Kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea eta ahalegin fiskala modu justu eta orekatuan banatzea, hau da, progresibitatea bermatzea, izan dira EH Bilduren udal taldeak ekarpenak lantzeko prozesuan jarraitu dituen irizpideak. Hala, EAJ eta PSEren Udal Gobernuak mahai gainean jarri duen tasa eta zerga ordenantzari 11 zuzenketa eta 12 arau proposamen erregistratu dizkiogu iraileko Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatzeko.
Udal Gobernuak proposamena aurkeztu aurretik, EH Bildutik modu publikoan gure borondatea azaldu genuen elkarrekin lan egin eta donostiarren interesen alde modu aktiboan ekiteko, adostasunetik. Gure borondatea zintzoa izan da, konbentzimendutik proposamena hobetzeko tarte handia dagoela. Gure deiari erantzunez, bilera bat egon da tarte honetan Udal Gobernuarekin, baina bertan argi gelditu zen ez dagoela borondate politikorik EH Bildurentzat tasak eta zergak justuak izateko ezinbestekoak diren hiru kontzepturen bueltan neurriak aplikatzeko: herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko adina jasotzea, ez gutxiago eta ez gehiago; kudeaketa arduratsua egitea, eta aipatu progresibitatea bermatzea.
Ostiral goiz honetan Juan Karlos Izagirrek eta Jabi Vitoriak eskainitako agerraldian, EH Bilduren bozeramaileak adierazi duen bezala, «tasen eta zergen aurtengo igoera EAJ eta PSEk proposatu dutena baino baxuagoa izan daiteke modu orokorrean aurreko urteetan izandako igoerak eta Udaletxearen egoera ekonomikoa kontutan hartuta», baloratu du.
Kudeaketari dagokionez, zaborren tasarekin egindakoa erakusle ona da. Zerbitzu honek defizitarioa ezin duela izan argudiopean, iragarritako igoera justifikatu dute, % 4,25ekoa. Argudio hori ontzat hartuta, EH Bildutik, horren aurrean, kudeaketa hoberako formulak mahai gaineratu ditugu: gastua jaistea (gaikako bilketa hobetuz, San Markori gutxiago ordaindu defizita murriztea lortuz) eta gehien sortzen dutenei ekarpena handitu. Izan ere, hondakin sortzaile handiek, hala nola ostalaritza eta enpresek, sortzen dutenaren neurrian aportatu behar dute. Modu honetara, EAJ-PSEk planteatu duten igoera orokorra txikiagoa litzateke etxeetan. Tamalez, ez dute gure eredua begi onez jaso.
Progresibitatea ere eredu kontua da, eta lehentasun bat EH Bildurentzat. Bizikidetza unitateei eragiten dieten tasa garrantzitsuenetan aplikatzeko aukerak egon badaude, eta horretarako hobariak eskaintzea da aukera bat. Izagirrek azaldu duenez, «etxe bakoitzean dauden diru-sarreren arabera eta bertan bizi diren pertsonan arabera aplikatuko lirateke. Balibaide gehiago behar badira ahalbidetu egiten dira, baina progresibitatea ezinbestekoa da zergak eta tasak justuak izateko».
Gauzak honela, esan dezakegu Udal Gobernuak ez duela negoziatzeko beharrezkoa den borondatea azaldu. Ez du edukirik egokitu nahi izan eta adostasuna bilatzeko interesa ez da erakutsi. Eta honekin, kaltetu nagusiak donostiarrak izango direla uste dugu.
Arreta berezia etxeetako ekonomian
Proposamen nagusiak aletu baino lehen, Jabi Vitoria zinegotziak gogorarazi du OHZ ia % 8 igo dela 2 urtean, eta oinarrizko zerbitzuak, hala nola, etxeko zaborra % 32,9, ura % 6 eta saneamendua % 14,3. «Horiek dira donostiar guztiei eragiten dieten zerga eta tasak, haien etxeko ekonomia oinarrizkoenari eragiten diotenak, eta, beraz, arreta berezia behar dute».
