Txofreko lur azpiko aparkalekua ustiatzeko kontratuaren indarraldia 2016ko otsailaren 16an amaitu bazen ere, Tokiko Gobernu Batzarrak erabaki zuen zerbitzua ematen jarraitzea amaierako data finkatu gabe.
Txofre aparkalekuaren kudeaketa publifikatzeko eskaera maiatzaren 20ko batzordeetara ekarri dugu, eta Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziaren aldetik jaso ditugun erantzunek eta zehaztepen faltak kezkatzen gaituzte.
Emakida 2016tik zer dela-eta luzatu den galdetu dugu, eta egoera ekonomiko juridikoa «konplexua» dela esateak ez du deus konpontzen. Emakida noiz arte luzatzeko asmoa duten galderari ez dio erantzun ere egin.
Mugikortasun sailak aparkalekuaren kudeaketa bere gain ezin duela hartu argitu badu ere, onartu du Dbus autobus konpainiak bai hartu dezakeela, badituelako horretarako eskumenak. Hortaz, EH Bilduren eskaera posible eta egingarria dela berretsi du Yarzak. Edonola, «horretarako azpiegitura» nahikoa ez duela argudiatu du, aukera hau baztertuz.
Hitz gutxitan esan dezakegu, 2016 urteaz geroztik, hau da, emakida bukatu eta zortzi urtera, berdin jarraitzen dugula gaur egun, egoerari irtenbide bat eman gabe, premiak egon badaudenean eta posible denean. EH Bilduk urteak darama egoeraz ohartarazten eta irtenbide ezberdinak proposatzen. Egoera ez da berria, beraz gainontzekoa hitz hutsak dira, Udal Gobernuak ez ditu izan honi aurre egiteko gaitasuna eta borondatea.
«Udalak denbora izan du, soberan, korapiloa askatzeko. Duela urtebete ikerketa bat abiatu zuela ere esan dute, baina oraindik emaitzarik ez dagoela. Etorkizun labur batera begira zer asmo duten eta irregulartasunarekin amaitzeko zer egingo duten ere ez dute argitu», adierazi du Garbiñe Alkiza.
EH Bilduren zinegotziak gogora ekarri duenez, Udalak 1977an esleitu zuen Txofre plazako ibilgailuentzako lur azpiko aparkalekua eraiki eta ustiatzeko emakida. Udala 462 garaje plaza dituen aparkalekuaren jabea da. Aparkaleku horrek, era berean, eremuko etxebizitza bloke batzuetako aparkalekuak ere baditu: 1.006 plaza.
«Ez dezatela aparkalekuaren izaera argudiotzat hartu egoera bere horretan uzteko», eskatu du Alkizak.
«Orain dagoena irregulartasun-egoera bat da eta argi dago egoera horrekin amaitu behar dela eta irtenbide bat bilatu behar zaiola. Irregulartasun-egoera dagoela Herri Kontuen Euskal Epaitegiak adierazi du 2018 urteaz geroztik eta horrela berretsi du 2021eko txostenean ere», gogoratu du Alkizak. Donostiako Udaleko ondare eta ekonomia kudeaketarako sailek ere aholkatu zuten, dagoeneko 2020an, «beharrezkoa dela kontratu berri bat lizitatzea lehenbaitlehen». Lau urte igaro dira, eta berdin segitzen dugu.
EH Bildutik pasa den astean proposamen sorta bat jarri genuen mahai gainean eta adostasunerako eskua ere luzatu genuen. Irtenbideak bilatzeko lankidetzarako dugun prestutasuna berretsi nahi dugu.