AKTUALITATEA


| 2018-10-02 13:11:00

Txostena pdf-n

1.Donostiako Turismo Gida-plana 2017-2021

2017ko uztailean Turismo Gida-plana 2017-2021 aurkeztu zuenean, Udal Gobernuak estrategiaren aldaketa adierazgarria iragarri zuen. Hitzez hitz: “turisten kopurua haztea baino (gaualdiak 1.250.000 kopurua egonkortua dago) Donostia marka ondo kudeatzea da helburua, Donostiaren esentzia ez indargabetzea, aitzitik, hiriaren identitatea, balioak eta kultura sustatuko dituena”.

Nahiz eta teorikoki adierazitako helburu hauekin ados egon, EH Bilduk Gida-plan berria ez babestea erabaki zuen eta abstentzioa eman zuen. Hau da, ados geunden Gida-planean adierazten ziren ideia gehienekin, baina Udal Gobernuaren bi urteko ibilbidea ez zetorren bat helburu horiekin. Are gehiago, erabakiak kontrako norabidean hartzen ari zirela begien bistakoa zen.

Gogoratuko den bezala, garai hartan EH Bilduk jarduera ekonomiko honen eta donostiarren bizi-kalitatearen arteko oreka mantentzearen aldeko apustu garbia egin zuen, eta gaur egun leku berean jarraitzen dugu. Udal Gobernu hau sustatzen ari den turismoari buruzko politika publikoak ikusita, gure diagnostikoan bete-betean asmatu genuela uste dugu.

Izan ere, indarrean sartu zenetik urtebete baino gehiago igaro ondoren, Turismo Gida-plan honen eraginkortasuna aztertzeko elementu nahikoa badugula uste dugu.

a)Turista kopurua

Oro har esan daiteke 2017. urtean Donostiako hoteletatik pasatu zen bisitari kopurua era moderatu batean igo zela, aurreko urtearekin alderatua: +%2,9. Bisitari horiek Donostian ia 1.300.000 gaualdi egin zituzten (+%2,2). Bi kasuetan, 2015ean eta 2016an egon ziren igoera handietatik urrun. Desazelerazio hau positiboki baloratu zen Turismo Departamentutik, Donostian “oreka” mantentzen ari zelako.

2018ko datuei dagokienez, berriro ere igoera azkartu egin dela nabarmendu dezakegu. Abuztura arte, %8,6koa da behin-behineko marka, eta badirudi urtearen bukaeran %10etik gorakoa izango dela. Azpimarratzekoa da, azken igoera handi hauek baloratzeko orduan, Udal Gobernuak alde batera utzi duela bai Gida-planaren aurkezpenean bai 2017ko datuak baloratzeko erabilitako diskurtsoa. Hau da, gobernuak baztertu egin ditu bisitari kopuruaren “egonkortasunaren” aldeko hitzak eta errekorren diskurtsora itzuli da (“Donostia EAEren turismoaren buru”). Diskurtso aldaketa argia egon da azken hilabete hauetan, Gida-planaren helburuetatik gero eta gehiago urrunduz.

b)Desestazionalizazioa

2018an bisitarien igoera batez ere goi-denboraldian eta maiatzean izandako igoeran oinarritzen da, baina onartu behar da urria-abenduko datuak jakin gabe ezin dela behin betiko ondoriorik atera. Hala ere, argitu behar da desestazionalizazioan oinarritutako estrategiaren funtsa bisitariak goi-denboralditik behe-denboraldira pasatzean oinarritzen dela. Eta horrelakorik ez da gertatzen ari Donostian, udan eta Aste Santuan egoten den jende pilaketak asko igotzen jarraitzen duelako eta, gainera, maiatza udako kopuru handietara hurbiltzen ari da.

c)Kongresuak

Turismo Gida-planaren arabera, ‘Turismo MICE’ delakoa (kongresuak, batzarrak, jardunaldiak..) lehentasunezkoa da, behe-denboraldian jendea erakartzeaz gain, bidaiari mota interesgarria izan daitekeelako.

2018ko datuak ezagutu gabe, ezin da azterketa sakonik egin, baina 2017an turismo MICEri buruzko datuak asko jaitsi ziren (bisitariak -%9,1; kongresuak -%24,1). Jaitsiera kezkagarri honen inguruko azalpenik ez du eman gobernuak, eta 2018ko datuak onak izan daitezkeela esatera mugatu dira.

