AKTUALITATEA


| 2024-06-11 11:42:00

Urteetan egoera ukatu eta errealitateari bizkar eman ondoren, EAJ-PSEren udal gobernua mugitzen hasi da. Turismoaren neurrigabeko eta arautu gabeko hazkundeak Donostian eta, batez ere, zenbait auzotan izan dituen ondorioak ukaezinak dira gaur gaurkoz. Agerikoena, turismo-ostatuen ugaritzeak etxebizitzan izan duen inpaktua.

Turismo-ostatuen eskariak etxebizitzen gaineko espekulazioa areagotu du eta alokairuaren eta erosketaren prezioa puztu du. Ondorioz, presio turistiko handieneko auzoetan biztanle-galera dago. Azken zortzi urte hauetan Parte Zaharrak 131 biztanle galdu ditu (-% 3,2), Grosek 719 (-% 3,98) eta Antiguak 439 (-% 2,98).

Testuinguru horretan hasi behar izan ditu Udal Gobernuak Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) aldatzeko izapideak, hiriko ostatu-erabilerak arautzeko. Eta iragarritako asmoak guztiz egokiak badira ere, beste behin ere planteatutako helburuak betetzetik oso urrun dauden neurri batzuk aurkeztu ditu PNV-PSEk. Zer da, bestela, auzo bat turismo-ostatuz betetako eremu izendatzea eta, aldi berean, auzo horretan hotel berriak irekitzeko salbuespenak proposatzea?

Donostiako Udalbatzak 2024ko martxoan onartu zuen ostatu turistikoei buruzko HAPOren hasierako aldaketa dokumentua. Eta testuinguru honetan, komenigarria da gogoraraztea herritarrek aldaketari alegazioak egiteko epea ekainaren 20an amaitzen dela. Hori dela eta, EH Bildutik hitzaldi bat antolatu dugu bihar, ekainaren 12arekin batera, Udal Liburutegiaren Kriptan (San Jeronimo kalean). “Turismoa erregulatzeko proposamena. Hobekuntza ala segida?” izenburupean, hitzordua 19.00etan hasiko da.

Deialdi honekin gardentasuna eman nahi diogu prozesuari eta hiritarrak prozesura batu haiei zuzenean ahotsa emanez: dokumentua bera zer den argitzearekin batera, edukiari ekarpenak nola egin azaltzea da asmoa. Oinarri bi dira elementuak: Gardentasunean eta partehartzean sakontzea ezinbestekoa da prozesuari ez ezik, edukiari ere bermea emateko.

EH Bilduren ekarpenak

Orain arte udal gobernuaren ahotik ezagututako asmoak hanka motz geratzen dira hainbat arrazoirengatik. Adibidez, ez da nahikoa Gros, Antigua eta Erdialdea, Parte Zaharra barne, eremu saturatu izendatzea. Funtsezkoa da eremu mugakideetan ere eragina izango duela aurreikustea, "olio-orbanaren" eragina egon badagoelako.

Horregatik, Amara, Egia, Arriola, Ategorrieta eta Intxaurrondo babestea proposatzen dugu. Beharrezkoa da, halaber, “ondarea babesteko” eufemismoa bertan behera utzi eta elizak, komentuak edo villa historikoak, eremu saturatuetan egon arren, hotel berriak irekitzeko aukera ez izatea. Arreta berezia jarri beharko litzateke Ategorrieta aldean, adibidez. Ad hoc egindako salbuespena al da? Mariaren Bihotza edo Pio X.aren kasuak ere aipa ditzakegu, biak Grosen. Eta ikastetxe erlijiosoetan eta komentuetan ezartzeko aukera kontuan hartzen badugu, hainbat izan daitezke kasuak.

Era berean proposatzen dugu guztiz ezabatzea erabilera turistikorako ostatuak ezartzeko aurreikuspena biztanleria flotatzailearen (bisitariak eta turistak) eta egoiliarren arteko orekaren langa gainditzen den auzoetan hala nola gentrifikazioa ematen den auzoetan.

Etxebizitza hauek sortutako arazoak handiak direla begi bistakoa izanik, onartu behar da akatsa izan zela lehen solairuko araua liberalizatzea, aurreko zein egungo Gobernuaren erantzukizuna dena. Gobernu-talde honek ezarri dituen helburuak ez dira egingarriak iragarri dituen neurriekin. Horregatik, akordio baten beharra azpimarratzen dugu, helburu horiek bideragarri egiten dituzten proposamenak ditugulako.