AKTUALITATEA


| 2026-10-02 06:38:00

Ekialdeko Barrutiaren ohiko batzarraren biharamunean, egoera kezkaz bizi dugula adierazi nahi du EH Bilduk. Denbora luzez ohartarazi dugu parte hartze organo hau sortu zenetik, orain zortzi urte baino gehiago, ez EAJ-k ezta PSE-k ere ez dutela behar den arduraz jokatu eta ez dietela elkarte eta eragileen ekarpenei dagokien konpromisoz eta errespetuz heldu. Utzikeriak ondorioak izan ditu, eta horien azalpenak ematea dagokio Jon Insausti alkateari. Hori zen erregistratu genuen agerraldi eskaeraren arrazoia.

Entzundakoak entzunda, esan dezakegu Udal Gobernua utzikeriaz jardun dela eta zergati asko argitu gabe utzi dituela. Gauzak honela, baiezta dezakegu, beste behin, ohiko batzarra aukera galdua izan dela urrats bat aurrera eman eta akatsak zuzentzen hasteko, jarrera aldaketa bat erakusten hasteko. Tamalez, Insaustik azaldutako jarrerarekin egoera okertu baino ez du egin; horregatik da erabat ulergarria eragile eta elkarteek ohiko batzarra uzteko hartu zuten erabakia. Erabakia erabat babesten du EH Bilduk.

Zentzu horretan, maiatzean publikoki iragarri genuen 100 eguneko epea amaituta, EH Bildurentzat ere urrats bat emateko unea heldu da ezinbestekotzat jotzen dugulako Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta barne biltzen dituen organo honi beste norabide bat ematea eta benetan partaidetzan eta gardentasunean oinarrituko den kudeaketa bat aktibatzea. Bere funtzionamendua eta izaera Ijentea kaletik baldintzatzen eta blokeatzen diren bitartean, jai daukagu. Norabide aldaketa emateko, EH Bilduk baloratuko du zein pausu eman.

Era berean, Insausti alkatea Ekialdeko Barrutiko batzarrera etxeko lanak egin gabe joan zela deitoratu nahi dugu. Agerraldi eskaeran landu nahi ziren gaiak zehatz jasota daudenean (Udal Gobernuak 2026ko aurrekontuen kreditu aldaketen informazioa) horren berri ez zuela adierazten duenean gezurretan ari dela edo bere ardurak betetzen ez dituela adierazi behar dugu. Eta hori onartezina da.

Dagokion foroan eta dagokien ordezkarien aurrean ez du eskatutako informaziorik eman, eta horrek argi erakusten du zer den Ekialdeko Barrutia Alkatearentzat eta Udal Gobernu honentzat.  «Udal Gobernuak ez du aintzat hartzen Ekialde Barrutiaren Batzarra. Erabateko errespetu falta izan da bere diru sailak blokeatzea Batzarrari kontsultatu eta jakinarazi gabe. Edonola, ez da diru sailak izoztea bakarrik, Barrutiaren jarduera bera ere izoztu nahi du Udal Gobernuak, jarduerarik gabe utzi, eta porrotera kondenatu».

EH Bilduren aburuz, begi bistan geratu da Goiaren eta Insaustiren kudeaketa ereduak berdinak direla, eta Barrutiaren kalterako direla: inposizioan oinarritzen dira. Insaustik hobekuntza hitzeman zuen, baina okertzea besterik ez dugu nabaritu.

Denbora honetan guztian pazientziaz ekin badugu ere, inflexio puntu batean gaude.