AKTUALITATEA


| 2023-07-13 14:30:00

Udal Eraikinen Garbiketa Zerbitzuko 184 emakume inguruk hilabeteak daramatzate pairatzen duten lan-prekarietatea salatzen: ekipamendu eskasa, kontziliazioa zailtzen duten ordutegiak, aldi baterako kontratazioak, hilean 400 euroko soldata-arrakala lan berbera egiten duten emakumeen artean lan-osasuneko arazoak, besteak beste.

 

Udal Gobernuak zerbitzuaren lizitazio berri bat egin zuen 2023aren hasieran, baina enpresa lizitatzailea pleguaren ez-betetze ugari egiten ari dela egiaztatu dugu. Baldintzak hobetu beharrean, harriduraz ikusten dugu 2018ko pleguarekin alderatuta zerbitzu-orduen murrizketa aplikatu dela udal-eraikinetan, hala nola haurreskoletan, kultura-etxeetan, Emakumeen Etxean, jubilatuen egoitzetan edo Etxegintzaren egoitzan bertan.

 

«Ordu-murrizketa horren ondorioak larriak izaten ari dira», adierazi du Olaia Duarte zinegotziak. Prentsaurrekoan eman ditu, ostegun honetan, egoeraren xehetasunak. «Beharrezko lan-denborarik gabe ezin izango da udal-eraikin askoren garbitasunaren kalitatea bermatu; langile askoren gaitasun ekonomikoa pobretu egingo da, eta zentro batetik bestera lan egitera behartuta egongo dira lanaldia osatu ahal izateko, kontziliazioa izugarri zailduz».

 

Gainera, Udal Gobernuak onartu dituen pleguen bidez, subrogatutako langileen artean, alegia, aurreko hitzarmenari atxikita daudenen artean, eta aurtengo otsailetik aurrera zerbitzuan sartu direnen artean, soldata-arrakala handia dago: 400 eurokoa hilean.

 

«Zenbakiak oso adierazgarriak dira», esan du Duartek, batzuen eta besteen soldaten arteko ezberdintasuna adibidetzat jarrita. «Hitzarmen kolektiboari atxikitako langile batek 1.598,647 € kobratzen ditu astean 35 orduko lanaldiagatik, eta Gipuzkoako sektoreko hitzarmenaren babespean egindako lizitazio berriarekin kontratatutako langile batek 1.180,97 € kobratzen ditu, lan bera eginda».

 

«Bestalde -jarraitu du­-, bajan dauden emakumezko langileen kasuan, enpresa-hitzarmenaren eraginpean daudenek %80 kobratzen dute, eta Gipuzkoako hitzarmenaren mende daudenek, berriz, %75. Aurreztutako "soberako" diru publikoa non gelditzen den jakin nahiko genuke, izan ere, Udalak langilearen hitzarmena den prezio bera ordaintzen du: 28,45 euro orduko».

 

Pleguaren ez-betetzeak, besteak beste, honako hauei dagozkie: langileak identifikatzeko txartelen sistemari, lan-orduetan arropa eta materialak biltzeari, eta garbiketa-produktuen etiketei erabilera eta toxikotasuna kontrolatzeko.

 

EH Bilduk hilabeteak daramatza egoera hau salatzen, langileekin egindako bileren ondotik baieztatu dugu, eta haiek ere maiatzean publikoki Udal Gobernuaren esku-hartzea eskatu zuten. Eta Udal Gobernuak, ezikusiarena egiten segitzen du. Jakin nahi dugu non geratu den urrian onartutako mozioa, zeinetan Udal Gobernuari eskatu zitzaion «lehenbailehen» biltzeko inplikatutako udal-eraikinetako arduradunekin.

 

Duarteren hitzetan, «onartezina da Udal Gobernu honek, zerbitzu publikoen azpikontratazio-politikaren ondorioz, emakume horien lan-baldintzen kontura dirua aurreztu nahi izatea, kolektibo feminizatu hori are gehiago prekarizatuz eta sektorean bertan arrakala sortuz».

Eneko Goiaren Gobernuari baldintza duinak eta berdintasunean bermatzeko neurriak har ditzala eskatzen diogu. «Badaude irtenbideak, eta oso egingarriak, berehalakotasunaz gainera: langile guztiei enpresaren hitzarmena aplikatu, sektoriala baino hobea baita».