Bretxak publikoa izan behar du eta auzotarren beharrei erantzun behar die. Hori izan da, eta da, EH Bilduren bide orria azpiegitura estrategiko honen gainean hartu behar izan diren erabakiak hartzeko garaian exijitu izan duguna eta exijitzen duguna.
Premisa horrekin izan genituen hartu emanak legealdiaren hastapenetan alkatetzarekin, eta lanketa horretan konpromisoz eta arduraz aritu ginen auzoarentzat eta auzotarrentzat onenak ziren erabakien norabidea markatzeko anbizioz, hau da, bizilagunek eskatzen zituztenak mahai gainean jarri eta horiei bide emateko ahaleginez. Eraikinak aukera interesgarriak eskaintzen ditu, eta, dudarik gabe, borondate politikoarekin, egingarria da Parte Zaharreko beharrei eta eskaerei erantzun bat ematea.
Agerraldi batean, EH Bilduk Udal Gobernuaren kudeaketaren balorazioa egiteaz gain, koalizioak auzotarrekin duen konpromisoa berretsi du.
Itziar Iturri zinegotziak gogora ekarri duenez, hasierako hartu eman haietan, alkatetzarekin «zenbait konpromiso» hartu genituen: publikotasuna defendatzea, Baikarekin kontratua etetea, hartzen ziren erabakiek auzoaren beharrak asetzea eta Arkoak eraikinaren beste espazioak lojika horren baitan esleitzea. «Hau da: ‘zer behar du auzoak?’ da oinarrian dagoen galdera. Eta horri modu positiboan erantzutea da EH Bilduren konpromisoa».
Auzoak egin zituen eskaerak: gimnasio publiko bat, adineko pertsonentzat gunea eta elkarteetarako bilgunea eta biltegia, besteak beste. Halaber, Parte Zaharrean dauden beste baliabideez, berriez zein zaharrez, hitz egin zen hauei zein erabilera eta zertarako izango ziren hausnartu eta definitzeko. Hala nola, Esterlines kaleko anbulatorio zaharra eta Plaza Berriko udaletxe zaharra.
«Bada, denbora igaro da eta gestioak egin dira, baina orain arte egindako bideaz EH Bilduren balorazioa ez da positiboa». Besteak beste, gimnasio publikoa ez da egin, eta horren faltan Kirol Txartela erabiliz egin den gimnasio pribatuan bizilagunek sartu ahal izateko aukera ere ez da gauzatu. Adinekoentzako eguneko zentroaren birkokapena Arraindegian edo Arkoak eraikinean ez da gauzatu, auzoarentzat aurreikusita zegoen biltegia espazio minimo batean gelditu da eta egokitu gabe dago, «oso egoera prekarioan, gainera, egiaztatu ahal izan dugunez», deskribatu du Iturrik.
Auzoak ere helarazi zuen elkartu eta biltzeko espazio baten beharra, baina momentuz, hori ere, Udal Gobernuak ez du aurreikusten. Are okerrago, Arraindegiko lehen solairuan Fomento/Sustapenaren eskutik aldebakartasunez erabaki denak zerikusirik ez du auzoaren beharrekin; alderantziz, Parte Zaharra bezalako gune saturatu batean gastronomiarekin eta ostalaritzarekin lotutako jarduera berri bat jarriko baita. «Hau guztiz onartezina» dela uste du EH Bilduk, eta operazio honen bidez lehen solairu hau esku pribatuetan uzteko arriskua dagoela ikusten dugu.
Honen lekuan, EH Bildutik adierazi genuen kontsumo kooperatiba bat jartzeko aukera auzoan sinergiak sortzeaz gain Bretxako baserritarren ekarpena indartzen delako. Baina ezezkoa jaso genuen. Emakumeen Etxea bertan kokatzea ere iradoki dugu, auzoak eta Etxeak elkar eragin dezaketelakoan. Beste ezezko bat jaso dugu teknikoki funtsik ez duten argudioetan ‘oinarrituta’. Arrazoia erabat politikoa da. Hemen ere ez dago borondaterik PNV eta PSEren aldetik.
