AKTUALITATEA


| 2023-10-11 12:49:00

Turismoak arnas luzeko gogoeta bat eskatzen du, are eta 2023-2027 agintaldi berriak bidegurutze batean jarri gaituenean. Gaur hartzen dugun norabideak bihar eragina izango du eta Donostiaren etorkizunerako erabakiek ondorioak izango dituzte, ez nolanahikoak. Zentzu batean edo bestean izan.

Uda sasoia amaituta eta azken denboraldia itxi berritan, Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziak jardueraren gaineko irakurketa egin du, baita berau kontrolatzeko hartu beharko liratekeen neurriak zeintzuk diren azaldu.

«Gobernuak eta sektorearen zati batek onartu du kontrolik gabeko hazkundeak eragin dituen kalteak. Diskurtsoa aldatu egin da, eta herritarrek modu agerikoan azaldu duten desadostasunarekiko hurbilagoa da; ordea, praktikak berdina izaten jarraitzen du. Zergatik ekintzak eta hitzak ez datoz bat?», galdegin du Ormazabalek.

EH Bilduren ustez, praktika turistikoa diskurtso berrira egokitu ezean, nahasmendua areagotu egingo da eta herritarrek ez dute soluziorako aukerarik hautemango. Etxebizitzarekin gertatzen denaren antzera.

COVID-19 pandemiaren testuinguruan esan genuen turismoak Donostiako bizitzan, ekonomian, hots, garapen ereduan duen eragina berrikusi eta birbideratzeko hiri gogoeta ireki eta estrategiko bat abiatzea ezinbestekoa zela. Ormazabalen ustez, orduan galdera ez zen «noiz eta zein laguntzarekin itzuliko zen turismoa krisi aurreko egoerara, baizik eta ea egoera berera itzuli behar ote zuen».

Ohartarazi genuen: turismoari buruzko hausnarketa estrategikoa gerorako uzteak iraganeko akats berberak errepikatzera eramango gintuela. Eta hala izan da.

Adibidez, 2017tik 2019ra bitartean turismoaren hazkundea %10ekoa izan zen urtero, nahiz eta orduko Planak jasota izan hazkundea ez zela helburua. Pandemiako 2021. eta 2022. urteak igarota, erabateko errekuperazioa iritsi da. Gehiago esango dugu, bisitari kopuruan «errekorrak» egiten segitzen du Donostiak, baita ere gaualdietan, prezioak ere inoizko garestienak izan arren (210,36 euro gaua bataz beste pasa berri den abuztuan).

Udal Gobernuak aurki aurkeztuko duen Turismo Planak EAJ eta PSEren turismo politikaren dilema jasoko du paperean, lehentasun moduan jasotzen baitira turismoa mugatzea eta turismoa sustatzea, eta hauek ez dira bateragarriak.

Modu publikoan adierazi dute «kontrolatu eta domestikatu beharra dagoela». Baina orain arte arazoa ukatu eta areagotu dutenak izango al dira irtenbidea?

EH Bilduren ustez, sustatu eta mugatu, biak ez dira posible. «Indarrean dagoen Turismo Plana ez betetzeaz gainera, jasotzen denaren kontrako norabidean egin da sustatzeko neurri zehatzak hartuz, zehazki, produktu turistiko berriak sortuz. Woody Allenen pelikula eta horren harira eratu den ibilbidea, Cristina Iglesiasen Hondalea eta atzo arte turismo bulego berria zena. Nazio Batuen Erakundeak berriki egindako Turismo Gastronomikoaren foroak eta hilaren amaieran Turespaña kongresuak bide bera elikatzen dute, nazioartean posizionatzeko desira, alegia».

Sinesgarriak izateko autokritika egitea eskatzen dugu. «Onartzea jasota zegoenaren norabidearen kontra egin dela, hiritarren gehiengoak azaldutakoaren kontra». Gogora ekarriko dugu iaz Turismo Bulegoak egindako barne inkesta batek jasotzen zuena: donostiarren %67k uste du turismoak hirian goia jo duela, %52 desplazatua sentitzen da bere aisialdi guneetatik eta %83k dio eragin negatiboa izan duela etxebizitzaren prezioan.

«Desestazionalizazioa eta batez ere deszentralizazioa nabarmenduko dituzte diskurtsoetan, formula hauek konponbide gisa aurkeztuz», ohartarazi du Ormazabalek. Ordea, turismo politika berri bat posible dela nabarmendu du EH Bilduko zinegotziak, lan lerro batzuk aurkeztuz.

«Agintaldia hastearekin batera, uztaileko udalbatzan, turismoaz aritzeko batzorde ez iraunkor bat sortzea onartu zen. Noski, bertan parte hartuko dugu, baina espero dugu arazoa luzatzeko aitzakia ez izatea, baizik eta benetan tresna eraginkorra izatea, guk horrela izan dadin lan egingo dugu. Hitzek eta ekintzek bat egin dezaten».
Besteak beste, EH Bilduren ustez urgentziazkoak diren gaiak landuko ditugu.  Batetik, ostatu turistikoak eta etxebizitza merkatua.

1.- Ezin da ukatu pisu turistikoek etxebizitzaren prezioan izan duten inpaktu negatiboa. Etxebizitza eskubidea dela berresten dugu eta zentzu horretan administrazioak benetako aukerak sortu behar ditu. Udal Gobernuak aurkeztu duen moratoria berandu dator eta iragazki baten antzerakoa da salbuespen asko dituelako: ez die gune aseei benetako babesa ematen eraikin berezietan hotelak irekitzeko aukera mahai gainean jartzen duelako.

Babestu beharreko guneak ere zabalagoak behar dute, mugan dauden zonaldeak jartzen direlako fokupean.

Pisu turistiko gehiago ez irekitzea babesten dugu, baina lehen solairuko araudira itzultzea ere ezinbestekoa da, hala nola emanda dauden lizentzien berrikuspen bat egitea.

2.- Inportantea, donostiarron harreman-espazioak berreskuratu eta zaindu behar dira. Hor ehuntzen da auzoa eta hiria, auzuneetako kale eta plazetan, dendetan, eskola atarietan. Arestian aipatu inkestak jasotzen du auzo batzuen tematizazioa kezkagarria dela, bereziki Parte Zaharrean. Hala sentitzen du galdetuak izan ziren %80k.
EH Bilduren ekimenez, Udal Gobernuak «praktika onen gida» kaleratu du eta berau arau bilakatzeko prozedura abiatu du. «Tour turistikoez ari gara eta Parte Zaharrari eragiten dio: kopuruak, ordutegiak, ibilbideak...», zehaztu du Ormazabalek. Hala ere, honek beste neurri batzuk eskatzen ditu.

3.- Donostiako ekonomiak turismoarekiko duen mendekotasuna arindu behar du, sektore inportantea den arren, ezin dira arrautza guztiak saski berean gorde.

Hazkundea (promozioa) eta kudeaketa gaur gaurkoz ez dira bateragarriak. Baina mugatzea dagoeneko ez da nahikoa. Donostia eta auzoak bizigarriak izan daitezen derrigorrezkoa da egoera batzuk leheneratzea.