AKTUALITATEA


| 2024-09-19 11:29:00

Donostiako frankismoaren biktimak omentzen dituen ‘Dual’ eskulturaren xedea eta izaera desitxuratzeko proposamena aztertu da ostegun goiz honetan Giza Eskubideen Batzorde ez iraunkorrean. EH Bildutik argi dugu PPren udal taldeak egin duen proposamenak ez duela ez hanka ez buru, eta irmo agertu behar garela horrelako asmoen aurrean. Zehazki, bi izan dira eskaerak: lehena, aipatu eskulturaren plakan frankisten izenak eranstea eta, bigarrena, ustez eta PPk dioenez, «odol delituak» zituzten zortzi errepublikarren izen-abizenak ezabatzea.

EH Bildutik ez dugu ekimena babestu eta batzordean eskuinaren saiakera ankerra salatu dugu. Gainerako udal talde politiko guztiek ere proposamenekin desadostasuna agertu dute. Hala ere, Eneko Goia alkateak Aranzadi zientzia elkarteari txosten bat eskatuko dio ‘Dual’ eskulturak Memoria Demokratikoaren Legea urratzen duen edo ez ebatzi dezan. Legearen erabilera maltzurra baino ez da PPren aldetik, legea ez delako inolaz ere urratzen. Alkateari eskatu diogu txostenik ez eskatzeko, horrek berak hauspotu egiten duelako eskuinaren eta ultra eskuinaren diskurtso atzerakoia.

EH Bildutik berretsi nahi dugu 2014an inauguratu zen eskulturaren xedea garbi egon dela hasieratik eta bere horretan mantendu behar dela. Edozein saiakeraren aurrean irmo eutsiko diogu eta hemen ere hala egingo dugu. PPren eskaerek eta bide horretatik doazenek ez dute kabidarik ez Donostian, ez Euskal Herrian, ez inon.