Carlos San Juanek bultzatutako #soyviejonoidiota kanpainari esker, Madrilgo Kongresuan Lege aldaketa bat onartu da bankuei behartzeko zerbitzuak irisgarri egitea adineko pertsonei. Horregatik, atzoko udal batzordean galdetu genuen ea Udal Gobernua harremanetan jarri den Kutxabankekin, aukera hau baliatu eta berriz eskatzeko Bidebietan zuen bulegoa irekitzeko. Erantzutean, Udal Gobernuak Kutxabanken logoa zuen testu bat irakurri du: Kutxak ez du berriro ireki nahi Bidebietako bulegoa, baina oraindik irekita dauden inguruko auzoetako bulegoen ordutegiak zabalduko dituztela esan omen dute.
Gogoratu behar da, 2020ko abenduan, Donostiako Udalbatzak EH Bilduren mozioa onartu zuen, aho batez, eskatzeko Kutxabank bankuari eutsi ziezaiola irekita Bidebietako bulegoari, ordura arteko eguneroko ordutegi eta aukerekin, edota hori ezinezkoa balitz, astean egun batzuetan irekitzeko.
Auzotarrak kexu agertu ziren itxierarekin, eta 1.202 sinadura (biztanleen % 13,5; Bidebietak 8.916 biztanle ditu) bildu zituzten itxiera salatzeko. Mozioan azaldu genuen bezala, orain, bertatik bertarako arreta nahi duten bezeroek Larratxora (1,4 km) edota Trintxerpeko azken bulegora (1 km) joan beharra dute. Kontuan izan behar da bertatik bertarako harremana eskatzen duten bezero gehienak adinekoak direla; hain zuzen ere, mugitzeko arazo handienak dituzten pertsonak. Gainera, tramiteak internet bidez egiteko zailtasunak dituzte, ez dutelako eskuragarri edota ez dutelako gaitasun askirik. Eskari hori helarazteko, entitatearekin hainbat harreman izan zituen Udal Gobernuak, eta jakinarazi zigun Kutxabankek erantzun zuela edonola ere itxi egingo zuela Bidebietako bulegoa, baina internet sarean eroso aritzeko ikastaroa antolatuko zuela adinekoentzat.
Bi urte igaro direlarik, Bidebietako bulegoak itxita jarraitzen du. Bitarte horretan, Alderdi Ederreko Pentsiodunen Batzarrak behin baino gehiagotan salatu izan du adineko pertsonek eta pentsiodunek arazoak izaten dituztela bankuen zerbitzuak eskuratzeko, banketxeek zerbitzuak murriztu eta digitalizatu dituztenetik. Iaz, urtearen hondarrean, Valentziako Carlos San Juan mediku erretiratuak kanpaina bat abiatu zuen, Espainiako estatuan, #SoyViejoNoIdiota lelopean, eskatzeko bankuei arreta zerbitzu duina eskaintzeko adineko pertsonei. Kanpainak arrakasta handia izan du eta 647.949 sinadura (biztanleen % 1,4) bildu ditu interneteko change.org webgunean.