 

2.Hotelak

Legealdi honetan, 2015 eta 2018 bitartean, gutxienez, 27 hotel ireki edo proiektatu dira Donostian. Sektoreak berak adierazi duen moduan, 2016-2020 bitartean eskaintza %30-%40 haziko da, 2.500 plaza gehiago egunean, gutxi gorabehera.

 

2017an 9 hotel berri ireki ziren, 209 plaza berri (+%3,9).

 

Udal Gobernuak prentsaren bidez adierazi berri du bizitegi-erabilera duten eraikinak hotel bihurtzeko aukera mugatu nahi duela. Horretarako araudi urbanistikoan aldaketak egin beharko ditu Udalak, eta horrek denbora eskatzen du (hilabeteak). Edozein kasutan, orain arte emandako lizentzietan eta araudiaren aldaketa indarrean sartu arte emango dituztenetan iragarpen honek ez du inongo ondoriorik izango. Eta argitu behar da neurri hau soilik bizitegi-erabilera duten eraikinei dagokiela. Gaur egun erabilera komertziala duten eraikinetan balizko neurri honek ez luke inongo ondoriorik izango.

3.Pisu turistikoak

a)Ordenantzaren balorazioa

2018ko martxoan etxebizitza turistikoen ordenantza berria indarrean sartu zen, eta uda denboraldia igaro ondoren, lehen balorazioa egiteko elementu nahikoa badagoela uste dugu.

Gogoratu behar da ordenantza berria onartu zenean EH Bilduk adierazi zuela araudi berriarekin pisu gehiago baimenduko zirela eta etxebizitzaren prezioan eragin negatiboa izango zuela. Aldiz, ongi baloratu genuen Alde Zaharra “gune saturatua” izendatzearen erabakia (baina Ekialdeko Zabalgunea kanpoan utzi izana kritikatu genuen). Hilabete hauetan guztietan baieztatu ahal izan dugu denborak, zoritxarrez, arrazoia eman digula.

  • Udal Gobernuaren arabera, orotara, gaur egun 1.227 pisu turistiko daude Donostian. Kopuru horrek, dagoneko, Eusko Jaurlaritzak 2017an Donostiarako ematen zuen kopurua (1.200) gainditzen du. Gogoratu behar da, hala ere, 1.200 horietatik laurden batek baino ez zuela betetzen “lehen solairuaren araua”, eta beraz, beste hiru laurdenak legez kanpokoak zirela, epaitegiek behin eta berriz adierazten ari diren moduan (azken kasua Toledoko Artzapezpikutzak Txurruka kalean zuen pisua legez kanpokoa zela berretsi dute epaileek).

  • Legezko eskaintza. Egiari zor, Udal Gobernuak onartu beharko luke ordenantza berriarekin legezko pisu turistikoak hirukoiztu edo laukoiztu egin direla Donostian. Beraz, EH Bilduk asmatu egin zuen bete-betean adierazi genuenean ordenantza berriak de facto amnistia bat suposatzen zuela Donostian zeuden ehunka legez kanpoko pisu turistikorentzat (Eneko Goiak gezurtatu arren).

  • Legez kanpoko eskaintza. Hala ere, inork ez daki gaur egun zenbat pisu turistiko dauden zehatz-mehatz Donostian, legezkoen eta ez legezkoen artean. Soilik AirBnB-n gaur egun 1.950 eskaintza, daude, AirDNA-ren arabera. Baina Internet bidezko beste operadore gehiago daude (Homeway...).

  • Hauek horrela, gaur egun ezin da jakin zenbat gaualdi egiten dituzten turistek Donostiako pisu turistikoetan, ezta zenbat turista etorri diren sistema hau erabiliz. Hoteletan egiten diren gaualdiak eta bisitari kopurua kontrolatzen diren bezala, pisu turistikoei dagokienez ez dago biderik kopuru hau neurtzeko.

  • Eskaintza erdigunetik eta Grosetik inguruko auzoetara zabaltzen ari da, AirDNAren irudi honetan ikusten den moduan:

     

  • Badago eztabaida ireki bat pisu turistikoek alokairuen prezioetan duten eraginaren inguruan. Adituen arabera, pisu turistikoen fenomenoa berria denez, azterketa sakonik egiteko aukerarik ez da egon. Hala ere, Ameriketako Estatu Batuetan, non fenomenoa urte batzuk zaharragoa den, lehen ikerketak lotura zuzena dagoela adierazten ari dira. Eremu politikoan, Sanchezen gobernuak ere lotura dagoela adierazi du.

