AKTUALITATEA


| 2022-01-13 12:18:00

Larrialdi klimatikoan bete-betean gauden honetan, negutegi efektuko gasen emisioa murriztea izan behar du helburua, eta horretarako ezinbestekoa da mugikortasun jasangarria sustatzea.

Emisio gehien eragiten dituen sektorea garraio motorizatua da da, beraz, mugikortasun jasangarriaren lehen neurria hirian autoaren erabilera murriztea izan behar du. Izan ere, trafikoak eragiten dituen arazoak ez dira konpontzen autoei leku gehiago eskainita, baizik eta orain arte duten nagusitasuna murriztuz.

Zentzu horretan, aste honetan Udal Gobernuak Datorren Donostia egitasmoa ezaugarritzeko egin duen proposamena guztiz ez nahikoa dela uste du EH Bilduk. Eta horrela adieraziko dugu biharko Pilar Arana zinegotziak antolatu duen bileran.

Hasiera batean, egitasmoaren berri izan genuen, EH Bilduk publikoki adierazi zuen musika ez zela txarra, baina ikusi behar genuela zertan geratzen zen, hitzetatik ekintzetara gauzak asko aldatzen baitira, ia beti, Eneko Goiaren gobernuan.

Izan ere, gogoratu behar da nola aurkeztu zuen proposamena Udal Gobernu honek joan den azaroan: “Donostiak auto pribatuen trafikoa debekatuko du Erdigunean” eta “Udalak mugikortasun-plan bat aurkeztu du, emisio gutxiko gune bat ezartzeko”. Ez dago horrelakorik aste honetan aurkeztutako proposamen zehatzean.

EAJk eta PSEk Donostian egin nahi dutena ez dator bat emisio gutxiko eremu bat ezartzearekin, eta, gaur egun, proiektu hau ezin da kokatu trantsizio ekologikorako proiektu gisa, ezin da alderatu hiri aurreratuenak hartzen ari diren neurriekin.

Gogorarazi behar dugu 2020ean Udal Gobernuak klima-larrialdiaren adierazpenari erantsitako ekintza-ildo batzuk onartu zituela, horietako bat, garraio publikoaren eta pribatuaren arteko joan-etorrien proportzioa inbertitzea. Bada, azken datuen arabera, ibilgailu motordunen joan-etorriek gora egin dute aurreko urteetakoekin alderatuta1, eta neurri ausartagorik gabe, orain proposatzen dituzten neurriak aldaketa emateko nahikoa ez direlakoan gaude.

Aztertu beharreko beste egoera batzuez gain, Udal Gobernuaren planean bi kontu daude porrot segurua iragartzen dutenak:

  • Aparkalekuetara doan ibilgailu orori uzten zaio sarrera librea

  • Turisten ibilgailuei sarrera librea baimentzen zaie.

Hau ikusita, sortzen diren galderak logikoak dira: zein da plan honen helburua? Zenbat CO2 tona murriztu nahi ditu Udal Gobernuak? Zenbat auto gutxiago? Kontuak ez direlako ateratzen. Eta baliteke berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak murriztu baino kontrako efektua lortzea.

Hiru datu emango ditugu:

1. Erdiguneko aparkaleku publikoek urtean ia 3 milioi auto jasotzen dituzte, eta joera hurrengo urteetan kopuru hori igotzea da, beste aparkaleku bat irekiko baita San Bartolome kalean eta beste bat Grosen.

Iturria: Donostiako Udala / Oharra: 2020an Covid-aren eraginez jaitsi zen

2. Gero eta hotel, pisu turistiko eta turistentzako beste ostatu mota gehiago daude zentroan. Guztira, Eneko Goia alkatea denetik 11 hotel berri ireki dira eremu honetan, eta beste 7 irekitzear daude2. Udal Gobernuak Erdigunea “saturatua” zegoela eta ez zuela baimen gehiagorik emango iragarri bazuen ere, mota guztietako ostatuei baimenak ematen jarraitzen du. Eta, beraz, “Datorren Donostia” proposamenaren arabera, horietara doaz kotxe guztiak baimenduak izango dira.

3. Datozen urtetan Donostiara gero eta turista gehiago etortzea da aurreikuspena, baina turistei plan honek ez die ia ezertan eragingo. Turismo-ostatu berriak irekitzeak esan nahi du turista kopuruak oraindik asko hazten jarraituko duela. 2021eko udan ere, oraindik pandemiatik atera gabe, 2019ko kopuruak gainditu ziren.

Beraz, planaren helburuak, bai politikoak bai teknikoak, ondo argitu arte, EH Bilduk ez du aktiboki parte hartuko ez hanka ez buru ez duen plan baten elaborazioan.

Halere, EH Bilduk eragile aktibo izaten jarraituko du gure hirian klima-aldaketaren aurkako borrokan. Aurrean dugun erronka historikoaren tamainarekin bat datorren erantzukizuna bere gain hartuko du EH Bilduk. Eta soluzioak proposatzen jarraituko dugu, baita plan honetan ere. Beti ere espiritu kritiko baina konstruktiboarekin, hemen ere eragiten saiatuko gara.

Gure proposamenak hiru zentzutan joango dira:

Erdiguneko lur-azpiko parking-en funtzioak eta emakidak aldatzeko plan bat behar da, ezinbestean (interpelazioa eramango dugu datorren asteleheneko udal batzordetara). 

  • Disuasio parking-ak ezartzea proposatuko dugu..

  • Erdigunetik kanporako proposamenak behar dira.

  • Larrialdi klimatikoak ezin du gehiago itxoin, ez eta gure hiriko mugikortasun jasangarriak, neurri ausartak hartzeko garaia da eta ez atzean geratzekoa.

(1) Cristina Enea Fundazioa. Iraunkortasunari eta Klimari buruzko 2020. urteko txostena. 30. orrialdea.

(2) Bellas Artes, Garibai 23, Zubieta 3, Bilbao plaza, Vista Eder, Villa Itsas Gain eta aste honetan baimendutako Itziarko Andre Maria.