Gaurko egunez, duela 88 urte, 1936ko irailaren 13an, tropa frankistek Donostia hartu zuten, berrogei urte baino gehiago iraungo zuen erabateko errepresio eta jazarpen aldiari hasiera emanez.
Data hori aukeratzeak zenbait desadostasun eragin zituen eta gaur egun oraindik badira ekitaldi hauetan parte hartzen ez duten elkarte eta eragileak. Edonola, azpimarratzekoa da duela hiru urtetik hona Donostiako Udaleko Memoria Historikoaren Kontseiluak deituta egin direla omenaldiak. EH Bilduk, aurten ere, bat egingo du ekitaldiarekin eta bertan izango gara, 2013an EH Bilduren Udal Gobernuaren eskutik jarri zen Dual eskulturan.
Aukera aproposa da hirian oraindik auzi honetan egiteke dauden lanak eta betebeharrak oroitzeko, Polloeko hilerrian dagoen ‘Martirien mausoleo’ frankistaren eraistea eta bertan lurperatuak dauden miliziano antifaxisten bilaketa eta identifikazioa, kasu. Hain zuzen, CNT Gipuzkoa sindikatuaren ekimenarekin bat egiten dugu, gaur bertan Udalean erregistratuko baitu modu ofizialean gurutze frankistaren eraispenaren eskaria.
Gure eskaria ez da berria, eta aurten ere berresten dugu gure helburua. Donostiako hainbat historialarik egindako ikerketari jarraipena ematea eskatu genion 2022an Udal Gobernuari, bertan dauden gorpuzkiak identifikatu ahal izateko. Lakuari, berriz, mausoleoa eraisteko. «Eusko Jaurlaritzari, Gogora Institutuari zehazki, ez diogu ezer eskatzen berak Madrilgo Gobernuari El valle de los Caídos inguruan eskatu ez dionik.
Hau da, mausoleoa eraitsi behar da eta baliabide guztiak erabili behar dira hobian dauden pertsonen nortasuna ezagutzeko, faxistekin batera hilobiratuta».
Lege-eskakizunak alde batera utzita, eta beste eskultura bat han kokatzea baztertu gabe, EH Bilduren ustez beharrezkoa da ikur frankista hori desagerraraztea. Ez gara konformatzen lekuari “zentzu berri bat” emateko asmoarekin, eta Memoria Demokratikoaren Legeak jasotzen duenez, gurutzean zegoen plaka ez ezik, gurutzea bera ere eraitsi behar da.
Ikertzen segitzeko beharra
Gurutzea eraistea helburu dugun moduan, ikertzen segitu beharra dago eta, zentzu horretan, dei egiten diegu Udal Gobernu honi zein sortu berri den Eusko Jaurlaritzari egitekoak bete ditzaten.
Ikerketa azken bururaino eraman behar da. Izan ere, 2022an EH Bilduren eskariz udalak Aranzadi Zientzia Elkarteari agindu zion mausoleoari buruzko ikerketari esker, zientzialariek egiaztatu zuten gutxienez 17 miliziano antifaxista daudela hor lurperatuta. Zenbat gehiago diren jakiteko ahalegina egitea eskatzen dugu.
Gogoratzekoa da Aranzadi zientzia elkarteak 2022an abiatu zuen ikerketaren berri eman zuenenean iragarritakoa: Donostiako Udal Artxiboko eta hilerriko bertako
dokumentazioarekin, mausoleoan hobiraturiko 121 pertsonaren izen zerrenda osatu zuen. Lehenengo azterketa bat eginda, baieztatu zuten horietako «gutxienez»
hamazazpi gudari eta miliziano antifaxistak zirela. Batez ere, PCE, CNT eta UGTko militanteak, Donostia tropa faxistetatik defendatzera etorritakoak. Halaber, Aranzadi elkarteak ikertzen jarraituko zuela adierazi zuen «beste 14 ote dauden jakiteko».
2022ko irailaren 13an, Udal Gobernuak eta Gogora Institutuak ikerketa amaitutzat eman zuten eta monumentu frankistaren eraispena baztertu egin zuten. Guk diogu ezetz, lanean segitu beharra dagoela. CNT Gipuzkoa sindikatuak gurutzea eraisteko eskaera ofiziala egiten duen egunean, EH Bildutik aipatu erakundeak interpelatu nahi ditugu publikoki gurutze frankista bota eta ikertzen segitzeko premiaren inguruan posizionatu daitezen.
Bizi ditugun garaiotan memoria eta duintasuna aldarrikatzen ditugu. Are eta sektore erreakzionarioak Donostian ere eskua luzatu nahi duenean Dual eskulturan faxisten izenak eransteko eskatuz. Honek erne mantentzen gaitu eta tinko eutsiko diogu memoriarako obraren jatorria desitxuratu eta zikintzeko ahalegina gauzatu ez dadin.