EH Bilduren proposamen nagusiak, jarraian:
1.- OHZ eguneratzea
Zerga-bilketan eragin handiena duen zerga da (48 milioi euro 2023an, 52 milioi 2024an eta 55,5 milioi 2025ean). Arlo honetan bi zuzenketa erregistratu ditugu. Lehena, Udal Gobernuak % 2ko igoera proposatzen duenaren aurrean, % 1,5eraino eguneratzea proposatzen dugu, KPIaren azpitik, igoera aurreko urteetako KPIaren gainetik berrorekatuz.
Bigarrenean, gas eta elektrizitate-kontsumoaren erreferentziak eguneratzen dira, etxebizitza hutsen errekargua aplikatzeko udatiarren etxebizitzetan 90 eguneko kontsumoa finkatzeko.
Arau-proposamenei dagokienez, proposatzen dugu etxebizitza huts batean efizientzia energitikoan lagunduko duten sistemak instalatzeagatik OHZn hobari bat jasotzeko eskubidea, baina honek ez duela ahalbidetzen etxea hutsa izateagatiko errekargua ez kobratzea.
2.- EIOZ egokitzea (eraikin, instalazio eta obren gaineko zerga)
Udal Gobernuak hobari gisa mantendu ditu igerileku pribatuetan egindakoak.
Vitoriak adierazi duenez, jendartean desberdintasuna handitu den egoera honetan, ez zaigu egokia iruditzen guztion diruarekin hobariak ematea inbertsio pribatu esklusibo horientzat, eta, beraz, energia-eraginkortasuneko inbertsioetan igerileku partikularretarako hobariak kentzea proposatzen dugu.
Energia-eraginkortasuneko inbertsioei hobariak emateko atalean, arau-proposamen bat ere aurkeztu dugu, EIOZaren ordainketari lotutako obren artean txertazeko 10 urtetik gorako antzinatasuna duten etxebizitza eraikinetan energia-eraginkortasuna hobetzeko egiten direnetan, hain zuzen.
Gainera, EH Bildutik auzoetan oinarrizko beharrei erantzuten dien tokiko merkataritzarekiko dugun konpromisoa irmoa da, horregatik prozesu honetan ere hurbileko merkataritzarako laguntzetan jarri dugu fokua. Parte Zaharreko edo merkataritza-ardatz estrategikotzat jo daitezkeen beste gune batzuetako lokal komertzialetan obrak egitea sustatzen lagunduko duen zergaren gaineko % 95eko hobari-proposamena aurkeztu dugu.
Gogora ekarri behar dugu, EH Bilduk eskatuta, Donostiako Udalbatzak uztailean onartu zuela Parte Zaharrean eta Kaian Merkataritza Birgaitzeko Plana diseinatu eta ezartzeko beharra. Konpromiso hori betearazteko lan egingo dugu.
3.- Ibilgailuen eguneratzea
Zuzenketa bat egitea proposatzen dugu, kargak pixkanaka handitzeko, zilindradaren arabera. Lehenengo lau tarteetan % 1,5era murriztuko da igoera, eta Gobernuak proposatzen duen gehikuntza turismo eta motorretako goiko bi tarteetan soilik mantenduko da, potentzia fiskal handienekoetan, karga altuen errealitatea, progresibotasuna eta foru-arauan jasotako indarreko legedia bateratzeko ahaleginean.
Era berean, araudi proposamen bat erregistratu dugu motor elektrikodun ibilgailuentzako hobaria egungo % 90etik zerga kuotaren % 95era igotzeko.
4.- Lurzoru publikoa okupatzeagatiko tasa
4.1.- Terrazak:
Udal Gobernuak % 2ko igoera orokorra proposatu du. Aldiz, EH Bilduren proposamena kaleen eta eremu saturatuen kategorien arabera eguneratzea da, baita okupazio-motaren arabera ere. Esparru itxietan % 2,5eko igoera izango da, espazio publikoaren okupazio-motagatik duten kokapena alde batera utzita, eta gainerako okupazioetan, kale-kategorien arabera, % 2,5eko igoera 1., 2. eta 3. kategoriako kaleetan daudenetan; eta % 1,5eko igoera, Goiaren gobernuak proposatutakoa baino txikiagoa, maila txikiagoko kaleetan kokatutako terrazetan (4., 5. eta 6. kategorietan).
