AKTUALITATEA


| 2026-02-11 12:07:00

Ia urtebete igaro da iazko martxoan EH Bildutik gure kezka publikoki adierazi genuela Udal Gobernu honek Ekialdeko Barrutiarekiko duen jarreragatik: konpromiso falta eta ardura eza erakutsi ditu etengabe. Zentzu horretan, bat egiten dugu Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta osatzen duten Barrutian ordezkatuak dauden eragile eta elkarteek berriki argitaratu duten idatziarekin.

Inplikazio falta horrek, hain zuzen, Barrutiaren baitan lanean dauden bizilagun, elkarte eta eragileen lana aurrera ateratzeak zinez zailtzen du, aurrekontua kudeatzeko eskumenik gabe eta baliabide nahikorik gabe nekez delako posible. EAJ-PSEren Udal Gobernu honen inplikazio mailaz galdegiteko urrats bat eman eta Ekialdeko Barrutiko batzarrera deitu genuen iaz Eneko Goia, orduan Alkate.

Eneko Goiak 2025eko martxoaren 19an Ekialdeko Barrutiko Batzarraren aurrean adierazi zuen «Ekialdeko Barrutiko unitatea sortzeko aukera aztertzen ari zirela, horretarako lehenengo kapitulua handitu gabe. Eta adierazi zuen borondatea bazuela horretarako eta norabide horretan lanean ari zela Udal Gobernua».

Orduan azaldutako asmoek emaitza gutxi eman dituzte azken urte honetan, Udal Gobernuak ez du diru sailik aurreikusi balizko proposamen hori gauzatu ahal izateko 2026an eta gainera, ez zuen hori ahalbidetuko zuen zuzenketarik onartu.

Ia urte bete pasa da Eneko Goiak adierazpen horiek egin zituenetik inongo aurrerapausorik eta eraginkortasunik gabe. Hortaz, hemendik aurrera zehazki zein urrats emango dituen galdegingo diogu gaur Jon Insaustiri 18.30etan hasiko den batzarrean.

EH Bildutik berretsi nahi dugu ezinbestekoa dela Ekialdeko Barrutia babestu eta indartzea bertan onartzen diren proiektuek aurrera egin dezaten. Eta ezinbestekoa da gogoratzea 2025eko Udal Aurrekontuetan diru sail bat eskatzeko proposamena Barrutiaren Batzarraren baitan onartu zen arren, orduan ere PSE eta EAJ kontra agertu zirela. Ordea, gehiengoak, aipatu giza baliabideak zein ekonomikoak eskatzea premiazkoa dela bozkatu genuen arren.

Gehiengoaren nahi horri erantzunez, EH Bildutik bai 2025ean eta bai 2026ean aurrekontu egitasmoari zuzenketak egin genizkion Ekialdeko Barrutia administrazio unitateaz hornitzeko. Baina Udal Gobernuak ez zituen egindako zuzenketak txertatu «beste behar batzuk lehenetsi zituelako». «Argi dago Ekialdeko Barrutia ez dela lehentasun bat izan» Udal Gobernu honentzat. Hala mintzatu da asteazken honetan egindako agerraldian Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotzia, Zigor Etxeburua eta Mikel Osinalde Ekialdeko Barrutian EH Bilduko ordezkariekin batera.

«Gure iritziz ez da onargarria Udal Gobernuak, alkatea buru, denbora honetan guztian erakutsi duen jarrera. Gobernuak bazuen bere kabuz ekiterik Barrutiaren eraginkortasuna hobetzeko, baina ez du aski bultzadarik eragin egoera onbideratzeko horretaz ohartarazi dugun arren eta eskaera eta proposamen zehatzak egin ditugun arren», uste du Alkizak.

EH Bildutik espero duguna da Insaustik bere ardurak bere gain hartu eta azalpenak emateko aukera probestuko duela. «Kontrakoa ez genuke ulertuko, ez EH Bildun, ez Ekialdeko Barrutian», zehaztu du Alkizak. Neurri zuzentzaileak hartu behar dira.

Horretarako, «errotik» aldatu behar da Ekialdeko Barrutiaren funtzionamendu eredua eraginkorra izan dadin. «Ekialdeko Barrutiko Batzordeak hartutako erabakien ezarpen efektiboaren eta udal egitura hori osatzen duten kideei zor zaien errespetuaren mesedetan eman beharreko gutxieneko urratsa da».

