AKTUALITATEA


| 2025-07-23 15:05:00

2025eko uztailaren 23 honetan Donostiako Udalak eta Defentsa Ministerioak Loiolako kuartelen salerosketarako akordioa sinatu ondoren, EH Bilduren udal taldeak unearen garrantzia aitortu nahi du, baina baita zenbait alderdiri buruzko hausnarketa egin ere, hala nola akordioaren termino ekonomikoei edo aurrerantzean irekitzen diren aukeren kudeaketari buruz.

1.- Loiolako kuartelen salerosketa, hain zuzen, mugarri historikoa da, berri ona, zalantzarik gabe, Donostiarentzat, hainbat arrazoirengatik:

- Espainiako Defentsa Ministerioak bereganatu zituen lursail batzuk berreskuratu dira.

- Hiriak dituen erronka batzuei erantzuten laguntzeko aukerak eskaintzen ditu, batez ere etxebizitzarena.

2.- EH Bildutik berriro diogu bi aldeen artean itxitako akordio ekonomikoa ez datorrela bat helburu bera dutela dioten bi erakunde publikoren arteko ondasunen salerosketarekin. Partikular batekin egindako salerosketaren antza handiagoa du. 73,3 milioi euro prezio altua dela uste dugu. Kopuru horri, gainera, gehitu behar zaio hamarnaka militarren eta/edo familiartekoen etxebizitzek izango duten kostu ekonomikoa; izan ere, hitzarmenean jasotzen denez, badagokie etorkizuneko hirigintza-operazioa egingo den eremuan beste bizileku bat ematea.

3.- Aukera hau behar bezala kudeatzeko garaia da. Akordio honek suposatzen duen ahalegin ekonomikoa donostiar guztiona da eta, ondorioz, guztiok etekina atera behar diogu ahalegin partekatu honi.

- EAJk etxebizitza babestuaren portzentajean atzera egin zuen bezala, azkenean EH Bildutik eskatzen genuenaren alde eginez, hau da, etxebizitza horien % 100 babestua izatea, orain kudeaketa egoki baterako urrats hauek eman behar dira:

- Gainerako indar politikoekin eta inguruko auzoetako (Loiola, Txomin Enea eta Martutene) herritarrekin adostasunak bilatzeko prozesu bat irekitzea.

- Auzo horietan dauden behar historikoei erantzuna ematea lehenestea eta garapen horretarako ezarri beharreko irizpideak onartzea bilatzea, etxebizitza, ekipamendu, zerbitzu, mugikortasun eta berdeguneei dagokienez, besteak beste. Hiriko auzo horiek gabezia nabarmenak dituzte, eta, gaur egun, oraindik ez dira konpondu. «Hiri-ekipamenduez» hitz egiteak, alkateak asteazken honetan adierazi duen bezala, ezin du Udal Gobernu hau EAJ-PSEtik salbuetsi eskaera horiei erantzutetik eta horietan bizitza duina izateko hain beharrezkoak diren «auzo-ekipamenduak» eskaintzetik.

- Akordio horiek antolatzen den edozein ideia-lehiaketatan ezarri beharreko irizpideetan jasotzea, Amarako topoaren trenbideak lurperatzeko proiektuarekin egin berri den ez bezala. Izan ere, proiektu horretan, oposizioarekin eta auzokideekin kontrastatu gabeko irizpideak ezarri dira.

4.- Azkenik, aipatu behar dira beste alderdi batzuk, garrantzitsuak era berean. Hauetan ere erreparatu behar dugu.

- Etorkizuneko auzoaren izena adostu egin behar da, eta ez inposatu, duela gutxi Loiolako Lorategi Hirian egin den bezala. Horretarako udal batzorde espezifiko bat dago, oraindik legegintzaldi osoan deitu ez dena.

- Militarrak nora joango diren argitu behar da, eta ostatu non emango dieten azaldu. Bere jabetzako lurretara? Ba al dago aurreikusita Defentsak hirian beste lur batzuk hartzeko operaziorik? Oraindik jorratu ez diren gaietako batzuk dira; gaur ere ez, horren inguruan galdegin zaien arren.