Txomin II bezala ezagutzen den eremuan, Martuteneko kartzela zaharraren kanpoko
perimetroan, eraikitzen diren etxebizitza guztiak babes publikokoak izan daitezen EH Bilduk
aurkeztutako kontrol mozioak aurrera egin du, Udalbatza honen gehiengo aurrerakoiaren
aldeko botoak jaso ostean.
Gure eginbeharra eta ardura da herritarrei etxebizitza sarbidea bermatzea, eta horretarako
tresna politika publikoak dira, ausartak, baina ez da nahikoa borondate politiko argi batekin
batera ez badoaz. Zentzu horretan, EAJk eman duen ezezkoa kritikatzen dugu, bere botoak
berriz ere PPkoekin batuz. Alkateak ordezkatzen duen alderdiak lur publikoetan etxebizitza
librea eraikitzeko beharra defendatzen jarraitzen du, gehiengoaren behar sozialekin
koherentea ez den eredua elikatuz, eta hiriko etxebizitza merkatuaren egoerarekin bat ez
datorrena sustatuz.
Ostegun honetako Osoko Bilkuran, Gobernuko kideen arteko desadostasunak agerian gelditu
dira, berretsiz, etxebizitzarena bezalako gai erabakigarrian ez datozela bat. Hori dela eta, Jon
Insausti alkatea buru duen alderdiak zer egingo duen da orain planteatu behar dugun galdera.
Hau da, gehiengoaren borondateari bide emango dion edo, aitzitik, alkateak duela gutxi
adierazi zuen ideiarekin aurrera jarraituko duen: etxebizitzen tipologian nahasketa bat sortzea,
etxebizitza librea ere eraikiz.
EH Bildutik ezin dugu ahaztu titulartasun publikoko lurzorua dela, eta haren erabilerak erantzun
behar diela behar kolektiboei eta etxebizitza-politika publikoen helburuei. Eusko
Jaurlaritzarekin lankidetzan babestutako etxebizitzen kopurua handitzeko aukera ezin hobea
da, eta ezin dugu aukera hori galdu, batez ere alokairu-erregimenean handia izaten jarraitzen
duen eskaerari erantzuteko.