Etxebizitza eskuratzeko zailtasuna da donostiarren arazo nagusietako bat. Datuek, gainera, egoera ez dela hobetzen berresten dute, kontrakoa baizik: merkatua tentsionatuta eta zifra errekorretan dago, metro karratuaren prezioa 6.000 eurotik gorakoa izanik. Ezin diogu errealitate honi bizkarra eman, ezta larritasuna kendu ere, larria baita.
Legealdi berria hasi zenetik, 2023ko maiatzean, EH Bilduk hainbat ekimen eraman ditu Osoko Bilkurara, Udal Gobernuari bizitegi-merkatuko tentsio eremu izendatzeko eskatzeko, horretarako beharrezkoak genituen babesak lortuz, gainera. Hala ere, tentsionatutako eremuaren deklarazioa gauzatu gabe dago oraindik.
Azpimarratu eta gogoratu behar dugu udal-eskumenetatik neurriak har eta aplika daitezkeela hiriko etxebizitzen prezioaren zentzugabekeria bideratzeko, gehienentzat eskuraezina baita. Asteazken goiz honetan eskainitako agerraldian, Juan Karlos Izagirre EH Bilduko udal bozeramaileak eta Ricardo Burutaran zinegotziak etxebizitzaren merkatuaren egoera baloratu dute, baita Donostia gune tentsionatu izendatzeko prozesuaren atzerapenagatik kezka agertu ere. Hala, alderdi subiranistak etxebizitza udal planari gehitzeko landu dituen 18 neurri estrategikoak aletu ditu.
Izagirrek gogorarazi duenez, Donostia hiri tentsionatu izendatzeko, lehenik eta behin eskaera formal bat aurkeztu behar da Eusko Jaurlaritzan, justifikazio-memoria batekin batera, eta gutxienez bi baldintzetako bat bete behar da (bizikidetza-unitatearen dirusarreren % 30 baino gehiago hipotekara, alokairura eta oinarrizko horniduretara bideratzea, eta aurreko bost urteetan erosketa- edo alokairu-prezioa KPIaren hazkundea baino hiru puntu gehiago igo izana), etxebizitzaren egoerari buruzko diagnostiko bat egitea eta hiru urterako plan bat.
Epeak justifikaziorik gabe luzatzen aritu eta joan-etorrietan luze ibili ondoren, uztailaren erdialdean, hau da, lehenengo mozioa aurkeztu eta urtebetera baino gehiagora, EAJ-PSEk emandako pausoen emaitzak aurkeztu dizkigute: ezer berririk ez eguzkipean. Eman dizkiguten datuak ezagutzen genituen eta mahai gainean jarritako planak bi alderdien arteko Gobernu Akordioa jasotzen du. «Bilera horretan, EH Bildutik gure lehen balorazioa helarazi genien: asmo gutxiko plana da, eta gobernu akordioan jasotakora mugatzen da. Konpromisoagatik eta erantzukizunagatik, hori hobetzeko proposamenak aurkeztuko genituela aurreratu genien», adierazi du Izagirrek.
Eta bitxia bada ere, esaten zitzaigun abuztuaren 15era arteko epea genuela ekarpenak aurkezteko.
EH Bilduk 18 neurri aurkeztu ditu ezarritako epean eta formetan. Estrategikoak direla diogu etxebizitza publiko babestua sortzeko aukera berriak sustatzen dituelako eraikitzeko beharrik gabe, besteak beste. Baina haratago joan gara, abuztuan Etxegintzan ezohiko kontseilu bat eskatu genuelako gure proposamenak edo gainerako alderdi edo eragile sozialek ere aurkeztu dituzten beste batzuk soseguz eztabaidatu ahal izateko. Badakigu proposamen horiekin bat datorren gehiengo nahikoa dagoela.
Zoritxarrez, isiltasuna izan da erantzuna eta kontseilu hori ez da gauzatu. Ez da eztabaidarik izan, ez azterketarik, ez hausnarketa partekaturik.
