AKTUALITATEA


| 2026-09-22 09:48:00

Hasiera batean, babes publikoko 400 etxebizitza eraikitzeko hirigintza-garapen horren inguruan erakunde-arteko harreman ona aurreikusi bazen ere, EH Bilduk kezkaz jaso ditu Jon Insausti alkatearen adierazpen batzuk, zeinetan etxebizitza libreak eraikitzearen alde agertu den, lursailak oso-osorik titulartasun publikokoak izan arren. Egungo egoera eta gehiengoaren arteko sintonia direla-eta, planifikazioari aipatutako helburuarekin aldaketak egin ahal zaizkio.

Hori dela eta, Osoko Bilkura honen gehiengo aurrerakoiari eskatzen diogu ostegun honetan EH Bilduren kontrol-mozioa babes dezala. Bertan, Udal Gobernuari eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzarekin negozia dezala administrazio publikoek sustatzen dituzten etxebizitzak lehentasunez alokairura bideratu daitezen. Era berean, errentak bizikidetza-unitateen diru-sarreretara egokitzea eskatzen dugu, modu horretan, etxebizitza eskuragarria izatea bermatzeko.

Gogoratu behar da erakundeen arteko akordio-printzipioa zegoela sustapen horiek Eusko Jaurlaritzak bultzatzeko, hain zuzen ere sustapen horien izaera publikoa eta interes orokorrerako orientazioa bermatzeko. Hala ere, Insaustiren adierazpenek kolokan jarri dute aukera hori. Etxebizitzen tipologian ematen den mixturak ez die erantzuten, baieztatzen duenaren aurka, donostiar guztien beharrei, etxebizitza librea gaur egungo prezioetan gutxiengo baten eskura soilik dagoelako.

Beraz, ez da koherentea, ezta arduratsua ere, lurzoru publikoa izanik eta babes publikoko etxebizitza gehiagotara bideratzeko aukera izanik, lurzoru hori erabiltzea, partzialki bada ere, etxebizitza librea sortzeko. Alkateari eskatzen diogu Osoko Bilkura honen gehiengo progresistarekin bat egin dezala eta babes publikoko etxebizitzarekin erantzun diezaiola donostiarren arazo nagusiari.