale egoeran.
- EH Bildutik balioan jartzen dugu alkateak hitz emandako “desalojo mailakatua” termino horietan garatu izana, baina hori posible izan da azken egunotan elkarte desberdinetatik egindako lanari esker: bertan lo egiten zutenei egoera azalduz eta eraikina uzteko laguntza eskainiz. Azken unera arte, elkarteetako kideak Martuteneko eraikinetik ondasun pertsonalak ateratzen lagunduz, garraiorako autoak jarriz, eta babes emozionala emanez. Horretan aritu dira.
- Martutenen lo egiten zuten herritar batzuk La Sirena aterpetxean izango dute babes; berri ona dudarik gabe, baina berriro ere eskatuko dugu negua hasten den aldiro hirugarren sektoretik eta EH Bildutik eskatzen duguna, alegia, Ondarretan kokatzen den aterpetxe hau negu osoan erabiltzeko aukera izatea. Ez dugu zertan izozte eta euriteetara itxaron behar. Kalean lo egitea gogorra da definizioz, eguraldiak eguraldi. Zentzu horretan, azpimarratu nahi dugu La Sirenak oraindik ere badituela prest ohe gehiago, hots, erabilgarri.
- Salatu nahi dugu Udala ez dela harremanetan jarri Agustindarren eraikinean gaua pasatzen zuten pertsona guztiekin, eta haietako askok ez dutela alternatibarik jaso, hala berretsi dugu. Eta gaur da eguna, adibidez, formakuntza prozesuan dauden gazte batzuk dei bakar bat jaso ez dutena. Hala, alkateak hitz emandako “ibilbide pertsonalizatua” jaso dezaten eskatzen dugu. Ibilbide horiek, denbora eta koordinazio gehiagorekin, aldez aurretik diseinatu zitezkeen, Agustindarren eraikina hustu beharko zela duela urtebete jakina baitzen.
- Badira hirian bestelako puntu batzuk egoera antzekoan daudenak eta horietan aurrelanketa lasaiagoa eta koordinatuagoa izan dadin eskatuko dugu.
- Martuteneko desalojoak, beraz, hirian dugun egoera gordina jartzen digu parez-pare: Donostian 500 herritarretik gora daude kale egoeran. Gaur Agustindarren eraikina utzi behar izan duten 110 pertsonaz ari gara, baina soluzioak integrala izan behar du. Zentzu horretan, baliatu ditzagun indarrean daude erakunde-arteko mahaiak, eta baliatu ditzagun hitzartuta dauden aurrekontuak.