Premiazkotzat jotzen dugu dokumentazio hori aurkeztea; EAJ-PSEri eskatzen diogu dagoeneko egin dezala eta egin dezala, gainera, EH Bilduren proposamenak jasoz. Udal Gobernuak proposatutakoarekin bat egitea eta egoerak eskatzen duen maila ematea da auzia. Sustapen berrietan etxebizitza babestuaren ehuneko handiagoa defendatzea, kalifikazioa aldatzea lehendik eraikitakoan etxebizitza babestu gehiago egon dadin, etxebizitza hutsa merkatura bideratzeko neurriak aktibatzea eta aurreikusitako alokairu-erregimeneko babes publikoko etxebizitzen kopurua zehaztea.
Argazkia irauliko duten neurriak aplikatzea
Etxebizitza Planaren proposamenekin ez da Babestutako Etxebizitza Publikoaren defizita lehengoratzen, eta ez da lortzen legeak ezartzen duen minimoarekin konformatzen delako: etxebizitza berrietan % 60 librea izatea eta gainerako % 40 babestua izatearen apustua egiten da. «Ez da joera zuzentzen», ohartarazi du Burutaranek.
Are gehiago, Donostiako zenbait auzotan etxebizitza publikoa sortzeko aukerak sustatzen lagunduko lukete neurri batzuek. Auzo jakin batzuetan etxebizitza publikoaren existentzia hutsaren hurrengoa da, eta ez dute aukerarik horretarako, ez eraikuntza berriaren bidez behintzat. Gros, Egia, Erdialdea edo Alde Zaharra dira kasuetako batzuk. Formula berriak aplikatzea beste aukerarik ez dago.
Burutaranek zehaztu duenez, «eman ditugun ideiak bat datoz HAPOren aldaketaren aurrerapenaren ildo batzuekin. Bide batez, salatu behar dugu ez dakigula ezer dokumentuari buruz. Ez dakigu ezkutatu edo geldiarazi egin duten. Erabileren eredu misto baten aldeko apustua egiten dugu, lotarako auzoak saihestuz, babestutako etxebizitza publikoa (BEP) soilik dituzten auzoak saihestuz, etxebizitza librea bakarrik dituzten auzoak saihestuz. Lurzoruaren kontsumo arrazionalagoaren eta hutsik dauden etxebizitzen aktibazioaren aldeko apustua ere egiten dugu».
Azkenik, azterketa eta eztabaidarako udal foro partekatua proposatu dugu. «Hartutako neurriak urtero berrikusi behar ditugula uste dugu, lortutako emaitzen arabera doitu, zuzendu edo egokitzeko. Eta horretarako kontrol-sistema bat behar da. Neurriak babes justuarekin eta ateak itxita erabakitzen dira, prozesu irekia izan beharko lukeenean, ahalik eta gehiengo zabalenarekin. Gobernu Batzordean egiten da, Osoko Bilkuran neurri hauean aldeko gehiengo bat dagoenean, hainbatetan erakutsi den bezala».
EH Bilduk Udal Etxebizitza Planari proposatutako neurriek honako ardatz hauek dituzte: etxebizitza publikoen ehunekoa handitzea, kalifikazioa erabiltzea Babestutako Etxebizitza Publikoarren ehunekoa handitzeko eta hutsik dagoen etxebizitza mobilizatzea.
Hemen, EH Bilduren 18 neurriak zehaztuta:
• 1.- Alokairuaren arrazoizko prezioa sustatzea. Indarrean dagoen plangintzan aurreikusitako eraikigarritasuna nagusiki erabileren mistotasunaren alde egiten duen eredu batera egokitzea proposatzen dugu.
• 2.- Alokairuko babes publikoko etxebizitza sustatzea, babes publikoko etxebizitzetarako gordetako ehunekoa legezko gutxienekoen gainetik handituz, gaur egun dagoen etxebizitza babestuaren desoreka eta defizita zuzentzeko.
• 3.- 600 m2 baino gehiagoko sabaia eraiki daitekeen lurzatien eraikigarritasun berriaren sabaiaren % 30 etxebizitza babestu gisa kalifikatzea, eraikuntza berriko edo birgaitze handiko bizitegi-jarduketa handien kasuan, jabetza horizontaleko erregimenean banatu gabeko bizitegi-eraikinen kasuan edo, eraikigarritasun haztatua handitzen den kasuetan.
