AKTUALITATEA


| 2025-10-02 11:33:00

Pertsona aldaketak ez du proiektu aldaketa suposatzen eta, hain justu, Eneko Goiak hala berretsi du bere adierazpenetan, kontinuismoaren aldeko apustua egin du. Kargu uzteak ez dio amaiera emango herritarren artean aspalditik dagoen desafekzioari. Beraz, azala bakarrik aldatuko da, ez mamia. Ordezkoa nor izango den jakin gabe ere, aurreikus daiteke ez dela ziklo aldaketa bat izango, politika berdinekin jarraituko baitu ondorengoak ere, gobernu programa berbera delako.

EH Bildutik kezkaz ikusi dugu Eneko Goiaren autokritika falta, azken hamar urte hauetan aplikatutako politiken ondorioz utzi digun Donostia okerreko norabide batean kokatu duelako. Goiak gidatu duen proiektuak hiri eredu jakin baten aldeko apustua egin du. Elite eta interes partikular batzuen alde egin da ahalegina, gehiago egin da kanpora begira donostiarren beharrei begira baino. Auzoen arteko desorekak areagotu egin dira begirada zentralista baten ondorioz.

Eredu aldaketa da behar duguna, eta hori ez da izen aldaketarekin gertatuko, gobernu aldaketa batekin baizik. EH Bildutik gaurko egunean gure konpromisoa berretsi nahi dugu hiriarekin eta herritarrekin. Hiriak behar duen norabide aldaketa EH Bilduren eskutik etorriko da.