  • Edozein kasutan, alokairuen prezioak inoizko altuenak dira Donostian, eta ez dirudi jaisteko asmorik dagoenik. Azken 12 hilabeteetan %20,5 igo da, Idealista.com1-en arabera. Azken lau hiruhilekoen datuak gero eta okerragoak izan dira, eta 2018ko bigarren hiruhilekoak inoizko daturik altuena markatu du: 15,4 €/m² hilean. Hau da, 90 m²-ko etxebizitzan bizitzeak, batez beste, 1.386 euro balio du Donostian, iaz baino 238 euro garestiago hilero. Igoera berri honekin, Eneko Goiaren agintaldian %31,62 garestitu da alokairuen prezioa Donostian.

     

  • Beste aldetik, Donostian badago beste eztabaida ireki bat: prezioak soilik erdialdean igotzen ari dira edo hiri osoan (Altzan, Intxaurrondon eta abar)? Jose Luis Polo adituaren arabera, Donostiaren kasuan argi dago hiri osoan igotzen ari dela pisu turistikoen presioaren eraginez.

b)Eskaintzaren ezaugarria

Ikerketa berri bat AirBNBren pisuen atzean zein dagoen argitzen saiatu da, eta Donostiaren kasuan argi geratzen da eskaintza oso esku gutxitan metatzen ari dela. Zehazki, Gipuzkoa osoan maiatzean eta ekainean AirBnB-n aktibo zeuden 2.078 pisu turistikoak ikertu zituzten (ia denak Donostian) eta erabiltzaileen %5ak eskaintzaren %38 kontrolatzen zuela ondorioztatu zuten. Estatu mailan, pisuen kontzentrazioari dagokionez Gipuzkoa 4. tokian dago, Illes Balears, Girona eta Tarragonaren atzetik.

Ikerketa bereko beste atal batean, AirBnB pisuen dentsitateari dagokionez Donostia Estatu mailan 7 . postuan agertzen da:

 

c)Ordenantzaren egoera juridikoa

Gaur egun, Aparturek ordenantzaren zati bati helegitea aurkeztu dio. Eta beste aldetik, Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzordeak (CNMC) errekurtso bat aurkeztuko duela adierazi du, kasu honetan araudi osoari. Ibilbide luzea izango dute errekurtso hauek, eta kautelazko neurri gisa ordenantza berria bertan behera geratzeko aukera egon badago. Horrek irekiko lukeen agertokia zaila da aldez aurretik neurtzea.

Bete alde batetik, nahiz eta ordenantza martxoaren 1ean indarrean sartu, arau berriak betetzen ez dituzten zenbait pisu turistikori baimenik gabe jarduerarekin jarraitzea onartu die Udal Gobernuak, hasieran abuztuaren 31 arte eta orain inork ez daki noiz arte. Udal Gobernuak eman duen arrazoia da bi langile bajan daudela eta oraindik ezin izan dituztela espediente guztiak aztertu. Ez da ezagutzen beste udal ordenantzarik bere ezarpena hainbeste atzeratu denik (TAOren kasuan gertatu izan balitz?). Kasu honetan, gainera, atzerapen honek goi-denboraldiarekin kointziditu du. Orain arte aztertutako espedienteen artean %1atzera bota dituzte, eta 300 bat aztertzeko zain daude.

4.Tasa turistikoa

Kontu zaharra da hau (EH Bilduk 2013an proposatu zuen), baina azkenaldian turismoari buruzko eztabaidan zentralitate handia hartzen ari da.

Donostiako EH Bilduk 2017an egindako turismo ereduari buruzko proposamen integralean, tasa turistikoaren beharra jasotzen genuen turismo-jardueraren itzulketa soziala lortzeko. Izan ere, jarduera turistikoaren ondorioz, hiriko ondasun publikoak erabiltzen dira (kaleak, plazak, Donostiako azpiegiturak, zerbitzuak eta, zergatik ez, baita donostiarren abegi ona ere) etekin ekonomiko pribatu oso handiak ateratzeko. Azken finean, turismoak sortzen duen aberastasuna herritarren artean banatu behar da.

