EAJ eta PSEren udal gobernuak datorren ekitaldirako prestatuko duen ordenantza fiskalen proiektuaren aurkezpenaren atarian gaude. Mahai gainean jarriko duten proposamenaren zain, pentsatzekoa da datozen egun edo asteetan aurkeztuko duela, baldin eta garaiz iritsi nahi badu, formalki behintzat, egutegi fiskalaren konpromisoak betetzeko.
Jabi Vitoria EH Bilduko zinegotziak astelehen honetan prentsaurrekoan azaldu duenez, Tokiko Gobernu Batzordean onartu ondoren, tramitazio eta eztabaida prozesuari ekingo litzaioke, eta talde politikoek aukera izango lukete aldatutakoari buruzko zuzenketa-ekimenak egin eta aldatzen ez denari buruzko arau-proposamenak aurkezteko.
Eta, hain zuzen ere, gobernu talde honek bere proposamena aurkeztu bitartean, EH Bildutik laguntzeko eta ekarpenak egiteko prest gaudela adierazi nahi dugu.
Gure ekarpenek, nolanahi ere, badute marko bat. Helburuak dira kalitatezko zerbitzu publikoak eguneratzea, ahalegin fiskala hobeto banatzea pertsonei lehentasuna emanez eta progresibitatea txertatzea diru-sarrera gutxien dituzten kolektiboei hobariak emanez. «Gauden testuinguru
ekonomikora egokitu behar dugu, baina kontuan hartuta legealdi honetako eta azken urteetako bilakaera eta ahalegin fiskala zeintzuk izan diren», adierazi du Vitoriak.
Eta elementu horiekin planteatzen dio EH Bilduren udal taldeak Eneko Goiaren Gobernuari elkarrekin lan egiteko aukera, proposamen adostu batera iristeko.
Ordaintzeko gaitasunaren printzipioa
Iazko zerga eta tasen igoera garrantzitsuetatik gatoz, eta baita aurrekontu korrontean aurrezte garrantzitsuetatik ere, bai diru sarreretan eta baita gastuetan ere.
EAJren eta PSEren Udal Gobernuaren proposamen nagusia ezin da berriro ere bizikidetza unitateen ahalegin fiskalean oinarritu, KPIren gainetik, aurreko urteetan bezala. Estatuan, maiatzeko KPIa %2 koa izan da, eta EAEkoak eta Gipuzkoakoak zertxobait handiagoak, % 2,4koak. Erreferentzia horiek, legealdiko azken bi urte hauetan pilatutako igoerekin batera, udal gobernuaren erreferentzia nagusia izan beharko lukete Donostiako etxeko ekonomiak zergapetzen dituzten zerga eta tasen eguneratzeak ezartzerakoan.
«OHZ bi urteotan ia % 8 igo da, oinarrizko zerbitzuak, hala nola, etxeko zaborra % 32,9, ura % 6 eta saneamendua % 14,3. Aipatu berri ditugun zerga eta tasa horiek donostiar guztiei eragiten diete, etxeetako ekonomia oinarrizkoenari, eta, beraz, arreta berezia behar dute», adierazi du.
EH Bilduk ez du etsitzen, guztiz kontrakoa, eta nahiz eta iaz EAJk eta PSEk baztertu egin zituzten oinarrizko zerbitzuei (ura eta zaborra, adibidez) dagozkien tasen progresibitate-proposamenak, aurten berriro ere eskatuko dugu hain oinarrizkoak diren zerbitzu horietan ordainketa-ahalmenaren printzipioa kontuan har dadin. Eta zaborraren kasuan behintzat, zerbitzu horren erabilera arduratsua egiaztatuta.
Gaitasun ekonomikoa funtsezkoa da hobariak ezartzeko. Hori dela eta, EH Bildutik garrantzitsua iruditzen zaigu udal zergetan hobariak berrikustea (OHZ eta EIOZ bezala ) bilatzen den helburua gal ez dadin, hots, gaitasun ekonomikoan oinarrituta hobariak ematea.
Jarduerei lotuago dauden zerga eta tasei dagokienez, horiek eguneratzea bidezkoa dela uste dugu. Adibidez, EJZ (Jarduera Ekonomikoen Zerga) milioi bat eurotik gorako negozio bolumen garbia duten enpresak zergapetzen dituen zerga da.
Baita gainbalioaren gaineko zerga ere, higiezin baten salmentan lortutako mozkinak zergapetzen dituena. Hau da, eragiketan etekin ekonomikoa badago soilik ordaintzen da.
Zaborraren tasa eguneratzeari dagokionez, Vitoriak aurreratu duenez, «hau lantzeko badugu premisa bat: ezin dugula tasa igotzeko planteamendura mugatu kostua xurgatzeko. Gastuaren arloan ere lan egin behar da, gastua murriztu dadin eta sortutako defizitaren araberako ordainketa murriztu dadin. Hori da Europako Legearen eta Zuzentarauaren helburua», gogorarazi du.
Ezin dugu alde batera utzi arrazoi erantsi bat ere badagoela zerbitzu horren kostuen igoeran, turista eta bisitari asko etortzen baitira gure hirira. Eta eragin hori ez da soilik mugatzen hiri honek eskaintzen duen zerbitzu honen kostuetan. Askoz zabalagoa da. Horregatik, premiazkoa da turismo-tasa gure hirian ezartzea, helburu finalistarekin.
Bildu Udal Gobernuan zegoenean aurrekontuetan generoak duen eragina ebaluatzen hasi ginen bezala, «beharrezkoa da ordenantza fiskaletan ere genero ikuspegia txertatzeko konpromisoa lortzea, ez baitira inondik inora neutralak», adierazi du zinegotziak.
EH Bildutik Udal Gobernuari gure prestutasuna berresten diogu, progresibitatea eta ahalegin fiskalaren banaketa oinarri hartuta. Jabi Vitoriaren hitzetan, horrela «modu arduratsuan jokatzen dugu», «partaidetzatik eta adostasunetik abiatuta proiektu bat adosteko gaur proposatzen dugun esparruaren barruan aurrera egiteko dugun borondatea, jarrera eta prestasuna berretsiz».