AKTUALITATEA


| 2020-02-27 15:33:00

Donostia, gaur egun ere, merkataritzaz loriatzen den hiria da. Turismo gidak ikusi besterik ez dago. Donostiak merkataritzaren bidez agertu nahi du bestelakotasuna, eta merkataritza helmuga gisa kokatu nahi horretan, hiria bertako saltokien bitartez ezagutzeko gonbitea egiten zaio bisitariari. Donostian “merkataritza tradizionalaren esentzia” mantentzen dela nabarmentzen dute, saltokiek “izaerari eutsi” diotela, eta beraz, bertako “idiosinkrasia bereziaren erakusleiho” direla. Dendaz denda ibiltzea, bisitariak gurean kunplitu beharreko “hamar ezinbestekoen” artean dago: “eta erosi betiko dendetan donostiarra bazina bezala”. Izan ere, “esperientzia berezienak eta bertakoenak” donostiarron bizitzarekin eta bertako ekonomiarekin lotutako jarduerak direla gogoratuko zaie.

Donostiako hiriak, ordea, agerian ditu aldaketak. Hotelek eta pisu turistikoek bizitoki-etxebizitzak ordezten dituzte. Turismoaren zerbitzura dauden jarduera ekonomiko berriek hiriko ekoizpen-egitura eraldatzen dute. Gurpil-maletak versus erosketa-orgak. Pintxoa eta txakolin basoa hamar eurotan. Eta errotuluak euskara ez beste edozein hizkuntzatan. “Gentrifikazio” edo “funts putre” bezalako hitzek arrotz izateari utzi diote, eta ohiko hizkeran egokitu ditugu Blackstone, Airbnb, Azora, Glovo, Rentals, Outlet... Bien bitartean, egunerokoaren parte genituen hamaika izen propio ahanzturara kondenatu dituzte: Koxkera, Rekalde, Semillas Elosegi, Ostertz, Loretxu...

Agerikoak ez ezik, ikusgarriak ere badira aldaketak Donostian. Eta merkataritzari dagokionean, bereziki nabarmena da gainbehera. Kaleak “salgai” eta “alokatzen da” afitxez hain beteta daude, nornahik ohartuko duela; baita sektore ekonomiko baten arrakasta Hiriko Barne Produktu Gordinari egiten dion ekarpenaren arabera neurtzen duenak ere, azken bost urteetan % 0,4 gutxitu baita komertzioak bere osoan hartuta egiten duen ekarpena.

Gauzak ez dira jazo, besterik gabe. Politika publikoak saltoki handiak lehenetsi ditu eta Garberaren zabalkundea mehatxu handia da orain, baita Ilunbe eta Belartzako egitasmoak ere. Hamarkada batean komertzio txikiaren % 22 galdu da, eta soilik azken urtean 106 establezimendu itxi dira. Aldi berean, % 3,4 hazi dira ostalaritza establezimenduak. Merkataritza gentrifikazioa da. Turismoaren neurrigabeko gorakadarekin batera, merkataritza-lokalen alokairu prezioek ere gora egin dute. Taberna batek oinetako denda batek baino alokairu handiagoa ordaindu dezake. Ondorioz, turismoari zuzendutako aktibitate ekonomiko berriek egunerokoan beharrezkoak diren komertzioak ordezkatu dituzte. Joera nagusia izan da, bereziki, 2015ean Hiri Alokairuen Lege berria indarrean sartu zenetik. Ordutik hona, erdialdeko auzoetako iruditeriaren eta bizitzaren parte ziren merkatari eta ostalari askok negozioa itxi edo eskualdatu behar izan dute, eta gaur egun, soilik enpresa-kate eta enpresa-talde handiek onartu ditzakete indarrean diren alokairuak.

