Donostiarren mandatua argia da: turismoa gobernatu behar da. Gehiegikeriak eta baliabideen erabilera okerra saihesteko, ez da nahikoa jarduera kudeatzea, mugatu ere egin behar da. Donostiako EH Bilduk karga-ahalmena lantzeko prozesua turismoa gobernatzeko balizko hiri-akordio baten abiapuntu ona izan daiteela uste du. Turismoaren gehiegizko hazkundeak mugak gainditu ditu, eta donostiarren ongizatea lehenetsiko duten neurriak hartzeko garaia da.
Markel Ormazabal zinegotziak gaur pentsaurrean azaldu bezala, «karga-ahalmenaren kontzeptuak aukera ematen du garapen turistikoaren norabidea herritarrekin kolektiboki birpentsatzeko». Horretarako, turismoaren eraginak mugatuko dituzten dimentsioak identifikatu, eta horien gaineko mugak herritarren adostasunaren mende egon behar direla defendatu du.
«Karga-ahalmena ez da datu teknikoen multzo hutsa, baizik eta kontsentsu politiko eta sozial baten emaitza. Gizarteak adostu behar du noiz gainditzen den turismoaren muga, eta hortik abiatuta hartu behar dira erabaki politikoak».
Turismo jarduerak zenbateraino gara daitezkeen
Donostiako 2023-2027 Turismo Planak turismo-eredu jasangarri bat garatzea du helburu, eta zalantzarik gabe, donostiar gehienek bat egiten dute helburu horrekin. Hala ere, EH Bilduren ustez, herritarren artean dagoen adostasun handiena bestelakoa da: hiria dagoeneko bere mugaraino iritsi da.
«Turismoak muga batzuk ditu, eta muga horiek gainditzen direnean, turismoak jasangarri izateari uzten dio», adierazi du zinegotziak. Turismo jasangarria tokiko baliabideak kaltetu gabe garatzen dena da, hau da, tokiko biztanleen bizi-kalitatea kaltetzen ez duen turismo-jarduera. Jasangarritasuna bermatzeko tresnetako bat karga-ahalmena dela azaldu du. Turismoak baliabide batzuk behar ditu, eta baliabide horiek hiriak berak egunerokoan erabiltzen ditu. Karga-ahalmenak zehazten du turismo-jarduerak zenbateraino gara daitezkeen, tokiko baliabideei kalterik egin gabe.
Abian dagoen lanketa
Donostiako Udalak apirilean iragarri zuen hiriko karga turistikorako gaitasuna ebaluatzeko ikerketa abian jarri duela. IN2destination enpresa arduratuko da azterketaz, eta jakinarazi denez, ondorioak 2026ko udazkenerako prest egongo dira.
EH Bildu, bere aldetik, aspalditik ari da turismoaren karga-ahalmenaren gaia jorratzen, eta azken urteotan hainbat proposamen jarri ditu mahai gainean. Horien artean dago, besteak beste, 2024ko Politika Orokorreko Osoko Bilkuran aurkeztutako ebazpena, edota joan den maiatzeko Turismoa(k) birpentsatzen jardunaldietan egindako ekarpenak.
Irakaspen horiek partekatzeko eta politika publikoen norabidean eragiteko asmoz, EH Bilduk IRADOKIZUN bat aurkeztu du uztail honetan, Pertsonentzako Zerbitzuen Batzordean, turismo arloko zinegotzi ordezkariari zuzenduta.
Ormazabalek argi utzi du ez dela abiatu den lan teknikoari zuzenketarik egin nahi. «Azterlan horrek bere emaitzak izango ditu, eta uste dugu hiriak behar duen turismo-politika diseinatzeko baliagarria izango dela». Hala ere, ohartarazi du ikerketa enpresari esleitutako eginkizunez harago —hala nola informazioa bildu eta etorkizuneko ikerketa-ildoak proposatzea—, turismoaren kudeaketak sakoneko lanketa politikoa behar duela, eta hori bultzatu nahi du EH Bilduk.
Horren harira, ekimenean aurkeztutako hausnarketa-ildo nagusiak azaldu ditu:
1. Karga-ahalmena eta turismo-jardueraren mugak
Udal-arduradunek nabarmendu dute azterketaren helburua ez dela bisitarien edo turisten gehieneko kopuru zurrunik ezartzea, baizik eta hiriaren fluxuen inguruko informazio zehatza eta eguneratua eskuratzea. EH Bilduren ustez, horrelako informazioa baliagarria da, baina karga-ahalmena ez da horretarako tresna bat, baizik eta mugak ezartzeko neurgailu bat. Jarduera turistikoaren neurriak ezarri behar dira, eta horretarako, muga-zenbaki batzuk ere bai.
