AKTUALITATEA


| 2025-07-21 10:41:00

Donostiako kaia erabilera desberdinak uztartzeko gai izan da historikoki eta, hain zuzen, osagarritasun horrek egin du berezi donostiarrentzat bizileku den eremua. Ordea, azken hamarkadetan hori aldatzen joan da: arrantza jarduera erabat desagertu ez ezik, eremu osoak pribatizatu eta hesitu dira eta bainatzea ere debekatu egin da. Hitz gutxitan: espazio publikoaren erabileraren gainean debekuak jarri dira, eremuaz komunitatean gozatzeko aukerari trabak jarriaz.

Donostiako kaia erabilera anitzak izan dituen eremua izan da, eta hain zuzen ere, uztarketa eta osagarritasun horrek egin du berezi.

Kezkatzen gaituen eboluzio hau hizpide, EH Bilduk ostegun honetako Udalbatzaren osoko bilkurara kontrol mozio bat aurkeztuko dugu, kaiko arrapalaren erabilera eta nautikoko jaitsiera ezberdinei buruzkoa. Markel Ormazabal zinegotziak xehetasunak eman ditu astelehen honetan agerraldi batean.

Adierazi duenez, euskal kostaldeko portuetan bainatzea debekatuta egon arren, herri gehienetan, guztietan ez bada, gai izan dira alternatibak bilatu eta bainurako aukera mantentzeko. Ez da Donostiaren kasua, eta aurtengo ekainean, berriro ere, kaian bainatzeko arau berri bat ezarri da. Ez hori bakarrik, izan ere, orain ezin da itsasora sarbide nagusia den arrapalan ere egon. Eta horretarako argudiatzen den arrazoia segurtasuna da.

EH Bildutik gogorarazi nahi dugu beti egon dela elkarbizitza kaiko jarduera ezberdinen artean, kirol-jarduera, bainua eta bestelakoen artean, eta ziur gaude aurrerantzean ere posible dela hori guztia uztartu eta denon gozamena eta segurtasuna bermatzea. Erakundeek bide horretatik lan egin behar dutela uste dugu.

«Erakundeen ardura da kaiaren erabilera arautzea, hau da, segurtasuna eta, batez ere, elkarbizitza bermatzea, guztiok kaiaz gozatzeko aukera izan dezagun. EAEko Portuei eta Itsas Garraioari buruzko 2/2018 Legeak bereziki azpimarratzen du, hain zuzen, ‘portu askoren hiri-izaera’, eta jasotzen du ‘portuko jardueraren eta portuetako udalerri eta hirietako eguneroko jardueraren arteko ezinbesteko bizikidetza baketsuan’ oinarritzen dela. Azken urteotan gure hirian ezarritako neurriek, ordea, giroa gaiztotu baino ez dute egin», baieztatu du Ormazabalek.

Honen guztiaren eraginez, Donostiako kaia antzinako izaera publiko eta komunitarioa galtzen ari da. Eta beste horrenbeste gertatzen da Nautiko inguruarekin. “Haren aldamenean itsasora irteten den plataforma donostiarren leku gogokoenetako bat da egonean patxadaz egoteko”. Horrela irakurtzen da Donostia Turismoa atarian. Hala ere, ingurune horren aldizkako itxiera etengabea izan da azken urteetan, eta une honetan bertan ere itxita aurkitzen da, Eusko Jaurlaritzak konpontzeko izapideak abiatu dituela jakinarazi duen arren.

Bestalde, ingurune honetan hondartzarako beste jaitsiera bat ere itxita dago. Donostiako Erreal Klub Nautikoko eskailerez ari gara. Jakina denez, klub pribatua da eta instalazioetarako sarbidea bazkideei mugatua dago. Hala ere, solarium bezala erabiltzen den eremutik Kontxako hondartzara jaisteko pasabidea «igarobide librea» izan da orain arte sententzia judizial batek horrela babestuta, gainera; hau da, edonor igaro zitekeen, baina ez geratu. Eskailerak, ordea, puskatuta agertu dira, horiek ordez eskailera alternatibo batzuk eraikiz. Jarritako egitura berriak, ordea, ez du besteak ematen zuen zerbitzua kubritzen eta beharrak asetzen.

«Horrek guztiak gero eta espazio gehiago pribatizatzen ari diren sentsazioa areagotzen du, baita beste interes batzuei arreta gehiago eskaintzen zaiela ere, donostiarren bainuari edo erosotasunari baino», defendatu du EH Bilduren zinegotziak, erantsiz: «Donostian ematen ari den espazioen pribatizazioaren beste adibide bat da, eta agian nabarmenena, herritar askoren eguneroko ohiturei zuzenean eragiten dielako. Hau da, herritarren interesen aurretik irabazi-asmoko interes pribatuak nola lehenesten diren erakusten duen adibide argia da».

Aldi berean, gogoan izan behar da hizpide dugun eremua turistifikazio-prozesu betean dagoela, eta horrek bizilagunen bizi-kalitatean dituen ondorioak ezagunak direla. Bada, prozesu hori saihestu eta orekak berrezarri beharrean, ezartzen ari diren erabilera-debekuek arazoa sakondu besterik ez dute egiten.

Hau guztia dela eta, kontrol mozioa aurkeztuko dugu Udal Gobernuak bilatu eta sustatu ditzan «kaiak orain arte izan dituen erabilera desberdin arteko bizikidetza ahalbidetuko duten neurriak». Era berean, eskatzen diogu abiatu ditzala Erreal Klub Nautikoki igarobidea ireki eta bertatik hondartzara jaisteko eskailerak konpontzeko beharrezko izapideak.