AKTUALITATEA


| 2022-12-14 12:14:00

DOKUMENTUA: TURISMOA GOBERNATZEKO PROPOSAMENAK

Udal Gobernuak Donostiako Turismoko Plan Zuzentzaile berria onartuko du aurki, eta EH Bilduk horren inguruko dokumentu bat aurkeztu du gaur. Dokumentuan, zortzi proposamen zehatzez gain, datu eguneratuak eskaintzen dira, hala nola hoteletako plazen kopurua, pisu tusurikoen kopurua edo jarduera ekonomiko honi lotutako biztanleria-galerek gehien kaltetutako kaleen zerrenda.

Donostian turismoa lehen mailako jarduera sozioekonomikoa da eta, gainerako jarduerak bezala, arautu egin behar da.

Reyes Carrere eta Markel Ormazabalek gaur aurkeztu duten dokumentuan baiezta daitekeenez, azken urteotan Donostia neurrigabeko hazkunde-dinamika batean murgilduta dago, eta horrek ondorio ugari ekarri ditu, horietako batzuk kaltegarriak.

Lau datu emango ditugu, 2015-2022 tarteari buruzkoak, hau da, Goiaren turismo-politikaren emaitzak direla esan dezakegu:

  • Goia alkate denetik hiriko hotel, pentsio eta hosteletan bidaiarien sarrera %48 igo da. Izan ere ia 50 hotel-lizentzia berri eman dira.

  • Pandemiaren ondoren, nabarmen hazi da pisu turistikoen kopurua. Inoiz ez da hainbeste egon, ez legezkoak ez klandestinoak.

  • 2015eko ekainetik, etxebizitzaren prezioa %43 igo da erosketari dagokionez, eta %41 alokairuaren prezioari dagokionez. Goiak, horren aurrean, «Donostia beti izan da garestia» erantzun ohi du, baina errealitatea da inoiz ez dela hain garestia izan, ezta hiriko hainbeste eremuetan ere. Gainera, beste euskal hiriburuekiko aldea turismoa handitzen den erritmo berean areagotzen da.

  • Auzo turistikoek biztanleria galtzen dute etxebizitzaren prezio-igoeraren ondorioz. Eta eremu zehatz batzuetan, jarduera turistikoz saturatura daudenetan, galerak %20 gainditzen du, batez ere Erdialdean, Grosen eta Antiguan.

Alerta horiek guztiak aspalditik oso nabarmenak badira ere, Udal Gobernuak «egiten» utzi du. Esku-hartze publikoa oso mugatua izan da, eta erabakien ondorioak, hartu direnak eta hartu ez direnak, begi-bistakoak dira.

Donostiarrak erabakien erdigunean jarriko dituen turismo ereduaren alde egiten du EH Bilduk. Herritarrek konponbideak behar dituzte, eta horrek eskatzen du gobernantza partekatuaren bidez kudeatzea eta esku-hartze publiko irmoa egitea. Hau da, turismoa gobernatu egin behar da.

Neurriak

Epe motzean ezarri daitezkeenak:

  1. Gros, Antigua eta Erdigunea «eremu ase» izendatzea. Lantaldeak eratu behar dira, auzokideekin eta tokiko eragileekin batera, erabakiak hartzeko eta auzoak bizigarria izaten jarrai dezan.

  2. Turismoaren itzulera sozial eta ekonomikoa bermatzea. Turismotik eratorritako irabaziak modu justuan banatu, zerbitzuak bermatu eta lan-baldintzak ziurtatu behar dira. Zentzu honetan, tasa turistikoa ezarri behar da

  3. Tour turistikoak arautzea: turista-taldeen kopurua 15 lagunetara mugatuz eta jarduera puntako orduetan mugatuz zenbait eremutan. Tour-operatzaileen jarraipen zuzena egin behar da.

  4. Disuasio aparkalekuak: bisitarien oldeak sortzen dituen mugikortasun arazoak eta erdialdearen kolapsoa ekiditeko neurriak hartu behar dira.

Arnas luzeagoko neurriak

  1. Ekonomika dibertsifikatzea: Apustu ekonomiko berriak behar dira: berriztagarriak, zaintza, berrikuntza, industria jasangarria...

  2. Donostiako auzoen turistifikazio indizea: Indize horrek auzo bakoitzaren saturazio-maila edo karga-ahalmena neurtzeko balioko du, baina, batez ere, biztanleriaren erresilientzia-maila neurtzeko.

  3. Etxebizitzen bizitegi erabilera blindatu behar da. Pisu turistikoak arautzeko, lehen solairuko araua berreskuratzea. Eta alokairu tradizionalera itzultzeko neurriak hartu.

  4. Gobernantza eredua eguneratzea: Donostia Turismo sozietateari eskumen gehiago emanez.