Donostiako etxebizitzari buruzko Osoko Bilkura monografikoak bi gauza utzi ditu argi: alde batetik, gehiengo aurrerakoiaren konpromisoa politika ausart eta beharrezkoak aurrera eramateko; eta bestetik, EAJren blokeo-jarrera, aurkeztutako proposamen guzti-guztien kontra bozkatuz, baita ados dagoela dioen horien kontra ere. Hala ere, oposizio sistematiko horren aurrean, EH Bilduk lortu du Udal Gobernuak Loiolan aurreikusitako etxebizitzen %100 babestuak izateko konpromisoa hartzea, eta 9 neurri onartu ditu espekulazioa mugatzeko, alokairu publikoa indartzeko eta etxebizitzara sartzeko aukera bermatzeko.
Osoko bilkura monografikoaren ondorengo prentsaurrekoan, EH Bilduko bozeramaile Juan Karlos Izagirrek, Ricardo Burutaran zinegotziarekin batera, bilkuraren emaitzak baloratu ditu. «Etxebizitzari buruzko Osoko Bilkura monografiko hau —EH Bilduren ekimenez deitua— aurrerapauso garrantzitsutzat jotzen dugu, Udal Gobernuak bere jarrera zuzendu eta orain Loiolan %100 babestutako etxebizitzen alde egin duelako, gure proposamenekin bat etorriz», adierazi du Izagirrek. «Erne egongo gara konpromiso hori bete dadin».
Osoko Bilkura honetan argi geratu da EAJren eta sozialisten arteko desadostasuna etxebizitzari dagokionean, EH Bilduren 9 proposamen aurrera ateratzea ahalbidetu duena. «Argi geratu da hiri honetan gehiengo aurrerakoi sendo bat dagoela, herritarren beharrak kontuan hartzen dituzten politikak bultzatzeko gai dena», adierazi du bozeramaile soberanistak.
Proposamen horiek proposatzen dute lurzoru gehiago artifizializatzea saihestea, edozein proiektu martxan jarri aurretik bizilagunekin adostasuna bilatzea eta higiezinen espekulazioari muzin egitea, besteak beste. «Bereziki, aurreikusitako hasierako prezioaren eta azken salmenta-prezioaren arteko aldea kontrolatzea planteatzen dugu, promotoreen espekulazio-marjinekin amaitzeko», azaldu du.
EH Bilduren proposamenei esker, guztiak ‘Etxebizitza’ planean jasoak, gaurko Osoko Bilkuran 9 neurri hauek onartu dira:
Nabarmentzekoa da EAJ izan dela guztiaren aurka bozkatu duen alderdi bakarra, baita teorian ados dagoela dioten proposamenen aurka ere. "Ezezkoan kokatu dira, blokeo logika bati jarraituz, seriotasun falta eta erantzukizun falta baino erakusten ez duena", gaineratu du Izagirrek. "Beste behin ere, akordioak lortzeko gaitasun eza agerian geratzen da. Badirudi proposamen bat EH Bilduk egiten badu, bere erantzun automatikoa ezezkoa dela, edukia kontuan hartu gabe ".
EAJk uko egin dio hirigintza-garapen berrietan kronograma argi bat ezartzeko aukerari, bai sustatzaileentzat, bai lurzoru publikoa lagatzen zaien erakundeentzat. Sustapen-proiektuetan aurreikusitako hasierako prezioaren eta azken salmenta-prezioaren arteko aldea kontrolatzearen aurka ere bozkatu dute, eta horrek sustatzaileen espekulazio-marjinak mugatzea eta prezio bidezkoagoak bermatzea ahalbidetuko luke.
Era berean, ukatu egin dute etxebizitza tasatua alokairura bideratzeko aukera, neurri horrek pertsona askorentzat etxebizitza eskuratzeko bide berriak irekiko lituzkeelarik. Etxebizitza babestua eskuratzeko irizpideak berrikustearen aurka agertu dira, eta kanpoan utzi dituzte gaur egun baldintzak betetzen ez dituzten milaka donostiar, ezarritako diru-sarreren mugak zertxobait gainditzeagatik. Era berean, gaur egun etxebizitzak okupatzen dituzten jarduera ekonomikoak behe solairuetako lokal hutsetara lekualdatzearen aurka agertu dira, baita hutsik dauden etxebizitzetarako kanon bat ezartzearen aurka ere.
Bereziki kezkagarria da dagoeneko eraikita dauden higiezinei etxebizitza babestuaren kalifikazioa aplikatzea ahalbidetuko lukeen proposamenari uko egin izana. Zorionez, ekimen hau aurrera atera da PSEren aldeko botoarekin. Era berean, ez dute konpromisoa hartu ahalik eta alokairu-etxebizitza publiko gehien eskaintzeko, ez eta horiek gauzatzeko egutegi bat adosteko ere.
Argi dago Donostiak etxebizitza-politiketan aurrera egingo badu, gehiengo aurrerakoi bati esker izango dela. Horregatik, PSEri gonbidapena egiten diogu, EAJrekin duen akordioaz haratago, interes orokorraren alde egin dezan, EH Bildurekin eta Elkarrekin Donostiarekin batera.
Hiriak erantzun ausartak eta akordio zabalak behar ditu, ez blokeoak, ezta alderdien kalkuluak ere.