4.2.- Hesiak eta aldamioak:
Gure ustez, Udalarentzat bereziki interesgarria da 10 urte baino gehiago dituzten bizitegi-eraikinetako fatxadak eta estalkiak energetikoki eraginkorragoak izatea eta behar bezalako baldintzetan egotea, baina gutxiago kobratu behar zaie okupazio publikoagatik helburu hori lortzeko behar diren obrak sustatzen dituzten komunitateei.
Hori dela eta, fatxadako emokatze-lanetarako dagoen % 50eko hobariaren idazketa eguneratu dugu, fatxada eta estalkia zaharberritzeko edozein obratarako epea hiru hilabetetik gorakoa ez denean, eta % 25eko hobaria proposatu da okupazioak epe hori gainditzen duenean.
5.- Uraren tasa
EAJ-PSE-k proposatzen duten izozketaren aurrean, igerilekupribatu eta ureztatzeetarako % 2ko karga eguneratzea proposatzen dugu. Gainera, bizi dugun testuinguru ekonomiko gogorrari erreparatuz, eta progresibitatearen ikuspegitik, errentaren araberako kuotaren hobari desberdinak proposatzen ditugu, diru-sarrera baxuenak dituzten bizikidetza-unitateei laguntzeko.
6.- Zaborraren tasa
Udal Gobernuak proposatzen du datorren urterako defizit handiago hori xurgatzea tasa % 4,25 igoz; hala ere, EH Bildutik defendatzen dugu ezin dela mugatu tasa handitzeko planteamendura kostua xurgatzeko. «Udal Gobernuaren planteamendu hori erredukzionista eta partziala da, eta ez die erantzuten araudi berriaren helburuei, ez baitu esku hartzen ez kostuaren murrizketan (arrazoien azalpenean behintzat ez du horrelakorik jasotzen), ez sortzeagatiko ordainketan», ohartarazi du Vitoriak.
Gogorarazi nahi dugu EH Bilduren ekimenez, udal batzorde bat sortu dela aurten gai honi heltzeko talde politiko guztien parte hartzearekin. Horregatik, zuhurtziaz eta erantzukizunez jokatuz, etxeko tarifaren tasaren igoera % 1,5ekoa izatea proposatzen dugu, Gobernuak gainerako jarduera eta zabor saortzaile handientzat egindako proposamenari eutsiz. Gainera, errentaren araberako hobari ezberdinak jarri ditugu mahai gainean.
Aintzat hartzeko beste zenbait kontu
Ezin dugu ahaztu, halaber, erantzukizun gehigarri bat ere badagoela, eta bada gure hirira turista asko etortzeak eragiten duena zerbitzuen kostuen igoeran. Hori dela eta, tasa edo zerga turistikoak izaera finalista izan behar du: hiri honek eskaintzen dituen zerbitzuen kostuak hiri honetaz gozatzen duten turistei ere badagokie.
Jabi Vitoriaren hitzetan, Udal Gobernuaren irizpenekin batera doan zerga-politikaren finantza-ebaluazioari buruzko txostenean ez zaio inolako erreferentziarik egiten tasa edo zerga turistikoari, kontuan hartuta martxan jarriko balitz baliabide ekonomiko gehigarri garrantzitsuak izango liratekeela (8 milioi, alkateak publikoki adierazi zuenez). Ziurgabetasuna dago hori gauzatzeari dagokionez (badirudi aurten Batzar Nagusietan onartzeko borondatea dagoela, Udalak onartu ahal izateko aurretiazko baldintza baita), baina ezin da alde batera utzi datorren urterako martxan jarriz gero Goiaren Gobernuak proposatu dituen igoeren zati handi bat ez litzatekeela beharrezkoa.
Azkenik, beharrezkoa ikusten dugu honako gogoeta hau egitea. «Generoak aurrekontuetan duen eragina ebaluatzen hasi ginen bezala, gastuari dagokionez, Bildu Udal Gobernuaren buru zela, uste dugu beharrezkoa dela konpromiso bat hartzea genero-ikuspegia ordenantza fiskaletan ere sartzeko, udal-aurrekontua osatzen duten diru-sarrera arrunten zati handi bat osatzen baitute. Aurkeztutako espediente guztietatik tasa bakar batek, hilerriko zerbitzuei buruzkoak, jasotzen du txosten hau (13tik 1 )», deitoratu du Vitoriak.