Eneko Goiak herritarrekin zuen konpromisoa hautsi eta bere betebeharrei uko egin ondoren, azken urteotan turismoaren ardura izan duen Jon Insausti da alkate. Ezbairik gabe, honek zenbait hausnarketa egitera eta hainbat galdera mahai gaineratzera garamatza EH Bildun gaiarekiko dugun erantzukizunetik.
Harrigarria da urteetan arazoa ukatu ondoren, orain turismoa arautzen aitzindariak direla entzutea. Turismo-jardueraren erregulazioan neurriak berandu iritsi dira eta zenbait erdibidean gelditu dira, azkenetarikoa, gida turistikoen araudia kasu; egunero ikus daitezke 25 pertsona baino gehiagoko taldeak gure kaleetan. Paperean araua sortu bai, baina Udal Gobernu hau ez da gai izan kopuruak betearazteko tresna eraginkorrak sortzeko. Gauza bera EH Bildutik aspaldian proposatu genuen karga-ahalmenarekin, funtsezkoa izango dena hainbat neurri diseinatzeko. Antizipatzeko gaitasuna erakutsi behar dugu, hori ezinbesteko ezaugarria izango da, are gehiago mugak gainditu dituen hiri batean.
Esan dezakegu nekez irauli daitekeela hilabete bakan batzuetan urte luzez elikatu den eredua. Datu batzuekin jarriko diogu bizi dugun errealitateari ispilua: 2016an Donostiak 9.100 ostatu-plaza zituen eta, zortzi urte beranduago, 2024an, 19.828. Hau da, % 119ko igoera sufritu dugu eta guztira aipatu epealdian 10.728 ostatu-plaza gehiago ahalbidetu dira.
Markel Ormazabalek asteazken goiz honetan eskainitako agerraldian adierazi duenez, azken hamar urteotan 55 hotel baino gehiago ireki dira eta gainera 2018an EAJ-PSEren Gobernuak malgutu egin zuen etxebizitza turistikoen araua. «Egoera irregularrean zeuden ehunka pisu turistiko legeztatu zituzten. Eta esan dezagun, legeztatzeari ‘erregulatzea’ deitzea herritarrak engainatzea da».
Ostatu-erabilerak ‘mugatzeko’ HAPOan egindako aldaketa alojamendu-plaza berriei moratoria ezartzeko porrot baten adibide da. Zergatik? Funtsean ez dagoelako borondaterik: publikoki egindako baieztapenak faltsuak direla egiaztatu dugu. Nekane Arzallus Hirigintza delegatuak eta Eneko Goia alkate ohiak berak 2023an adierazitakoaren arabera, «galarazpenaren ondorioz ez da baimenik emango establezimendu eta ostatu erabilera berriak jartzeko, eza horiek jartzeko egin beharreko lanak egiteko edo egun daudenak handitzeko ere».
Eta berriro ere harrigarria suertatzen da egiaztatzea ezin urrunago daudela hitzok errealitatetik. Moratoriak indarrean segitzen du eta, hala ere, lizentzia berriak iragartzen dira etenik gabe. Azkena, aste honetan bertan, Satrustegi dorreari dagokiona eta Udal Gobernu honek zuzenean babestu duena. Eta zerrenda berean daude gertuko etorkizun batean errealitate izango diren Maria Inmaculada eta Mariaren Bihotza, biak ala biak Grosen, justuki eremu saturatuan, eta uneotan eraikitze fasean dauden Erdialdeko Hilton hotela eta Martuteneko hostela.
Eta guk, EH Bildutik, zuzenean interpelatzen dugu Jon Insausti alkatea, orain duen arduragatik, baita azken urteotan izan duenagatik: zer egin asmo du sektorea erregulatzeko? Hots, zinez erregulatzeko? «Donostiak muga bat du eta aspaldi gainditua dugu: behar ditugun politikak ezin dira kontentziorako diseinatu, leheneratzeko baizik. Donostia donostiarrentzat eraiki nahi bada, garaia da honen inguruan herritarrek esaten dutena serioski barneratzeko», ohartarazi du Ormazabalek.
Lau donostiarretik hiruk uste dute hirian ez dagoela tarterik turismoa hazteko, eta herritarren % 77k ez dute uste Donostiako Udalak turista gehiago erakarri beharko lituzkeenik. «Hala ere, Udal Gobernuak hiria promozionatzen eta turismoa sustatzen jarraitzen du. Horren erakusgarri da aurtengo Aurrekontuetan berriro txertatutako diru-partida. ‘Donostia Turismo’ sozietatearen aurrekontuaren % 20 gutxienez hiria promozionatzen segitzera bideratua dago, eta, hala ere, badaude aparteko partidak industria elikatzeko. Adibidez 2030eko futbol mundiala sustatzeko 130.000 euroak». Gurutzaontzien industria sustatzeari uzteko egindako proposamenari ere ezezkoa eman zioten EAJk eta PSEk udara honetan.
Jon Insaustiren belaunaldia
Turismoa ez da kudeatu behar, turismoa gobernatu egin behar da, eta horretarako borondatea behar da eta politika ausartak aplikatu. Udal Gobernuak berak ez daki zenbat legez kanpoko pisu turistiko ditugun hirian; ordea, are larriagoa da entzutea horri buelta emateko tresnarik martxan jartzeko asmorik ez dagoela, nahiz eta onartu gaur egungo mekanismoek huts egiten dutela. Momentuz dakiguna da, Espainiako Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioak hala esan duelako, 138 direla. Gu ziur gaude askoz gehiago direla. EAJ-PSEren Udal Gobernuak ez du zenbakirik eman.
Alkate bezala egindako lehen hitzartzean, Insaustik berak esan zuen «gure belaunaldiak duen erronka baten gisa» hartzen duela ardura berria. Bada egun berean Hego Euskal Herriko gazteek turismoari buruz duten iritzia ezagutzeko Gure Geroak egindako ikerketaren emaitzak argitaratu ziren. Gazteek oso iritzi kritikoa dute: % 75ek uste dute turismoak eragin negatiboa duela, % 95ek gehiegi hazi dela eta % 72k gaur egungo turismo eredua ez dela jasangarria. Inkestak ere baditu proposamenak, hala nola frankizien presentzia mugatzea edo inbertsio funtsek eta atzerriko kapitalek etxebizitzak erosteko aukerak mugatzea. Eta hori da norabidea.
Erregulatu da interes pribatuen mesedetan eta desregulatu da herritarren kaltetan. EH Bildutik eredu aldaketak sendoa izan behar duela uste dugu, donostiarrak erdigunean jarriaz: promozioa eten, leheneratzeko politikak aplikatu eta auzoak berriro bizigarriak izan daitezen planifikatu. Donostiarrek behin eta berriz adierazi dute eta alkatearen ondorengo belaunaldia ezin argiago mintzatu da. Erakunde publikoek ausardiaz eta bizkortasunez jokatu behar dute. Alkate berria gai izango al da erronka horri erantzuteko? Ontzat ematen al du turismoaren gaur egungo egoera Donostian? Eta ez bada horrela, zer egingo du? Momentuz, egin dituen agerraldietan ez dio gaiari heldu, ezta bere lehentasunen artean kokatu. Konbenientziaz egokitu den diskurtsoa baino gehiago eskatzen dute herritarrek.