Baserritarren postuen kudeaketarekin, beste hainbeste; esandakoaren kontra egin du Udal Gobernuak, baserritarrek beraiek adierazi arren kanpoaldean nahi dutela jarraitu, herritarrekin harreman zuzena kalean eginez. Hau da, beste modu batera esanda, barrura eramatea haien borondatearen aurka egitea da. Hau al da Udal Gobernu honek entzuketarako duen eredua?
Garaiz gaude auzotarrei ahotsa emateko
Eraikinen eraberritzeekin datozen hilabeteetan sortuko diren espazioei zein erabilera eman behar zaien erabakitzeko ez da aurreikusten ere benetako prozesu parte hartzailea, eta honek kezkatzen gaitu. EH Bildutik adierazi nahi dugu garaiz gaudela gauzak beste modu batean egiteko eta Parte Zaharreko elkarte, eragile eta bizilagunek dituzten beharrak asetzeko. Oso tenkatua dagoen auzoa da eta azken hamarkadan, bereziki, galera asko izan dituzte, dela ongizatearen ikuspegitik, dela merkataritzaren ikuspegitik, besteak beste. «Ezin da ukatu azken urteotan jasan duen kontrolik gabeko turistifikazio prozesuak are gehiago kaltetu duela bizilagunen bizi kalitatea, zentzu guztietan», esan du EH Bilduko zinegotziak.
Auzoan EH Bilduk sustatu zuen galdeketan emaitzek argi adierazi zuten bizilagunek Bretxa publikoa eta auzotarra nahi dutela. Eta guk horri eusten segitzen diogu. Lehentasun nagusiak kirolari eta eguneko zentroari lotutakoak dira, zehazki, aukera bozkatuenak erabilera anitzeko gimnasio publikoa (% 66,22) eta kalitatezko eguneko zentroa (% 57,57) izan dira.
Bizilagunek auzoaren erabakietan parte hartu nahi dute, eta legitimitate osoa dute egiteko, gainera. Udal Gobernuak bazituen «behingoz aukera errealak» auzoaren behar historikoei erantzuteko, eta zoritxarrez Jon Insaustiren Gobernuak ez du abagunea behar bezala aprobetsatu,; zentzu honetan, EH Bildutik tamaltzen gara alkateak gure taldearekin harremanak eten egin dituela Bretxari dagokionez eta lehen eskutik informazioa ez digula helarazten. EH Bilduk, ordea, ez du denbora gehiago galdu nahi eta, horregatik, zuzenean galdegin nahi diogu alkateari zer asmo dituen espazioekin eta auzotarrek adierazi dituzten beharrekin.
Gure aldetik, hastapenetan adostutakoari eutsi, eta eskaera zehatzak egiten ditugu:
- Adinekoen zentroaren birkokapena egitea.
- Gimnasio publikoa egitea eta, ez bada, kirolgune pribatuan Kirol Txartela erabiltzeko aukera ematea.
- Lehen solairuan Emakumeen Etxea kokatzea, hiri mailako egitasmo estrategikoa izateaz gain, bi aldagai uztartzeko ahalmena duelako. Batetik, Parte Zaharra bezalako auzo batek, gentrifikazioak kaltetuta dagoena eta saturatutzat jota dagoena, bere komunitate-ehuna berreskuratuko luke; bestetik, Emakumeen Etxeak berak dituen gabeziak bateratuko lituzke.
- Auzotarrentzat diren bilguneak eta biltokiak hasieran adostutakoak izatea. Eta, noski, hauek duinak izatea.
- Bai anbulatorio zaharrerako, bai Santa Teresa komenturako, baita Udaletxe zaharrerako hasiera hartako elkarlana lehenetsiz, auzoan dauden beharrak bertakoekin adostea. Modu eraginkor eta garden batean, konpromisoak hartuz eta hauek betez.
EH Bilduren eskua luzatua dago elkarlanerako betiere herritarrak erdigunean jartzen badira eta haien mesedetan hartzen badira hartzen diren erabakiak. Hauek ezin dira inolaz ere aldebakartasunez hartu. Izan ere herritarrek ez badute parte hartzeko modurik eta, honenbestez, ez bada beraien borondatea jasotzen, prozesua porrot egitera bideratua dago.