Horretarako, EH Bilduren aburuz, bi helburu dira ezinbestekoak:

1. Aurrekontua kudeatzeko eta gauzatzeko eskumen gehiago izatea Ekialdeko Barrutiko batzarrak.

2. Langilez hornitzea Ekialdeko Barrutia. Ekialde Barrutiak haren teknikari propioak izatea.

EH Bilduren ibilbidea

Ugari izan dira bai aurreko legealdian, bai eta oraingo honetan EH Bilduk egindako proposamenak, bai aurrekontuetan, bai eta Ekialde Barrutiko funtzionamendua hobetzeko proposamenetan ere. «Eragile aktiboa izan gara Ekialdeko Barrutian. Lan-talde guztietan parte hartzen dugu; horietako batzuetan erreferente izan gara eta gara oraindik ere bai», defendatu du Alkizak.

Ekialdeko Barrutian sinistu dugu hasieratik eta horregatik, Ekialdeko (Altzako, Intxaurrondoko eta Bidebietako) eragileen eta elkarteen artean barrutiaren dinamika ezagutzera eman dugu eta horietan parte hartzea gonbidatu ditugu.

Baina Udal Gobernuaren partetik etengabekoak izan dira oztopoak eta moteltzeak. Azken hilabeteetan Udal Gobernuaren utzikeria, interes falta eta Ekialde Barrutiko partaidetzarekiko gutxiespena gero eta handiago izaten ari da.

Eraginkortasuna lortzea da helburua

«Ekialdeko Barrutiaren jarduerak eraginkortasuna lortu behar du, egitura hori benetan herritarron mesederako izan dadin. Ez da berria gaur adierazten ari garena: aurreko agintaldian ere horren premia azpimarratu genuen. Horrexegatik, neurriak hartzeko deia egingo diogu alkateari, behingoz, egoera zuzentzeko», adierazi du bere hitzartzean Zigor Etxeburuak.

Etxeburuak xehatu duenez, Ekialdeko Barrutia herritarron partaidetza eta udal funtzioen deskontzentrazioa errazteko sortutako egitura da. Ordea, indarrean daramatzan zazpi urteok oso gorabeheratsuak izan dira. Barrutiko elkarteek eta baita EH Bildutik ere ezinegona adierazi izan dugu maiz erakundearen jarduerak erakutsi dituen gabeziak eta dituen mugak direla-eta: Barrutiaren funtzionamendua ez da operatiboa. Gaur egun, Barrutiak bi teknikariren laguntza du, baina nahi eta ezinean aritu dira eginbeharrak aurrera atera ezinik. Udaleko organo zentralek ez dute aski aintzat hartzen, eta, ez duenez esleitu zaion aurrekontua zuzenean kudeatzeko ahalmenik, atzerapen eta oztopoak gertatzen ari dira. «Etsigarria da», laburbildu du.

EH Bilduren ustez, Barrutiaren jarduerak gabezia argiak dituen arren Udal Gobernua ez da gai izan erreakzionatzeko eta egoera are okerragoa izan da legealdi honetan. Elkarteek haien ezinegona egin dute publiko aurreko astean. Argi utzi dute «Udalak bizkarra ematen diola Ekialdeko Barrutiari. Batzarrean udal Gobernua ordezkatzen dutenek, udal baliabideekin eta prentsa gehienekin batera, elkarteen ekarpenekiko interes falta iraunkorra eta kezkagarria erakutsi dutela».

Horregatik, eten egin behar da orain arteko dinamika gaiztotu hau eta norabide horretan gaur urrats bat eman nahi dugu funtzionamenduaren eredua errotik aldatzeko norabidean; gure borondatea da Barrutiak bere jarduera nabarmen indartzea eraginkortasun eta garapen osoa lortzeko, berandu baino lehen.

«Ekialdeko auzokideok maizegi pairatu izan dugu, eta dugu, Donostiako udal zentralismoaren ahanztura», deitoratu du Etxeburuak. Ezin dugu ahaztu 45.000 biztanle ordezkatzen dituela, hiriaren % 24, alegia. Barrutiko elkarteek ezinegona adierazi izan digute blokeo egoera dela-eta eta guk, EH Bildutik, kezkaz bizi dugu.

Ordezkaritza

Ekialdeko Barrutia 2018an jarri zen martxan eta hiriko barruti bakarra da.

Ekialdeko Barrutia alderdi politikoetako ordezkariez gain, auzo elkarte eta eragileez osatua dago. Memoria historikoa, mugikortasuna-hirigintza, berdintasuna, kultura eta euskera, komunikazioa eta parte hartzea, egituraketa eta merkataritza direlarik lan ildoak.

EH Bildu izan zen Ekialdeko Barrutian 2023ko udal hauteskundeetan alderdi bozkatuena, 5.276 botorekin eta 3 ordezkari ditu. Atzetik, PSE (5.118), EAJ (4.619), Elkarrekin Donostia (1.846) eta PP (1.658).