• 4.- Bizitegi-dentsitate txikiko auzoetan populazioa areagotzeko neurriak ezartzea, baldin eta garraio publikorako irisgarritasun ona badute. Horretarako, bizitegi sabai berriaren % 50 gutxienez kalifikatuko da, batez ere alokairu-erregimenean babes publikoko etxebizitzak eraikitzearen ondorioz.
• 5.- Etxebizitza babestua erostea alokairu babestura bideratzeko. Helburua alokairuko etxebizitza babestuen kopurua handitzea da. Gainera, etxebizitza guztiek kalifikazio iraunkorra izango lukete.
• 6.- Etxebizitza babestuetan tanteo eta erretraktu eskubidea (Lehentasunez Eskuratzeko Eskubidea ere deitua) aplikatzea. (Babestutako etxebizitzak besterentzeko espekulazioa saihestuz).
• 7.- Eremu degradatuetan lurzorua erostea, babes publikoko etxebizitzak birgaitzeko eta eraikitzeko sustapen berriak egin ahal izateko, eremu berriak hartu eta artifizializatu beharrik gabe.
• 8.- Etxebizitza hutsak merkaturatzeko edo alokairu-merkatuan bitartekaritza jarduera eta programa berriak sortzea. Gainera, Alokabide udal programa berregituratzea eta indartzea proposatzen dugu, programa horretan erregistratuta dauden etxebizitzen erantzun-denbora murrizteko.
• 9.- Hutsik dauden etxebizitzei kanona ezartzea aztertzea, legeak aurreikusten dituen baldintzen baitan.
• 10.- 3/2015 Legeak jasotzen duen bezala, Jenderik Gabeko Etxebizitzen Erregistroan inskribatutako etxebizitzen nahitaezko alokairua aplikatzeko modua aztertzea, baldin eta erregistroan inskribatu eta urtebete igaro ondoren hutsik jarraitzen badute.
• 11.- Maizterrari eta jabeari aholkularitza emateko bulegoa sortzea. Aholkularitza-bulego bat sortu nahi da, maizterren eta jabeen eskubideei eta betebeharrei buruzko informazioa ematen laguntzeko.
• 12.- Eraikinen eta etxebizitzen irisgarritasuna hobetzen laguntzea, auzo eta kolektibo ahulenetan interbentzioak ardaztuz, eta alokairura bideratzen diren etxebizitza libreak birgaitzeko edo egokitzeko udal-laguntzen lerro ekonomiko berri bat ezartzea Alokabide udal-programaren bidez.
• 13.- Lehendik zeuden etxebizitzak zatitzeko edo bereizteko araudia aldatzea, etxebizitzen baldintzak arautuz, informazioa emanez eta etxebizitza horien erdia etxebizitza babestura bideratzera baldintzatuz. Etxebizitza babestuen kopurua handitu nahi da, kasu honetan, etxebizitza handien banaketak eta zatiketak baimenduz.
• 14.- Lokalak etxebizitza bihurtzeko Ordenantzaren aldaketa bultzatzea, bertako baldintza batzuk malgutuz eta etxabeak etxebizitza babestu gisa kalifikatuz. Babestutako etxebizitzen kopurua handitzea da helburua, eremu berriak artifizializatu edo hartu gabe.
• 15.- Udalbatzak Etxebizitza Planaren urteko ebaluazioa egitea.
• 16.- Diagnostikoaren dokumentuan eta Etxebizitza Planean 2025-2027 aldian eraiki beharreko aurreikuspen gisa aipatzen diren 1.067 etxebizitza babestuetatik honako hau zehaztea eskatzen dugu: Horietatik zenbat izango dira alokairu-erregimenean?
• 17.- Epe ertain-luzerako etxebizitzak eraikitzeko aurreikuspen-eremuetan alokairuerregimenean aurreikusitako etxebizitza-kopuruaren zehaztapen berbera eskatzen dugu (2033).
• 18.- Loiolako Kuarteletan babestutako etxebizitzen ehunekoa handitzea. Sinestezina da % 100 publikoa den eremu batean Donostiako Etxebizitza Planak etxebizitza babestua eraikitzeko aurreikuspenetan gutxieneko ehunekoa ontzat ematea, hau da, % 40.