AKTUALITATEA


| 2025-10-10 10:34:00

Hiria auzoekin ehuntzen da eta auzotarrekin eraikitzen da. Donostiaren konfiguraziorako herritarren parte hartze aktiboa eta inplikazioa ezinbestekoak dira EH Bildurentzat, izan ere, behetik gora eraikitzen den Donostia da nahi duguna, eta ez alderantziz, Udal Gobernua kontrakoa egiten tematzen bada ere. Norabide horretan, aintzat hartu eta balorean jarri nahi ditugu jai batzordeak, egiten duten ekarpenari dagokion lekua eman eta behar dituzten baliabideak indartzeko. Baiezta genezake gaur gaurkoz beren eskura dituzten baliabide eta azpiegiturak ez direla nahikoak eta beharrezkoa dela hauek eguneratzea.

Hau zuzendu asmoz, EH Bilduren udal taldea eskuz esku elkarlanean ibili gara auzoetako jai batzordeekin, auzolanean antolatu eta auzolanean aurrera ateratzen diren jaiekin dituzten arazoak, trabak eta burokrazia nola gainditu aztertzeko. Helburua, lan eskergari bide eman eta administrazioa herritarren zerbitzura jartzea da.

Proposamena landuta, honen berri eman dute agerraldi bateratuan Markel Ormazabal eta Garbiñe Alkiza EH Bilduren zinegotziek auzoetako jai batzordeetako ordezkariekin batera. Garaia da EAJ-PSEren udal gobernuak baliabideak eguneratzea auzoek antolatzen dituzten jaien bideragarritasuna ziurtatzeko. Horrek, esan gabe doa, Donostiako Festak saila eguneratzea dakar. Iradokizuna iragan batzordeetan mahai gainean jarri ostean, Donostia Kulturaren Kontseiluan bertan aztertuko da. EH Bildutik espero dugu aintzat hartu eta bide orri batekin lanean jartzea.

‘Plazatik’ dinamikaren baitan hilero Donostiako auzoetara egiten ditugun egun osoko bisitatetan, besteak beste, festetako batzordeek arazo berberak zerrendatzen dizkigute, eta frogatu dugu salbuespenik gabe egoerak errepikatu egiten direla auzo guztietan, baita transmititzen dizkiguten kezkak ere. Gure asmoa egoera orokortu hau soluzio bidean jartzea da, auzoekin batera.

Markel Ormazabalek adierazi duenez, auzoko jaiak gizarte-kohesiorako aparteko tresnak dira eta, aldi berean, gutxietsi ezin den ekarpen kultural eta ekonomikoa egiten dute. «Auzoak ematen du hiriko bizitzaren neurria eta jaiak dira auzoak bizirik irauteko arrazoietako bat. Auzoko jaiak berdinetik berdinerako jaiak dira, belaunaldi ezberdinak elkartzen ditu, eta horrek auzoan bertan bizitzera gonbidatzen ditu bizilagunak. Funtsezkoak dira auzo-bizitzan».

Datu batzuekin ikus dezakegu sarearen tamaina: Igeldo eta Zubieta kontutan hartuta, Donostiak Donostiak 21 auzo ditu. Donostia Kulturako ‘Festak’ sailak, ordea, 30 auzo-jai zerrendatzen ditu. Hau da, auzoak baino festa gehiago dago eta, hala ere, zerrenda hau motz geratzen da.

Ehunka herritarrek modu boluntarioan eta auzolanean egiten duten lana behar den neurrian errekonozitua ez egoteaz harago, uste dugu gero eta oztopo gehiago jartzen zaizkiela bidean, Ormazabalen hitzetan: ezinezko administrazio-izapideak, kostuen garestitzea, araudi murriztailea, espazio publikoa erabiltzeko oztopoak… eta abar luze bat. Orain gutxi ospatu diren Intxaurrondoko jaietan, edota Bidebietakoetan adibidez, askotariko arazoak egon direla badakigu.

Txertatzeko berrikuntzak

Gauzak honela, bi dira egin ditugun proposamenak. «Lehena, Donostiako Festak sailean auzo-jaien azpi-atal berezitua eratzea da», aurreratu du Garbiñe Alkizak. Euskal Jaiak, Estropadak, Santo Tomas Feria, Gabonetako kabalkadak, Danborrada, Kaldereroak, Inudeak eta Artzainak, Inauteriak, San Juan Sua, Aste Nagusia... Eta hori guztia gutxi ez balitz, Festak sailak auzoetako jaien ospakizuna ere bultzatzen du, besteak beste, jaiak aurrera ateratzeko «beharrezkoak diren udalaren ekarpen eta baimen guztien kudeaketa koordinatuz».

Ez dago soberan zehaztea Donostia Kultura Enpresa Erakunde Publikoaren baitan dagoela Donostiako Festak saila, eta sail hau hamaika langilek osatzen dutela: Zuzendari Teknikoa, Antolakuntza Teknikaria, Antolakuntza Teknikariaren ondorengoa, Administraria (2) eta Festa-Jarduerak Teknikaria (6).

EH Bilduren iritziz, eta auzoetako jai batzordeetatik horrela helarazten digute, Donostiako auzoetan jai berriak etengabe asmatzen direla eta jai horiek hartu duten garrantzia ikusita, beharrezkoa da Donostiako Festak saila eguneratu eta egoera berrira berregokitzea.

«Gauzak horrela, Donostiako Festak sailean auzo-jaien azpi-atal berezitua eratzea proposatzen dugu, besteak beste, administrazio-prozedurak eta udal-sailen arteko koordinazioa edo bitartekaritza erraztuko dituena, eta, auzoetako jai batzordeekin harreman iraunkorrean egongo dena, hiri osoaren ikuspegiarekin jardunez. Horretarako, lanaldi osoko teknikari bat eta lanaldi erdiko administrari batekin has liteke, proba gisa, hasiera batean behintzat pertsonala handitu behar izan gabe», zehaztu du Alkizak.

Bigarren proposamena auzo-jaiak antolatzeko udal baliabideak eguneratu eta handitzeari buruzkoa da.

Sailak auzoei eskaintzen dien laguntza ekonomikoa (diru-laguntzak) gaur egungo beharretara egokitzeak ez dakar zailtasun handiagorik. Baina ez da gauza bera gertatzen bestelako baliabideekin, hala nola azpiegiturarekin: mahaiak, aulkiak… Auzoetako jaien kopuruak gora egin duen arren, auzo-jaiak bultzatzeko sailak eskaintzen dituen horrelako bitartekoak apenas aldatu dira. Jai horietan gero eta jende gehiago biltzen da, eta jai-guneetan jartzen diren komun publikoak, adibidez, ez dira nahikoak. Gainera, auzo-jaiek hartu duten dimentsioak eta gizarte aldaketek baliabide berrien beharra azaleratu dute, hala nola, jai-batzordeen jarduera gauzatzeko lokalak edo eraso matxisten aurkako protokolo eta bitartekoak.

Iradokizun hau mahai gainean jarrita, eta Donostia KulturaK bere Kontseiluaren baitan aztertuko duen neurrian, EH Bilduren aldetik, eta auzoetako jai batzordeei ahotsa emanez, diogu honek abiapuntua behar duela izan, hau da, aurrera begira jarriko gaituen minimo bat. Auzotarrak eta auzoak, beren festekin, politika publikoetatik lagundu, babestu eta indartu egin behar ditugu.