AKTUALITATEA


| 2022-08-22 13:51:00

Gaur, Eustatek turisten sarrerari buruzko uztaileko datua argitaratu du, eta aurreikuspen guztiak erabat hautsi dira: 2019arekin alderatuta % 20ko igoera gainditu da (ekainera arteko joera % 10ekoa zen).

Pernoktazioak. Uztaila. Donostian (Eustat):

2017 150245
2018 160784
2019 174329
2020 105544
2021 155274
2022 210812

Eneko Goiak bere alkatetzan ezarri duen turismo ereduak porrot egin du eta ezinezkoa da erreskatatzea diskurtso antzuetatik: 180º-ko norabidea aldaketa behar da. Neurri zehatzak behar dira, anbiziokoak, une honetan Donostia dagoen lekutik igaro diren beste hiriek izandako esperientziatik ikasiz.

Izan ere, ez dago hiririk urteroko % 10 eta % 20 arteko igoera iraunkorra jasan dezakeenik. Eta ez dezagun ahaztu joera hazten jarraitzea dela, datozen hilabete eta urteetan milaka turismo-plaza gehiago irekiko baitira Donostian.

Turisten sarreraren hazkunde mugagabea ez da aukera bat. Horrela, Donostiako Turismo Plan Zuzentzailea eguneratzeari buruzko eztabaida irekita dagoela aprobetxatuz, inoiz baino beharrezkoagoa da orain arte gaizki egin dena zuzentzea. Eta landu beharreko gaien artean, jakina, tasa turistikoa dago.

EH Bildu tasa turistikoaren alde agertu da hasieratik. Zehazki, tasaren aldeko apustua egin genuen 2017ko uztailean aurkeztutako «Donostia eta donostiarron neurrira» izeneko turismo ereduari buruzko proposamenean. Gure proposamenaren arabera, tasak progresiboa izan behar du, gehien duenak gehiago emateko eta, beraz, establezimenduaren «izarrengatik» kobratu beharko litzateke.

Bildutako diruaren xedeari dagokionez, Donostiako EH Bilduk argi dauka ezin dela erabili ad infinitum hiriko turismoa sustatzen jarraitzeko, sektoreko zenbait eragilek nahi duten bezala, baizik eta erabili behar dela, alde batetik, turisten sarrera neurrigabe horrek eragiten duen zerbitzu publikoen (zaborrak, mantentze-lanak, udaltzaingoa, garbiketa...) kostuaren igoera ordaintzeko, eta, beste alde batetik, erabili behar da benetan jasangarria izango den turismo eredu bat gauzatzeko. Horrez gain, turismoaren sektoreko langileak prestatzeko ere erabili daiteke, Donostiarentzat onuragarriagoak diren beste sektore batzuetan lan egin dezaten.

Azken batean, egun hauetan alkateak egindako turismo tasaren defentsa erretorikoa antzua izango da neurri zehatzekin lagunduta ez badator.