Erlojuak aurrera egin du ia amaiera arte eta badirudi gobernu-talde honek interesa duela epeak muturreraino luzatzeko Plan Orokorraren aldaketa puntuala onartzeko. Honakoa baldintza sine qua non bat baita turismo-ostatuko erabileren erregulazio berria ezartzeko, modalitate guztietan. Eta ‘moratoriak’ bere azken asteei aurre egiten dien bitartean,egoerak eskatzen duen erantzukizuna eta maila eskatu nahi ditu EH Bilduk. Urtebeteko epea amaitzear dago: hamaika hilabete igaro dira.
Eta kasualitatea izan ala ez, Udal Gobernu honen utzikeria salatu eta garaiz ez iristeak dakartzan arriskuez ohartarazteko agerraldi honetarako komunikabideei dei egin eta biharamunean, otsailaren 21ean bilera batera deitu gaituzte. Bilera horren zain gaude iragan urriaz geroztik. Urte osoan behin baino ez gara elkartu.
Martxoko iragarpen harekin, udal hauteskunde aurreko testuinguruan, Udal Gobernuak bertan behera utzi zituen lizentziak eta baimenak, iradokiz, aldi batez behintzat, bere irizpidea zalantzan jartzen zuela, alegia, oker ari zirela. Irizpide horren baitan, alkate honek hirian ehunka etxebizitza turistiko ezarri eta legeztatzea ahalbidetu zuen. Gaur gaurkoz, iragarritakoa betetzen ez bada, arriskua dago etete horren ondorioak bertan behera gelditu eta, automatikoki, horrelako jarduerak berriro eskatzeko aukera egotea.
Eta zertan egon dira EAJ eta PSE urte honetan zehar? Ezer gutxi dakigu. Gainerako alderdiekin bilera bakarra egin da (urrian egin zen), eta orduan urtarrilerako bigarren bilera baterako deia egin arren, zain segitzen dugu. Atzo deitu zaigu, eta ez lehenago, otsailaren 21erako. Guk deialdia hedabideei egin ostean. EH Bildutik opakutasun hau salatzen dugu, are gehiago gobernu taldeak gutxieneko komunikazio bat mantentzeko ustezko konpromisoa hartu zuenean.
Egutegia eskuan, moratoria, epe barruan onartua izan dadin, martxoko Udalbatzarrera eraman beharko litzateke, hau da, martxoaren 21ean. Beraz, eta berandu bezala, otsailaren 27ko Tokiko Gobernu Batzarrean onartu beharko litzateke. Hau da, bi aste falta dira. Edonola, indarrean sartu dadin, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratu behar da apirilaren 18a baino lehen.
Udal Gobernu honek erabaki bat hartu beharko du: aldaketa puntual hau onartzen duen ala ez. Erantzuna baiezkoa bada, beste bi urtez luzatuko litzateke moratoria.
Auzoetako bizimodua hobetzeko proposamenak
Onar litekeen proposamenaren azken edukia ezagutu gabe, EH Bilduk auzoei oreka itzuliko dieten eta bereziki hiriko zenbait eremuk jasaten duten saturazioa murrizten lagunduko duten zenbait neurri ezarri nahi ditu. Horregatik, erabilera turistikoko etxebizitzen eta hotelen aurrean ezarri beharreko babesa auzo gehiagotara zabaltzearen alde egiten dugu, etxebizitzaren erabilera beti gailenduz eta lehentsiz bizileku gisa.
Orain arte ezagututako asmoak hanka motz geratzen dira hainbat arrazoirengatik. Adibidez, ez da nahikoa Gros, Antigua eta Erdialdea, Parte Zaharra barne, eremu
saturatu izendatzea. Funtsezkoa da eremu mugakideetan ere eragina izango duela aurreikustea, "olio-orbanaren" eragina egon badagoelako. Amara, Egia, Arriola,
Ategorrieta eta Intxaurrondo babestea proposatzen dugu.
Beharrezkoa da, halaber, «ondarea babesteko» aitzakiarekin, hala nola elizak, komentuak edo villa historikoak, eremu saturatuetan egon arren, hotel berriak irekitzeko bide hori ezabatzea. Arreta berezia jarri beharko litzateke Ategorrieta aldean, adibidez. Ad hoc egindako salbuespena al da? Mariaren Bihotza edo Pio X.aren kasuak ere aipa ditzakegu, biak Grosen. Eta ikastetxe erlijiosoetan eta komentuetan ezartzeko aukera kontuan hartzen badugu, hainbat izan daitezke kasuak.
EH Bildurentzat zaila da sinestea egoerari irtenbidea emango diola honaino ekarri gaituztenek. Eta adibideak badaude: Zubieta kaleko 3. ataria, etxebizitza bloke osoa dago luxuzko alokairu turistikora eskainia.
Kasu honek 2019an du jatorria, promotore bati lizentzia bertan behera utzi zitzaionean bizilagunez hustu ondoren, higiezin osoa hotel bihurtzeko. Eta erabaki hau ere hauteskunde aurreko testuinguruan hartua izan zen. Orduan, eraikin oso baten erabilera aldatzeko aukera mugatzeko prozedura abian zen, bizitegitik hirugarren sektorera aldatzeko, hain zuzen. Udal Gobernuak neurri hori tresna eraginkor gisa aurkeztu zuen, «etxebizitza eremuak babesteko, Erdigunea bizileku gisa lehenetsiz, presio turistikoaren eraginez ingurua bizilagunez hustea saihesteko». Bada, gaur egun, bloke osoak ostatu turistiko gisa funtzionatzen du. Inork ez du azalpenik emango? EH Bilduk eskatuko ditu.
Eta komeni da gogoratzea Plan Orokorraren aldaketaren zirriborroak ere aipatzen duela Donostiako biztanleria flotatzailearen (turistak) eta egoiliarraren arteko proportzioa. Zenbaki globaletan %10ekoa den arren proportzioa (egoiliarren eta bisitarien arteko oreka ez hausteko gomendatutako maximoa), auzo batzuetan % 25etik gorakoa da, eta kopurua, argi eta garbi, jasanezina da, oreka naturala hausten baitu. Jakin nahi dugu: zer egingo du Eneko Goiaren Gobernuak gai honen inguruan?
Proposatzen dugu guztiz ezabatzea erabilera turistikorako ostatuak ezartzeko aurreikuspena biztanleriaren arteko orekaren langa gainditzen diren auzoetan hala nola gentrifikazioa ematen den auzoetan. Etxebizitza hauek sortutako arazoak handiak direla begi bistakoa izanik, onartu behar da akatsa izan zela lehen solairuko araua liberalizatzea, aurreko zein egungo Gobernuaren erantzukizuna dena. Gobernu-talde honek ezarri dituen helburuak ez dira egingarriak iragarri dituen neurriekin. Horregatik, akordio baten beharra azpimarratzen dugu, helburu horiek bideragarri egiten dituzten proposamenak ditugulako.