Urte askotako atzerapenen ondoren, bizilagunek, hainbat elkartek eta ikastetxek —hala nola Zurriola Ikastolak eta Zuhaizti Eskolak— egindako presioari esker, Sorleku parkean exekuzio-proiektua onartu du gaur Udal Gobernuak Tokiko Gobernu Batzarrean. Jarduketak 756.172,15 euroko aurrekontua eta bost hilabeteko exekuzio epea izango ditu. Udal Gobernuak luzamendurik gabe onartu beharko ditu lehiaketa eta obraren ondorengo esleipena arautuko duten baldintza-agiriak, proiektua izateari utzi eta errealitate bihur dadin.
Gaurkoa, zalantzarik gabe, urrats garrantzitsua da. Hala ere, EH Bildutik beharrezko jarraipena egiten jarraituko dugu, Sorleku herritar guztien gozamenerako izan dadin eta elkarteek, eragileek, bizilagunek eta inguruko hezkuntza komunitateek erabaki zuten tokian eta moduan gauzatu dadin.
Zortzi urte igaro dira jada lehen parte-hartze prozesu hartatik, eta, bete gabe geratu diren konpromisoetatik haratago, ahalegin guztiak egin ditugu jatorrizko proiektua errespeta dadin. Azkena iazko urrian izan zen, Udal Gobernuak lur-sail horietan aparkaleku disuasorio bat egiteko asmoa iragarri eta auzoaren oposizioaren ostean, proiektua aldaketarik gabe gauzatzeko mozio bat onartzea lortu genuenean, intxaurrondotarrek adostu eta landu bezala.
Urte hauetan guztietan, EH Bilduk kezkaz ikusi du proiektuari eman zaion tratua, etengabeko atzerapenek eta Udal Gobernuaren lehentasun faltak markatuta. Hala ere, esan dezakegu elkarteekin, eragileekin eta intxaurrondotarrekin batera egindako lana fruituak ematen ari dela. Gaur aurrerapen hau ospatzen ari gara baina ezin gara erlaxatu. Sorleku, behin betiko, errealitate bihurtu arte lanean jarraituko dugu.