AKTUALITATEA


| 2019-09-23 12:45:00

‘Batallón Vasco Español’ taldeak Tomas Alba hil zuen, 1979ko irailaren 28ko goizaldean, Astigarragan. Donostiako Herri Batasuneko zinegotzia eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kidea zen.

Tomas Alba gatazkaren biktima da eta, beste biktima guztiek bezala, Egia, Justizia eta Erreparazio eskubidea du. Alba Donostiako zinegotzia zenez, Udalak ardura berezia du Albaren aitortzan eta heriotzaren testuinguruaren ezagutarazpenean. Hori dela eta, bere erailketaren 40. urteurrenean, udal bezala aitortza ekitaldia antolatzea proposatu du EH Bilduk Giza Eskubideen Batzordean. Gobernuaren iturrietatik konfirmatu digutenez, ekitaldia larunbat eguerdian egingo da.

Indarkeria-zikloa atzean geratzen ari den arren, ezin dugu ukatu bizikidetza demokratiko baterako bide luzea geratzen dela. Zoritxarrez, oraindik ez dira bermatzen biktima guztien Justizia, Egia eta Erreparazio eskubideak. Horregatik, Egia osoa ezagutze aldera, garrantzitsua da maila instituzionalean indarkeria polizialaren, gerra zikinaren eta eskuin-muturraren biktimak aitortzeko aurrerapausoak ematea.

Zentzu honetan, gogoratu behar da Donostiako Udalak 2005ean Albaren omenez plaka bat jarri zuela udaletxe barruan eta, era berean, 2014tik Donostiako plaza batek Albaren izena daramala, Sagues aldean, Nestor Basterretxearen “Bakearen Usoa” dagoen eremuan, hain zuzen ere.

Bukatzeko, EH Bilduren iritziz, bizikidetzaren eraikuntzak eztabaida eta negoziazio handien beharra du, sentsibilitate ezberdinen arteko bizikidetzan aurrera pausuak ematen jarraitzeko. Ezin dugulako iragana aldatu, baina bai etorkizun hobe baten alde lan egin. Gertuko beste leku batzuetan sentsibilitate politiko eta sozial guztiak bildu dituzten akordioak egiteko gai izan dira; Donostia, indarkeriaren ondorio garratzak jasan dituen horretan, ezin da atzean geratu.