AKTUALITATEA


| 2025-06-18 12:10:00

Donostiako metroak izan dituen gainkostuez azalpenak eman gabe segitzen du Eusko Jaurlaritzak, EH Bilduk horretarako ahaleginak eta bi egin arren. Mugikortasun Jasangarriaren batzordearen baitan Susana Garcia Chueca sailburuak astearte honetan EH Bilduren eskariz agerraldia eman badu ere, beste aukera galdu bat izan da hiritarrek jakin dezaten, behingoz, zenbatekoa izan den gainkostua. Obra amaitzear den honetan, 2026an zehar jarriko omen da martxan, ez da gai izan estimazio bat emateko kostu totalaren inguruan.

Zenbaki orokorrak soilik ematea, alegia, gastu totaletan babestea estrategia da zehaztasunak ez emateko, baina EH Bildutik berresten gara gastuen xehatzea dela gakoa zenbat eta zertan gastatu den jakiteko. Gaur gaurkoz, Garcia Chuecak erantzun horiek eman gabe segitzen du, behin baino gehiagotan eskatu arren. Gelditzen denaren aurreikuspena ere argitu gabe segitzen du Eusko Jaurlaritzak.

Gogoratu behar dugu, gardentasun eta informazio falta donostiarrek eta EH Bilduk ez ezik, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeak berak ere, 2025eko apirilean, gastuei buruzko galdera bidali ziola Mugikortasun Sailari xehatu eta zabaldu zezan honi buruzko informazioa.

EH Bilduren iritziz, ez da auzi teknikoa, politikoa baizik, horregatik antzua deritzogu ETSren gaitasun teknikoen atzean ezkutatzea hartutako erabakien egokitasuna justifikatzen saiatzeko, Garcia Chuecak egin zuen bezala. Erantzukizun politikoez ari gara, erabaki politikoez, ez teknikoez. Erabaki sorta bat hartu da gardentasun eta informazio faltarekin, horregatik sortu da kezka eta etsipena herritarren artean.

Jakin badakigu 412 izan direla urte hauetan zehar herritarrek obren eraginez jarritako kexak; ordea, ez dakigu zenbatekoak izan diren indemnizazioak.

Gure ardura da erakunde publikoetatik egiten den jardunaren jarraipena egitea eta horretan segituko dugu EH Bildutik. Azken hilabeteotan ETSren lanei jarraipena egiteko Batzorde ez iraunkorra deitu dugu Donostiako Udalean (bost hilabeteko atzerapenarekin egin zena maiatzaren 7an), gainkostuez galdera sorta erregistratu genuen martxoan Legebiltzarrean eta sailburuak EH Bildutik eskatutakoa argitu ez zuenez, Garcia Chuecaren ahozko agerraldia sustatu dugu. Galdegin ditugun datuen zain segitzen dugu, ordea