Datorren 2024tik aurrera «Udal festa egutegiaz kanpo» hiriko auzoetan antolatu ohi diren bazkari herrikoiak ez ditu baimendu nahi Donostiako Udal Gobernuak eta honen aurrean, erabakiak sortzen digun kezka eta ezinegona helarazi nahi ditugu EH Bildutik.
Erabakia aldebakartasunez hartzeaz gainera, ez da honen gainean azalpenik eman ezta ere aldez aurretik honetarako zegoen asmorik partekatu Udal Gobernuaren aldetik. Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako sailak iragan ekaineko barne ebazpen batean jaso duenez, eta EH Bilduk eskuratu ahal izan duenez, «Udal festa egutegiaz kanpo» espazio publikoetan ez da bazkari herrikoirik baimenduko.
Espazio publikoa hiritar guztiona da eta deialdi bakoitzari dagozkion baimenak aldez aurretik eskatuta, ez dugu ulertzen zeintzuk diren debekua ezarri eta irizpideetan aldaketak egiteko dauden arrazoiak.
Festa egutegiaz kanpo ugariak eta askotarikoak dira espazio publikoan gure hirian egiten diren bazkari herrikoiak, auzo, kultur, bizilagun zein guraso elkarteak sustatuta, batzuk baino ez aipatzearren.
Gure hiria osatzen duten auzoetan egiten diren bazkari herrikoiak bertako nortasunari oso atxikita daude, komunitatetik sortu eta antolatzen diren ekintzak dira, sarea indartzen dute eta auzoak bizigarriagoak egiten dituzte. Sozializaziorako ezinbesteko tresna izateaz gainera, kohesioan sakontzen laguntzen dute eta parte hartzea, auzolana eta identitatea bezalako baloreak indartzen dituzte. Pertenentziaren sentimendua ezinbestekoa da nor bere auzoan gero eta arrotzagoa sentitzen den garaiotan.
Horregatik, Udal talde honek festa eta ekitaldietarako baimenei buruzko interpelazioa egingo dio datorren asteko batzordeetan Eneko Goia alkateari eta asmoan atzera egiteko eskatzen diogu.
Gizarte dinamikoak eta askeak nahi baditugu, non jendartea eta auzuneak diren protagonista, neurriak ezin dira debekua eta inposizioaren bidetik joan.
Donostiako eragile ugarik zailtasun handiak izan dituzte azken urteotan auzoetako festa eta ekitaldiak ondo eta garaiz egiteko, izan ere horretarako Gune Publikoa atalean eskatu beharreko baimenak eta prozedura administratiboak maiz konplexuak egiten zaizkie. Arrazoi hauek tarteko, behin baino gehiagotan ekitaldiak ezin izan dira burutu.
Udalak, trabak eta baldintzak zorroztu beharrean, bidea erraztu beharko luke, aholkularitza eman eta hiritarrak eta eragileak prozesuan lagundu.
EH Bildutik jakin nahi dugu zer dela eta hartu den debekuaren erabakia eta zer dela eta Udal Gobernuak ez du publikoki jakinarazi 2024tik aurrera ez direla espazio publikoetan bazkari herrikoiak baimenduko «Udal festa egutegiaz kanpo».
Zergatik ez dira baimenak errazten? Zergatik ez dira horrelako ekimenak sustatzen?