AKTUALITATEA


| 2025-10-14 11:06:00

Altzako kiroldegiaren eta Harri Berri-Oleta ikastetxearen arteko partzelak abandonatuta jarraitzen du. EH Bilduk 2024ko otsailean aurkeztutako kontrol mozioaren, eta urte bereko ekainean aurkeztutako mozio arruntaren ondoren, biak ala biak udalbatzan onartuak, partzela eraberritu gabe mantentzen da; eta noski denbora pasa ahala okerrera doa. EH Bilduren iritziz, utzikeria ulergaitza da, ulergaitza den moduan bizilagunek auzolanean partzela txukuntzeko antolatu ostean Udal Gobernuaren errieta jasotzea. Gure aldetik, lanean segitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu altzatarren aurrean eta, norabide horretan, astelehenean interpelazio berri bat landuko dugu.

Espazio hau utzita dagoen bitartean, gero eta arriskutsuago bilakatzen doa denboraren eta naturaren poderioz, lehendik ere hautsita zeuden eskailerak hautsiago, hesiturak eroriago eta belarrak janago baitago eremua. Beraz, itxita jarraitzen du auzoarentzat pasabide naturala zen espazioak, eskudunak diren instituzioek horretarako baimenak eman eta egin beharreko lanak egin zain.

Jaurlaritzako Ingurumen Sailari dagokio partzela honetan egin beharreko lanen baimenak ematea, amiantoaz kutsatutako eremua baita, inguru guztia izan den moduan. Urtebete baino gehiagoren ostean ez da emaitza berririk ikusten. Beste batzuetan gertatu izan den moduan, herritarrek ardura eta prestutasuna adierazi dute, instituzioei aurrea hartuz: inguruko bizilagunek auzolanean eremua garbitu dute, auzunearen erdigunean den eremua galtzen ari baitzen, instituzioen tardantzaren ondorioz. Dei egiten diogu EAJ eta PSEren Udal Gobernuari ez dadila eskumenen aitzakietan babestu, eremuaren mantenua udal ardura delako.

Zentzu berean, auzolanaren ondoren, bizilagunek 1.100 sinadurarekin babestuta, beharrezkoak diren baimenak, prebentzio neurriak eta egin beharreko inbertsioak egin daitezen eskatu dio Donostiako Udalari. Izan ere, eremua amiantoz kutsatuta dagoen arren, partzelara sartzeko itxiturak apurtuta daude eta sartzeko debekua adierazten duen kartelik ere ez dago.

Duela urtebete baino gehiago Donostiako Udalbatzaren adostasuna jaso zuen eskariak gaurkotasuna du: batetik, Donostiako Udalak jarraitu behar du Jaurlaritzari partzela honen lanak egiteko baimena eskatzen; bestetik, eta lanak egiteko baimenak iritsi bitartean, Donostiako Udalak bermatu behar du partzela honen segurtasuna eta garbiketa.

Zehazki, hauek dira Gune Publikoen batzordean, datorren urriaren 20an, mahai gainean jarriko ditugun galderak:

1.- Zer dela eta ez du jarraitzen Udal Gobernuak, Jaurlaritzaren erantzuna hainbeste luzatzen dela ikusirik, baimenak iniziatiba gehiagorekin eskatzen?

2.- Zer dela eta ez ditu Udal Gobernuak bermatu Oletako partzelaren oinarrizko segurtasun eta garbiketa baldintzak?

3.- Zer egingo du Udal Gobernuak inguruko auzotarrek aurkeztutako sinadura bilketaren aurrean?