Oro har, teorikoki adostasun handia dago tasa ezartzeko beharraren inguruan, baina turismoaren eremuan kokatzen diren aktore desberdinak ez dira ados jartzen tasak nola ezarri eta zertarako izan behar duen zehazteko orduan.

  • Eusko Jaurlaritza ari da une honetan txosten bat egiten zehazteko ia diputazioak edo udalek kobratu behar duten eta nola. Erabaki hau hartu arte, gaia blokeatua dagoela esan daiteke.

  • Eusko Legebiltzarrean ere gaia jorratzen ari da eta badirudi datozen hilabeteetan tasari buruzko lege berri bat egiten hasiko dela.

  • Batzar Nagusietan eta Donostiako Udalbatzan, printzipioz eta teorikoki, adostasun handia dago tasa berri honen bidez lortzen den dirua zertan erabili behar den zehazteko orduan: administrazioak diru-iturri berri hori turismoak eragiten dituen kostuei aurre egiteko erabili behar da (errepideak konpontzeko, hondakinen kudeaketarako, hiri-mantenimendua egiteko...).

  • Sektore pribatua ez dago tasaren aurka, baina ezartzekotan Donostiako sustapen turistikorako erabili behar dela diote. Donostiako EH Bilduk ez du horrelakorik onartuko.

  • Iaz onartutako Turismo Zuzendaritza Planean tasa turistikoaren aldeko jarrera hartu zen. Planaren arabera, bisitariek ostatu hartzerakoan ordaindu beharko lukete tasa turistikoa eta 2 milioi bat euroko diru ekarpena egingo lioke hiriari.

5.Hiriaren “benetakotasuna” mantentzea

Segur aski, datu objektiboekin neurtzeko punturik zailena da hau baina, pertzepzio subjektiboetatik haratago, uda honetan Donostiako izaerarekin eta nortasunarekin bat ez datozen zenbait kontu ibili dira hitzetik hortzera.

  • Enpresa turistiko batzuk elkarte gastronomikoetatik tour turistikoak egiten hasi dira, batzuetan turistei dirutza kobratuz. Honek eztabaida piztu du, orain arte elkarteek irabazi asmorik ez dutelako izan.

  • Donostiako zenbait ohitura eta harreman sozialak egiteko eremuak aldatzen ari dira turismoaren eraginez. Adibidez, uda honetan pintxoak jateko ohitura aldatzeari buruz asko hitz egin da.

Puntu honetan ere, printzipioz eta teorikoki, alderdien artean adostasun zabala dago kalitatezko turismoa sustatzeko elementu zentrala bertako kultura berezitua dela adierazterakoan. Beste kontu bat da ia turismoari buruzko kanpainetan Donostiak eman nahi duen irudia bat datorren helburu honekin ala ez.

Beste aldetik, Parte Zaharra turista guztien topagune bihurtzeak ondorioak ekarri ditu. Alde batetik, goi denboraldian donostiar askok Parte Zaharrera joateari utzi diote, baina kaltetuena auzotarren bizi-kalitatea da. Bertako bizilagunak behin eta berriz salatzen ari dira egoera okerrera doala eta, gainera, Udal Gobernuak oinarrizko zerbitzu publikoak hobetzeko konpromisorik ez duela hartzen: Orixe ikastolak urgenteki behar duen lekurik gabe jarraitzen du, osasun-etxe berriak atzerapen oso handia darama, hondakinen kudeaketa oso eskasa da, eta abar.

6.Sektorearen egoera

Turismoaren sektorea, hotelen jarduera ekonomikoa eta ostalaritzaren batuketa bezala hartuta, Donostiako lehen sektore ekonomiko bilakatu zen 2017. urtean, BPG-aren %13ra igoz. Turismoaren atzetik merkataritza eta biosanitarioa dago (%12) eta ondoren hezkuntza (%11). Industria %5,2ra jaitsi da.

Datu honek, aipatutako beste datuekin batera, turismoa zer nolako pisua hartzen ari den gure ekonomian adierazten du. Urtetik urtera protagonismoa irabazten ari da eta, honen ondorioz, egitura ekonomiko osoa aldatzen ari da eta ekonomiaren arlo guztietan du eragina. Adibidez, enpleguaren izaeran eragina du, turismoan lan egiten dutenek, oro har, industrian lan egiten dutenek baino baldintza okerragoak izaten dituztelako.