2. Karga-ahalmena politika publikoetan txertatzea
EH Bilduren iritziz, lanketa honek ahalik eta adostasun sozial eta politiko zabalena izan behar du. Azken finean, karga-ahalmena zenbakien multzo bat baino ez da, baldin eta ez bada politika publikoen orientabide gisa erabiltzen. Adibidez, Donostiako HAPOaren berrikuspena bezalako prozesuetan, funtsezkoa da karga-ahalmenaren kontzeptua kontuan hartzea eta hirigintza-planifikazioan txertatzea.
3. Karga-ahalmena lantzeko gakoak
EH Bilduren ustez, karga-ahalmena ez da kontzeptu berria; hamarkadak dira turismoaren arloan erabiltzen dela, eta horren isla da Donostiako 2017-2021 Turismoko Zuzendaritza Planean jasotako definizioa:
“Los impactos (del turismo) son de distinto tipo y están relacionados con diferentes dimensiones de la capacidad de carga o capacidad de acogida del destino. La capacidad de carga se define como el umbral más allá del cual la actividad turística es insostenible porque sobrepasa los límites considerados óptimos o no dañinos. El concepto de capacidad de carga tiene diferentes dimensiones: dimensión física o de soporte, medioambiental, social, perceptual, económica, funcional... Y aunque todas ellas están interrelacionadas, resulta necesario identificar la dimensión o dimensiones claves en el destino considerado y determinar para cada una de ellas los umbrales de uso turístico máximo, umbrales variables que deben ser objeto de ciertos niveles de consenso ciudadano.”
(Visit-Bizi 2017-2021, 37. or.)
EH Bilduren ustez, turismoaren karga-ahalmena modu eraginkorrean lantzeko, hiru gako nagusi hartu behar dira kontuan:
Lehenik, jarduera turistikoa bera neurtu behar da, ez soilik turista kopurua.
Ez da nahikoa bisitarien kopuruak kontuan hartzea; gakoa da donostiarren ongizatea bermatzen duten baliabideen erabilera turistikoa neurtu eta mugatzea.
Bigarrenik, Donostiarentzat funtsezkoak diren dimentsioak identifikatu behar dira. Karga-ahalmenak zehaztu behar du jarduera turistikoak zenbateraino gara daitezkeen tokiko biztanleen bizi-kalitateari kalterik egin gabe, bi galderari erantzunez: Zerk egiten du bizigarri hiri edo auzo bat? Zein bizigarritasun-aldagaitan du eragina turismoak?
Hirugarrenik, turismoaren mugak herritarren adostasunaren mende egon behar dute. Ez dago karga-ahalmen estandar edo finko bat: mugak tokiko ezaugarrien eta komunitate hartzailearen arabera definitu behar dira, eta horiek aldakorrak izan daitezke, gizartearen egoera eta beharren arabera. «Ez da gauza bera parke natural batean, hiri-gune batean edo auzo turistifikatu batean neurriak ezartzea,» nabarmendu du zinegotziak.
4. Donostiaren eta bere auzoen karga turistikorako gaitasuna.
EH Bilduk ohartarazi du ez dagoela karga-ahalmen bakarra, hainbat baizik. Eta horrek hiriaren baitan ere tratamendu desberdina eskatzen du. Turismoa jarduera lokalizatua da, eta ez du eragin bera lurralde osoan.
«Donostian errealitate desberdinak ditugu; horregatik, ez da nahikoa hiri osoko datu orokor bat izatea. Auzo bakoitzaren karga-ahalmena ere aztertu eta ulertu behar da, egoera eta premia ezberdinei egoki erantzuteko.»
Photocall aldarrikatzailea
Aurten ere kalera aterako da EH Bildu iazko udako kanpainari jarraipena emanez. Turismoa gobernatu. Donostia tiene un límite lemapean, ostiral honetan photocall aldarrikatzaile bat egingo dugu 12:00etatik aurrera, Ijentea kalean, Nautiko ondoan. Bertan adierazpen batzuk emango ditu Markel Ormazabal zinegotziak.