Larunbat gauean Txomin-Enea auzoan izandako erasoa «indarkeria matxista larritzat» jo du Izar Hernando EH Bilduko zinegotiak. Halaber, eraso egindako ertzainak Trans legearen ustezko iruzurra egin izana salatu du, Indarkeria Matxistaren kontrako legeari iskin egiten saiatzeko, eta Segurtasun Sailari ertzainarekiko neurri disziplinario zorrotzak berehala har ditzala eskatu dio.
Lehenik eta behin, Donostiako EH Bildutik, larunbat gaueko erasoetako biktimei gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi diegu, bai Txomin-Eneako kasuan, baita Erdialdeko dantzaleku batean gertatutakoan ere.
Txomin-Eneako erasoaren kasuan argi utzi nahi dugu indarkeria matxista larri baten aurrean gaudela. Gogor salatzen ditugu auzi honetan dauden delitua eta ustezko iruzurra: indarkeria matxistaren erasoa (bikote zein alabekiko), eta Trans legearen ustezko lege iruzurra Indarkeria Matxistaren kontrako legeari iskin egiten saiatzeko.
Izar Hernando EH Bilduko zinegotziak adierazi bezala «erasotzaileak genero aldaketa egina badu ere, gizon gisa sozializatzen ari dela jakin dugu, bere lanean eta egunerokoan».
Fiskaltzak dagoeneko jakinarazi du erasotzailea ikertuko duela legeari iruzur egiteagatik.
Hernandok gaineratu du «tratu txar jokabideak aspalditik badatoz edo jokabide ezegokien aurrean egiten den "estrategia" dela argitzen bada, erasotzaileari Trans Legeak barneratzen duen agrabantea ezarri beharko zaio, are gehiago funtzionario publiko izanda egiten badu».
Hau guztia, betiere, biktimaren ahotsa erdigunean kokatuz egin behar dela azpimarratu du zinegotziak. «Biktimaren hitza, denbora, pribatutasuna, segurtasuna errespetatzea eta bermatzea eskatzen dugu».
EH Bildutik Segurtasun sailari eskatzen diogu neurri disziplinario zorrotzak hartzeko eta ertzain hori gorputzetik behin betiko kanporatzeko. Gainera, zabaldu den informazioaren arabera, erasotzailea eskuin muturreko posizioekin lotu dute. Sailari eskatzen diogu Ertzaintzan depurazioa egin dezala jarrera matxista eta faxistak eteteko.
Hernandok nabarmendu du «eskuineko sektore batzuk indarkeria matxista kasu larri bat baliatzen ari direla Trans Legea zalantzan jarri eta haren gainean mamuak zabaltzeko». «Onartezina da indarkeria matxista kasu bat bigarren mailan jarri nahi izatea gaia desbideratzeko» gaineratu du.