Zentzu honetan, enpleguari dagokionez, azken urteetan prekarizazioa areagotzen ari da gure hirian, adin tarte guztietan, baina batez ere 34 urtetik azpikoen artean.

 

Azkenaldian, gainera, turismoarekin zerikusia duten zenbait arlotan lan prekarizazioarekin lotutako gatazkak areagotzen ari dira: Bus turistikoahoteletako langileek beren baldintzak hobetzea lortu dute baina ostalaritzakoek ez, eta abar.

7.Ondorioak

  1. Donostiako Udal Gobernuak ez dauka turismoa sortzen ari diren erronka berriei aurre egiteko estrategiarik. Gida-planean zehaztutako helburuak ez dira betetzen ari, azken hilabeteetan diskurtsoa 180º aldatu du eta turismoarekin lotutako neurgailu gehienak gorriz ditu Eneko Goiak eta Ernesto Gascok zuzentzen duten Udal Gobernuak. Hori dela eta, urgentea da Turismo Gida-planaren betekizun maila zehazteko jarraipen bilera bat lehenbailehen egitea, 2019ko urteari begira neurri zuzentzaileak ezarri ahal izateko.

  2. 2017-2021 Gida – planean zehaztutako helburu orokorrak ez dira betetzen ari. Gogora ditzagun zeintzuk ziren helburuak: eboluzio orekatua eta jasangarria, nazioartekotzea, desestazionalizazioa eta hiriaren nortasuna eta benetakotasuna mantentzea. Nazioartekotzearena kenduta, beste arloetan hutsune oso handiak daude.

    • Bisitarien kopuruari dagokionez, desoreka areagotzen ari da. Azken hilabeteotan, berriro ere, igoera oso handiak izaten ari dira. Eta datozen hilabete eta urteotan goranzko joera mantenduko dela esateko arrazoi asko daude: hotel gehiago egongo dira, pisu turistiko gehiago baimenduko dira, egunpasa gehiago egiten ari dira... Adibidez, abuztu honetan, hoteletako gaualdiei dagokienez historia modernoaren daturik altuenera iritsi gara: 175.720 gaualdi, iaz baino 20.000 gehiago. Eta, segur aski, 2018an bukatuko da %10 baino gehiagoko igoerarekin. Jasangarria al da urtero-urtero %10 igotzea? Non dago muga? Gure iritziz, Donostiako zenbait auzok bisitariak jasotzeko dituzten muga fisikoak aztertzen hasi beharko litzateke Turismo Bulegotik eta Udal Gobernutik.

    • Desestazionalizazioari dagokionez, Udal Gobernua ikuspegi okerra erabiltzen ari dela uste dugu. Desestazionalizazioa ez delako bakarrik udatik kanpo ere gero eta turista gehiago etortzea, baizik eta bisitariak urtean zehar sakabanatzea masifikazio uneak saihesteko. Goi-denboraldian gero eta askoz bistari gehiago etortzea, eta aldi berean, behe-denboraldian gero eta askoz bisitari gehiago etortzea ez da eskaintza desestazionalizatzea, hori Donostian Aste Nagusian dagoen saturazioa urte osoan zehar zabaltzea da, eta hori ez da ona herritarrentzat ezta sektorearentzat ere.

    • Hiriaren benetakotasuna: Bereziki kezkagarria da azken urteotan arlo honetan ematen ari diren ohitura aldaketak. Gure ustez, marketin kanpainetan askoz indar gehiago jarri beharko litzateke gure nortasuna zein den adierazteko orduan. Bestela, turismoaren industriaren joera da “helmuga turistiko” guztiak berdintzea. Eta hori ez da ona donostiarrontzat, ezta sektorearentzat ere.