Hiriak hartu duen noraezaz jabetuta, Donostian duintasunez bizi ahal izateko eskubidea bermatzea premiazko erronka bilakatu da. Hala bada, eta donostiarron ongizatea bermatzeko, besteak beste, bizitzaren zerbitzura egongo den ekonomia bat behar dugu. Lurraldearen eta komunitatearen beharretara doitutako ekonomia bat, gertukoa, auzo edo herriak dituen baliabideak ahalik eta egokien aprobetxatuko dituena. Tokiko merkataritza, zentzu honetan, ongizatearen dimentsio ekonomikoa bermatzeko agente garrantzitsua da. Ez alferrik, auzo edo herri bizitza eta tokiko merkataritzaren osasuna loturik doaz. Bizitasuna, argitasuna eta segurtasuna ekartzeaz gain, egunerokotasunean behar ditugun produktu eta zerbitzuak etxetik gertu eskaintzen dizkigu. Jakin, noski, badakigu ongizatea ez dela dendetan saltzen, baina gertutasunak balio erantsia ematen dio txikizkako merkataritzari. Konfiantzazko eta elkarrekikotasun harremanak sustatu eta sare sozialak sendotzen ditu, eta hauek, bizitza asegarria ziurtatzeko ezinbesteko faktorea dira. Robert Putman ikerlariak esan bezala, pertsona batek dituen giza harremanen sakontasuna eta irismena baita zoriontasuna diagnostikatzeko parametrorik esanguratsuena.

Tokikotasunak sekula ez dio utzi garrantzitsua izateari. Globalizatze bizkorreko sasoian ere, gutako edozeinen bizi-proiektua lurraldean gertatuko denaren mendekoa da. Bizilekuz aldatzera behartua izan denak ongi daki hori. Etxebizitza galtzearekin batera, bizitza asegarria ziurtatzeko ezinbestekoak diren sare sozialak, azpiegitura soziala eta lotura emozionala galtzen dira. Hurbiltasun-sareak (senide-, lagun- edo bizilagun-sareak) garrantzitsuak dira eguneroko bizitza antolatzeko eta mugikortasun soziala bultzatzeko orduan.

Ez gabiltza itsuan, ordea. Merkataritza txikizkariaren sektorean guztia ez da zoriona. Saltoki txikiek krisia bizi dute, eta lehia kapitalistan bizirik mantentzeko, maiz, beren burua estutu behar dute (lan-karga biderkatuz, lanaldia luzatuz...). Merkatu prezioen gorabeherek, bestalde, ekoizleen autoesplotazioa eragiten dute, eta egoera zaurgarrian den gizarte sektorearentzat eskuraezina egiten merkataritza txikizkaria. Errealitate horren jakitun mintzo zen Arrate Corres (Gasteiz, 1981) berriki Argia aldizkarian: “tokikotasuna ez da kilometrotan neurtzen, botere harremanetan baizik”. Lurraldea ez baita ezer haren gainean dabiltzan gorputzik gabe. Ekonomiaren katebegi guztietan (produkzioa, banaketa, salmenta, kontsumoa) zaindu behar dira botere harremanak, batak beste estutu ez dezan; eta tokiko dendetan, esan gabe doa, errazagoa izango da harreman horizontal eta berdintasunezkoak eraikitzea.

Aldaketa handiak bizi ditugu, ekologikoak kasu, eta dagoeneko sahiestezinak izango dira zenbait ondorio. Geroak ez du ekarriko eszenategi bat eta bakarra, ugari baizik, baina ikusita zein motel datozen arazoak bideratzeko neurriak, arrazoi gehiago dago pentsatzeko komunitate batek bere burua sostengatzeko behar dituen osagai guztiak birtokikotzea hil ala bizikoa izango dela. Neoliberalismoa bizitzak eta lurraldeak suntsitzen ari den honetan, tokikotasunak duen muskulaturak marka dezake bizi kalitate duinaren eta degradazio zitalaren arteko aldea. Eta kontsumo lokala, ekoizpen lokala eta banaketa lokala sustatzea ezinbestekoa izango da ate joka ditugun erronken neurriko ekonomia forma berri bat sortzeko.