Gurutzaontzien jarduera mugatzen eta arautzen hasi direnetik, hala nola Venezian edo Bartzelonan, euskal kostaldean areagotu egin da haien presentzia. Pasaian, «luxuzko turismoari lotutako» bederatzi gurutzaontzik geldialdia egingo dute aurten, joan den denboraldian erregistratutakoen hirukoitza, eta Donostian inoiz baino lehenago ikusi dugu uda sasoiko lehenengoa.
Tendentzia berrestera dator iragan ekainaren 17an Urumeako bokalean ainguratu zen Scenic Eclipse luxuzko gurutzaontziaren presentzia. EH Bildutik egoera kezkaz bizi dugu eta zentzu horretan aurkeztu dugu interpelazioa azken batzordeetan. Turismo zinegotziak udal turismo-planean jasota dagoena berretsi bazuen ere, hau da, hiriari interesatzen ez zaion turismoa dela «gurutzaontzi handiena, festa, mozkorkeria eta eguzki eta hondartzarena», «hiriak une honetan beste lehentasun batzuk» dituela erantsi zuen.
Gurutzaontzien inpaktua gurean oraindik txikia den arren, goranzko joera nabarmena duen turismo-eredu baten aurrean gaudela ezin dugu galdu begibistatik, eta orain gaudela garaiz esku hartzeko. Izan ere, turismo-politika eraginkorra ez da arazoak konpontzen dituena, baizik eta aurrea hartuz arazoak saihesten dituena. Neurriak martxan jartzeko asmo bat aldarrikatzen dugu, borondate bat eredu honi ateak ixteko. EH Bilduren ustez irtenbidea ez da argudiatzea «eskumena itsas-komandantziarena» dela, batzordeetan justifikatu zen bezala. Ezer ez egitea ez da aukera bat.
Hala, datorren uztailaren 24ko Osoko Bilkurara kontrol mozio bat aurkeztuko dugu Udal Gobernuari eskatuz beharrezko izapideak abiatu ditzala Donostiako kostaldean gurutzaontzi gehiago ez ainguratzeko, bai eta itsas bidaiekin lotutako erakunde eta eragileek egiten duten turismo-sustapena indarrean dagoen Donostiako turismo-planaren helburuetara egokitzeko.
Gogoratu behar dugu gaur egun hainbat euskal erakundek urteak daramatzatela turismo-eredu hau sustatzen. 2017ko uztailean, adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pasaiako Portuko Agintaritzak bat egin zuten «Pasaian gorantz doan gurutzaontzien merkatuari etekin handiena ateratzeko». Aldundiak berak zabaldutako albistearen arabera, bi erakundeek «estrategia komertzial bateratua diseinatu» zuten eta «goi mailako ontzi-enpresen zirkuituetan sartzeko portu aliatuak bilatu» zituzten, Gipuzkoa «turismo gorenaren itsas ibilbideen barruan kokatzeko» helburuarekin. Eta horretarako, besteak beste, promozio-bideo bat aurkeztu zuten, «San Sebastian Region lurraldearen erakargarritasunak eta Pasaiako portuaren ezaugarri teknikoak konpainiei azaltzeko». Euskadi Basque Country turismo-atarian, bestalde, «Euskadi gurutze-ontzien helmuga» gisa sustatzen jarraitzen da.
Gisa honetako gurutzaontziak hartzen dituzten euskal portuak Bilbo eta Pasaia dira, eta erdian Donostia dago. Hau da, kokapen geografikoa dela eta, turismo-eredu horren hazkundeak izan ditzakeen inpaktuek bete-betean eragingo digute. Are gehiago gure hiria erakargarri turistiko gisa erabiltzen jarraitzen bada, Bilbao Port eta Pasaia Port webguneetan egiten den bezala.