  1. Udal Gobernuaren diskurtso aldaketa kezkagarria: 2017ko datuen balantzea egiterakoan, “datuek bide onean goazela” erakusten zutela adierazi zuten Turismo Bulegotik. Izan ere, turista kopuruak igoera moderatu bat izan zuen 2017an (%2,9). Baina 2018ko Aste Santutik aurrera, berriro ere “errekorren diskurtsora” bueltatu dira Udal Gobernuaren bozeramaileak, “Euskadiko turismoaren buru” garela hilabetez hilabete errepikatuz. Gure ustez, 2017ko datuak baloratzeko orduan egindako irakurketa zuzena zen, “bertako bizitza eta jarduera ekonomikoaren arteko oreka”, literalki, balioan jartzen zelako. Orain, berriz, orduan esandakoarekin koherentzian, igoera handi hauekin turismo-jardueraren eta bertako bizitzaren arteko oreka galtzen ari dela onartu beharko luke Udal Gobernuak.

  2. Legezko pisu turistikoak laukoiztu egin dira Donostian ordenantza berria indarrean sartu zenetik. Eta aurreikuspena da gero eta legezko etxebizitza turistikoa gehiago egotea. Erdigunean eta Grosen gainezka egiten ari direnez, gero eta pisu turistiko gehiago agertzen hasiko dira Antiguan, Egian eta Amaran. Izan ere, ordenantza berriak pisuak ezartzeko baldintzak malgutu ditu eta beste auzo batzuetan ezartzea hauspotu du.

  • Pisu turistikoetan gaualdiak egitera etortzen diren bisitariak neurtzeko sistema bat behar da. Hoteletan ez bezala, ezin da jakin zehatz-mehatz zenbat bisitari izan ditugun uda honetan pisu turistikoetan. Neurgailu berri horrek, gainera, Donostiak jasotzen duen bisitari kopuru zehatzago bat emango liguke.

  • Beste aldetik, ordenantza berriari buruz auzitegietan datozen hilabeteetan hartuko diren erabakiak, eta honi lotutako ardurak eta ondorioak, arreta handiz aztertuko ditugu.

  1. Hotel berriei muga ezartzeko formularen inguruan adosteko prest dago EH Bildu: 2016-2020 urte bitartean plazen eskaintza %30 baino gehiago igoko dela aurreikusi da. Igoera honek kezka sortu du sektorean bertan -EH Bilduk konpartitzen duena- ondorengo urteotan eskaintza handi hori betetzeko adina demanda ez balego, prezioak jaisten hasiko zirelako, eta horrekin batera, beste mota bateko turismo eskaintza egiteko arriskua dagoelako. Garbi esanda, “Magaluf” eredurik ez dugu nahi hemen.

  2. Tasa turistikoa. Batzuek eta besteek lehenbailehen ezartzeko borondatea dutela adierazi arren, ez dirudi epe motz-ertainean indarrean sartuko denik. Turismoaren sektorearen interesak ikusita, sorpresa handia izango litzateke tasa turistikoa maiatzeko hauteskundeak baino lehen indarrean sartzea. Eta sartzekotan, titularretatik haratago, letra txikia tentuz irakurriko dugu. Edozein kasutan, EH Bilduk jarrera aktiboa mantenduko du eztabaida honetan, turismoaren itzulketa soziala lortzeko eta sortzen den aberastasuna banatzeko tresna egokia izan daitekeelako.

  3. Lan prekarizazioari stop esan behar zaio. Datozen urteotan turismoa gure hiriko sektore ekonomikorik handiena edo handietarikoa izango denez, langileen baldintzak hobetzeko politika publiko zehatzak ezarri behar dira. Eta lan gatazkak sortuz gero, Udalak jarrera aktiboa mantendu behar du, betiere langileen baldintzak hobetzearen aldekoa. Ezin da egin, adibidez, Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuak aurtengo maiatzean egin zuena, hoteletako langileek hasitako mobilizazioak “Euskadirentzat desprestigio bat” zirela esan zuenean. EH Bilduren iritziz, langileen lan baldintza onak gure turismo ereduaren ezaugarri nagusietarikoa izan beharko lirateke.

  4. Herritarren partaidetza areagotu behar da. Turismoak alde positiboak eta negatiboak dituenez, ahalik eta adostasun handienarekin kudeatu behar da. Are eta gehiago kontuan hartzen badugu turismoak hirian ondorengo urteotan izango duen inpaktua gero eta handiago izango dela. Hori dela eta, bai Gida-planaren berrikuspenean bai etorkizunean ezarriko diren bestelako politika publikoen diseinuan, turismoko sektoreko eragileez gain, auzo-elkarteekin, sindikatuekin eta bestelako eragile sozialekin eta herritarrekin kontatu behar da.